Natalia Salazar Orbe
Laurogeiko hamarkadan sortutako kultura independenteak urteetan ernatu den estiloa eta bizimodua barreiatu ditu munduan barrena. Merkatuak ezarritako joeretatik kanpo aspaldi eratu zuten kulturaren ondorengoek erroak bota dituzte Sopelan. Kultura hori ezagutarazten laguntzen du herrian antolatzen duten jaialdiak. Surfaren inguruan jaio izanik, hondartza, natura, ingurumena eta birziklatzea ditu ardatz beste urtebetez herrian abiatu duten Sopela Kosta Festek. Seigarrena dute.
Berritasunak dakartza aurten. Besteak beste, skate proba puntuagarriak egingo dituzte. Orain arte ez dute jorratu horrelakorik. Eusko Riders 2019 Skate txapelketan lehiatuko dira bihar. “Euskadiko txapelketako zirkuituko proba bat izango da, Bowl modalitatekoa”. Hala azaldu dute udalekoek, antolatzaile lanetan baitabiltza. Domekan, berriz, Silvia Serret skater katalanak eskola magistral bat emango du, emakumeentzakoa bakarrik.
Parkour tailerra ere lehenengoz antolatu dute. “Surfa eta surfaren inguruko kultura dira gure apustua. Baina dena dago lotuta. Aurten pentsatu dugu skatea ere hor sartzen zela, eta hondartza gainean daukagun skate parkea baliatzea erabaki dugu, orain arte ez dugu egin-eta horrelakorik”. Parkourra ere estilo edo kultura horrekin bat datorrela iruditu zaie. “Herriko kultura giro horretan murgiltzen da”.
Naturarekin eta surfaren, bodyboardaren, kayak surfaren edo skatearen kulturarekin zerikusia duten ehunka jarduera izango dira jaialdian, doan, igandera bitartean. Bertaratzen direnek aukera izango dute, besteak beste, kostaldea txorien ikuspegitik behatzeko. Bihar eta etzi parapente hegaldiak egingo dituzte Barinatxa hondartzako labarren gainetik.
Haurrentzako jarduera ugari prestatu dituzte, familian zein lagun giroan egitekoak. Denetariko proposamenak dituzte, denak naturaren eta gizakiaren arteko harreman orekatuaren garrantzia barneratzeko baliagarriak. Uraza bat landatu eta etxean nola hazten den ikusteko, Ortua Etxean jarduera da horietako bat.
Esperimentu gisa planteatutakoak ere badaude, esaterako, Uraren Bideak izenekoa. Urak gizakiaren bizitzan duen garrantziaz jabetzeko tailerra da. Hor parte hartzen dutenek, banbu kanaberak baliatuta, ubide bat eraiki beharko dute, eta, tanta bat bera ere erori gabe, ura garraiatu.
Surf probak
Hala ere, surfa da jaialdiaren ardatza, eta nabarmena da. Euskal Herriko Surf Federazioarekin elkarlanean, Euskal Herriko zirkuituko hainbat proba antolatu dituzte. Maila guztietako probak izango dira. Kluben arteko lehiaketak ere egingo dituzte. Saio horiek guztiak eguraldiaren eta itsasoaren egoeraren mende egongo direla aurreratu dute antolatzaileek.
Horrez gain, kirol horretan hastapenak egin nahi dituztenentzako doako surf ikastaroak emango dituzte herriko bost surf eskolak. 11 urtetik gorako gazteek dute horietan parte hartzeko aukera.
Bestalde, Peña Txuri surf eskolak surf egokituko ikastaroak emango ditu. Behar bereziak dituzten gazteei olatuen indarra euren gorputzean sentitzeko aukera emango diete horrela.
Jaialdi handien zein txikien aurkezpen marka bilakatu da aspaldion natura eta musika uztartzea. Sopelan ere bide hori jorratu dute. “Jaialdiaren leloa horixe da: Sopela Kosta Fest, surfa, natura eta musika”. Osagai horiei pizgarria emateko, gonbidatuak aurkeztu dituzte. Musikari dagokionez, Hesian eta El Canijo de Jerez aurkeztu dituzte talde nagusi gisa. Udaletxeko plazako oholtza nagusian ariko dira, gaur eta bihar, beste zortzi kantari eta talderekin batera.
Denetariko estiloko doinuak aukeratu dituzte gustu anitzetako ikus-entzuleengana iristeko asmoz. Hesian talde nafarrak Hasiera bere azken diskoko abestiak kantatuko ditu zuzenean, gaur. Harekin batera, oholtzara igoko dira talde hasiberriak, Bizkaiko musikarien ordezkariak zein estatuko artistak. “Aniztasuna islatuko dugu”. Aniztasuna estiloari dagokionez, denetariko publikoaren zaletasunei erantzun ahal izateko. “Tachenko eta Cooper, esaterako, publiko nagusiago batentzakoak dira”.
Aniztasun horren barruan, genero ikuspegia ere ez dute ahaztu nahi. “Kontzertuetarako beti saiatzen gara emakumeak ere presente egon daitezen oholtza gainean, lider rolean”.
Ekitaldi jasangarria
Jaialdiak bat egin du Ihobek sustatzen duen Erronka Garbia egitasmoarekin. Eusko Jaurlaritzak ingurumena kudeatzeko darabilen elkarte publikoaren proiektu horren helburua da era horretako ekitaldiek ingurugiroan sor litzakeen eragin negatiboak murriztea. Antolatzaileek finkatu dituzten helburuen artean, plastikoaren erabilera murriztearen garrantzia nabarmendu dute. Horretarako, berrerabil daitezkeen edalontziak edo biodegradagarriak banatuko dituzte. “Helburua da antzematea ingurumenaren alde zeintzuk neurri hartzen diren, eta zeintzuk ez. Horiek identifikatuta, urtero hobetzen joan nahi dugu, jaialdia jasangarri bihurtzeko eta ingurumenarekiko errespetua bermatzeko”. Eguraldia lagun izatea eskatzen dute eurek, jarduera guztiak pentsatu bezala gauzatu eta horiez gozatu ahal izateko.