Lander Unzueta Lekerikabeaskoa
Bermeotarrentzat Izaro irla herriko altxorra da: herriko mugak markatzen ditu, eta, aldi berean, bermeotarren artean zabaldutako dozenaka istorio eta kondairaren iturri da. Baina ez hori bakarrik. Bermeoko eta Urdaibaiko kostaldeko ikur hori, gizakien altxorra bakarrik izan beharrean, migrazio luzeak egiten dituzten hainbat hegazti espezieren oasia ere bada. Hain zuzen ere, Europan umatu eta negua Afrika tropikalean igarotzen duten hegazti transahararrek Kantauri itsasoa zeharkatu ostean begibistan edukitzen duten lehorreko lehen gunea da. Hori dela eta, azken bi urteetan Izaro irla ornitologia ikerketa berezi baten epizentro bilakatu da.
Aranzadi zientzia elkartearen ornitologia saileko eta Urdaibai Bird Center zentroko adituek, Izarok hegazti horientzat izan ahal dituen berezitasunak kontuan hartuta, uharteak hegazti migratzaileentzat duen geltoki funtzioa aztertu eta ikertzeko proiektua abian jarri zuten 2017an Bizkaiko Diputazioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Bermeoko Udalaren eta Ajangizko Maier kooperatibaren laguntzarekin. Proiektuak 1988an Italian egindako Piccole Isole izeneko ekimena hartu du abiapuntu bezala. Italiako Fauna Basatiaren Institutuak aurrera eramandako ekimenak hegazti migratzaileen bidaia luzeetan irlek daukaten garrantzia ikertu eta agerian jartzea zuen helburutzat.
Luis Betanzos Aranzadi zientzia elkarteko Ornitologia saileko kidea da Izaron egindako ikerketen arduradunetako bat. Betanzosen esanetan, bere kide batek Izarok hegazti migratzaileentzat duen garrantzia azpimarratu ostean hasi zen sortzen proiektua. 2011. urtean izan zen, eta Menorcako (Herrialde Katalanak) eraztuntzaile bat izan zen ideia proposatu ziona. 2017an, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimenak lortu ondoren, Betanzosek eta ikertzaile talde batek lau egun eman zituen uhartean laginketa saio bat egiteko.
Aranzadiko adituak azaldu duenez, hegaztiek geldialdia egiten dute ikusten duten lehen lur zatian. Kostaldea Izarotik oso gertu dagoen arren, ohituraz irlan geratzen dira, eta horrek eraztuntze lanak egiteko eremu aproposa bilakatzen du. 2017ko egun horietan zehar 170 txori inguru harrapatu zituen ikertzaile taldeak, tokikoak zein migratzaileak. Emaitza onak ikusita, hurrengo urterako ikerketa proiektu handiagoa antolatzeari ekin zioten, eta horrela jaio zen gaur egun martxan dagoen ikerketa egitasmoa.
Ordutik hona, birritan izan dira ikertzailez eta eraztuntzailez osatutako taldeak Izaron lanean. Azken eraztuntze kanpaina oraintsu bukatu dute: abuztuaren 4tik irailaren 4ra arte hogei boluntarioren lantokia eta bizilekua izan da Izaro uhartea.
Eraztuntze kanpaina
Lau pertsonatako txandatan banatuta, boluntarioek egunak igaro izaten dituzte uhartean bizitzen. Proiektuak Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako zein Extremadura, Madril, Andaluzia (Espainia) eta Menorcako (Herrialde Katalanak) boluntarioak batu ditu.
Izarora iristea ez da lan erraza; ez dago ontziratzeko lekurik, eta han bizitzeko ezinbestekoak ziren hornigaiak eraman beharra izan zuen boluntario taldeak. Betiere itsasoaren egoerak baldintzatuta, Bermeoko Gurutze Gorriaren laguntzagaz egiten zituzten bidaiak boluntarioek. Bertan igaro beharreko egun finkorik gabe, kanpadendetan bizi izan dira eraztuntzaileak, kostaldea begi bistan baina bertara iristeko modurik gabe.
Kanpainak iraun zuen hilabetean, hegazti migratzaileak harrapatu eta horiei eraztunak jartzeari ekin zioten. Eraztunak jartzeko protokoloa “normalean esfortzu iraunkorreko estazioetan erabiltzen dena” izan dela adierazi dute proiektuaren arduradunek. Horrela, uhartean zehar hamasei milimetroko argitasuneko hainbat laino sare ezarri zituzten.
Sare horiek egunsentitik iluntzera arte zabalik uzten zituzten. Denbora tarte horren barruan, eraztuntzaileek orduero kontrolatzen zituzten sareak hegaztirik harrapatu ote zuten ikusteko. Betanzosek azaldu duenez, proiektuaren helburu nagusietako bat hegaztiak era egoki batean zaintzea izan da. Hori horrela, haize arinak edota beroak zeuden egunetan, ordu erdiko maiztasunagaz kontrolatzen zituzten sareak; egun euritsuetan edota haize zakarra zeudenetan, berriz, sareak itxita mantentzen zituzten, hegaztien segurtasunerako.
Hegaztiak harrapatuta, horientzat bereziki prestatutako kolektoreetan sartzen zituzten. Bertan zeudelarik, eraztundu eta txoriaren inguruko datu zehatzak hartzen zituzten: adina, sexua, tamaina, pisua, hegalen luzera edota lumen koipea izan dira kontuan hartu beharrekoak.
Aurten egindako kanpainan, denera hogei espezietako 1.162 hegazti eraztundu dituzte. Gehienak —990, hain zuzen ere— txio horiak izan dira. Besteak beste, argi oilarrak eta kaio hankahoriak ere eraztundu dituztela nabarmendu dute.
Betanzos pozik agertu da kanpainan eraztundutako hegaztiekin. Azaldu duenez, hegazti migratzaileek egiten duten ibilbidea eta euren portaera hobeto ezagutzeko balioko du ikerketak. “Nondik datorren eta nora doan jakin dezakegu mota honetako kanpainen bidez”. Izarori hegaztien gasolindegi ezizena ipini dio: “Halako leku bati garrantzia ematen badiogu, eta babesten badugu, euren mesederako izango da”.
Datorren urtera begira, kanpainarekin jarraitzeko gogotsu agertu da Betanzos. “Bi urte daramatzagu lanean, eta lortutakoa ikusteak datozen urteetan ere jarraitzeko indarra ematen digu”. Izaron lanean aritu direnen esperientzia “positiboa” nabarmendu du Aranzadiko kideak; izan ere, parte hartu dutenetako asko eta asko berriz errepikatzeko prest agertu dira.