Natalia Salazar Orbe
LGTBI kolektiboaren eskubideei buruzko nazioarteko eztabaidaren agertoki bihurtuko da Bilbo datozen orduetan. Atzo I. Konferentzia Atlantikoa egin zuten Euskalduna jauregian. Gaurtik etzi artean, berriz, European Pride Organisers Association EPOAren batzarra egingo dute. Topaketak iritzi kontrajarriak sortu ditu LGTBI kolektiboaren barruan. Era horretako jardueren onurez mintzatu da Ortzadar elkartea. Harro Euskal Herrietako Transmaribibollo plataformak, berriz, topaketa horrek eta antzekoek kolektiboari eman nahi dioten “joera kapitalista” gaitzetsi du. Eta manifestaziora deitu dute biharko, Harro ez da Europride. Gure izenean ez! lelopean. 110 eragileren baino gehiagoren babesa lortu dute.
Ortzadar elkarteak bileraren anfitrioi lanak egingo ditu. Aratz Castro Ortzadarreko arduraduna da, eta EPOAren batzarra Bilbon egitea onuragarria dela uste du: “Gure lurraldea eta gure herrian dauden balioak ikusarazteko aukera bat da”. Proiektu horretan erakunde publikoekin elkarlanean aritu ahal izateagatik “harro” dago, gainera.
Iragarri dute jardunaldiek LGTBI kolektiboaren eskubideak eta lan esparrua izango dituztela ardatz. “Hainbat herritan areagotu diren estremismoak kontuan hartuko dira eztabaidetan”. Horrez gain, 2022rako Europride jaialdiaren egoitza zein izango den ere aukeratuko dute. 2023ra begira, jaialdi horretarako Bilbo aurkeztuko duten aztertzen ari dira oraindik. “Gaur-gaurkoz ez dugu erabakirik hartu. Hala ere, era horretako ekitaldi bat gurean ospatzea positiboa izango litzateke, noski”.
Onurak besterik ikusten ez dituen elkarte horren aldean, Harro plataformak gogora ekarri du eskuratu dituzten eskubideak lortzeko orain arte ibili behar izan duten bidea oztopoz betetakoa izan dela. Ibilbide horren ostean, ez dute nahi euren mugimendua “dinamika kapitalistei” lotzerik. LGTBI kolektiboa merkantilizatzea leporatu die-eta plataformak era horretako egitasmoei. “Badago gure borrokan merkatu-hobirik ikusi duenik, gay hotelak eraikiz, LGTBI kolektiboarentzat ekitaldiak antolatuz edota, bide batez, hausnarketa espazioetan LGTBI polizia sartzen saiatuz, esaterako”.
Harro plataformak zalantzan jarri du EPOAren batzarraren helburua: “Egun hauetan, gayfriendly hiriak, balantze ekonomikoak, enpresa ikuspegiak, turismoa eta antzeko gaiak hizpide hartuko dituen bilera baten agertoki izango da Euskal Herria. Eskubideen eta garapenaren inguruan hitz egingo dutela esango dute, ordea”. Garapen hori norena izango den eta zeinen lepotik lortuko duten galdetu diete antolatzaileei. Bea Macias Harro plataformako kideak BERRIA egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean zehaztu du era horretako jarduerek “eguneroko beharrak eta eskaerak alboratzea” dakarrela. “Gure mugimendua despolitizatu nahi dute, gure borroka negozio bihurtzeko eta etekin ekonomikoak ateratzeko”.
EPOAk ordezkatzen duen ereduaren aurkako analisiarekin bat egin dute 110 eragilek baino gehiagok, eta atxikimendua eman diote manifestazioari. Zerrenda luze horretan hainbat eragileren izenak jaso dituzte: LGTBI taldeak (besteak beste, Bizkaiko E28 koordinakundea, EHGAM, Lumagorri eta Medeak), sindikatuak (ELA, LAB, CCOO, ESK, Steilas, CNT, Hiru eta Etxalde), alderdi politikoak (EH Bildu, Elkarrekin Podemos, Alternatiba eta Ezker Anitza), okupazio mugimenduko hainbat talde, talde internazionalistak, talde feministak, eragile gazteak (besteak beste, Eragin Bilbo, Alternatiba gazteak, Ernai, Gazte Komunistak edota Ikasle Ekintza) eta bestelako eragileak (SOS Arrazakeria, Ailaket, Euskal Herrian Euskaraz, Ekologistak Martxan edo Joxemi Zumalabe fundazioa).
Horrez gain, metalgintzaren arloko sindikatuekin adostutako elkarlanaren berri ere eman du Harrok. Biharko borroka eguna antolatu dute metalgintzako langileek, eta Harroko kideek ere parte hartuko dute. Arratsaldean, berriz, metalgintzako langileek emango diete babesa eurei, eta manifestazioan parte hartuko dute. 17:30ean abiatuko da martxa, Arriaga aurretik.
Kritika kritikei
Ortzadar elkarteak EPOAren batzarra babestu du. Aratz Castrok era horretako topaketak Bilbon egitearen garrantzia azpimarratu du: “Agian hemen beste era batera sumatzen dugu, eta Harro ekitaldia [Bilbao Bizkaia Harro] festa gisa hartuko da. Beste herrialde batzuetan ez da erraza erakundeen babesa izatea kalera atera eta era honetako ekitaldiak antolatzeko”. Hala mintzatu da egitasmoak jasotako krikitak direla eta: “Pena ematen dit elkarte baten batzarra kritikatzen korapilatzeak, elkarrekin lanean jardun ordez, esaterako, estremismoek sustatzen duten diskurtsoaren aurka egiteko. Diskurtso horrek kolektibo osoarengan baitu eragina”. Adierazi du inork ez diela ezarriko zeintzuk diren landu behar dituzten jarduerak. “Gu ere LGTBI elkarte bat baikara, eta gure lan ildoaren arabera egingo dugu lan”.
Turismo Sailetik 70.000 euro
RBizkaiko Foru Aldundiak 70.000 euroko diru laguntza eman dio Ortzadar elkarteari EPOA elkartearen batzarra antolatzeko. Diru hori Turismoa eta Bizkaiaren Sustapenerako Sailetik eman duela salatu du EH Bilduk. «Emandako diru laguntza nondik atera den ikusita, argi dago zer helburu duen Bizkaiko Aldundiak helekimen horiekin: LGTBI kolektiboaren eskubideak defendatu beharrean, haien aldarrikapenak helburu merkantilista batekin erabiltzen dituzte». Koalizioak adierazi du Gizarte Ekintza Sailak defendatu beharko lituzkeela LGTBI kolektiboaren interesak.