Ibai Maruri Bilbao
Helburu bi ditu Bilbo Uria Pop-Rock Lehiaketak. Batetik, gazteek osatutako musika talde hasiberriei bultzada bat ematea, euren ibilbidea hasten ari diren garaian. Bestetik, musikazaleei Euskal Herriko eta kanpoko talde berrien lehen pausoak eta haiek sortu dutena ezagutzeko aukera ematea. Asmo horrekin abiatu zen, atzo iluntzean, lehiaketaren 31. ekitaldia, Bilborock aretoan. Urriaren 4ra arte, 32 talde euren eskaintza berritzailea ezagutarazten ibiliko dira. Kontzertuak eguen eta barikuetan izango dira, 20:00etan. Sarrera doakoa da, aretoa bete arte.
Funtsean, hiru lehiaketa dira bakar baten barruan: pop-rock musika egiten dutenena, metal doinuak sortzen ibiltzen direnena eta urban estilokoa —elektronikoa, rap eta trap musika—. Finalak urriaren 17, 18 eta 19an izango dira; modalitate bakoitzak berea izango du. Lehiaketan 32 taldek parte hartuko duten arren, 344 izan dira izena eman dutenak: 256 pop-rock sailean; 41 metalekoan; eta 47 urban modalitatean. Aurreko urteetan baino hautagai gutxiago izan dituzte; dena den, beherakada “apala” izan dela ohartarazi dute. Hautatutako taldeen %28 Euskal Herrikoak dira, batez ere Bizkaikoak eta Arabakoak. Kanpotik etorritakoak, Espainiakoak, Herrialde Katalanetakoak eta Portugagoak dira, azken urteetan bezala.
Bilboko Udaleko Gazteria Saileko teknikaria da Miguel Diaz, eta lehiaketaren antolakuntzan ibiltzen da urtero. Jaialdi ezaguna dela esan du, “aitzindaria” eta “erreferentea”. Arrakastaren gakoa zein den azaldu du: “Azken urteetan, musika mundua asko aldatu da. Orain talde berriek badituzte beste bide batzuk euren musika ezagutarazteko; sare sozialak eta plataforma berriak. Baina, hala eta guztiz ere, badakite zuzeneko kontzertuak ezinbestekoak direla publikoarekin bertatik bertarako harremana izateko; badakite ezin dutela aukera hori baztertu”.
Lehiaketako sari nagusiak ekonomikoak dira, eta horrek laguntzen die aurrera egiten. 4.000 euro jasotzen ditu hiru finaletako bakoitza irabazi duten taldeek. Beste 1.000 euro Bizkaiko talde edo bakarlari onenak; horrez gainera, 2020an Bilborocken kontzertu bat eskaini ahal izango du. Beste batek Aste Nagusian joko du. Eta hirugarren talde batek Bilborockeko entsegu lokalak 100 orduz erabiltzeko aukera izango du. Euskal Herriko taldeetan nabarmenena dela uste izan dutenak Azkena rock jaialdian hartuko du parte datorren urteko ekainean. “Mundu mailako talderik entzutetsuenekin batera jo ahal izatea, kartelean agertzea, sekulako promozioa da talde hasiberri batentzat, nahiz eta gero euren kontzertuan ez den sekulako jendetzarik batuko”. Beste urte batzuetan Azkenan jotzeko aukera izan duten taldeekin hitz egin du Diezek, eta esan diote “sekula ahaztuko ez duten esperientzia bat” izan dela eurentzat.
Aurtengo parte hartzaileen ezaugarri nagusia “aniztasuna” da. “Hiru modalitateetako bakoitzean sailkatu diren taldeen artean joera ezberdinak daude, eta urtetik urtera gehiago nabaritzen dugu. Oraingoan, esaterako, pop-rock sailekoen barruan badaude indie musika egiten dutenak; horrez gain, hard rock, post rock, cumbia rock egiten duen etxeko talde bat…”.
Oraindik emakume gutxi
Azken urteetan nabaritu duten beste aldaketa parte hartzaileen adinean izan da. Parte hartzeko baldintzetako bat da: taldeetako kideek 18 eta 35 urte artean izan behar dituzte. Diezen esanetan, azken urteetan batez besteko adinak gora egin du: aurten, 28 urteren bueltan dago. “Talde gazteak dira, baina gero eta helduagoak dira parte hartzaileak. Horrek esan nahi du badutela nolabaiteko ibilbidetxo bat musika munduan, nahiz eta oraindik hasiberriak izan. Eta, era berean, musika estiloetan ere badu eragina, lehenagoko joerak berreskuratzen hasi direlako, edo musika arloko azken berritasunen aldeko hautua egiten dutelako”. Talde bakoitzak berak sortutako hiru kanta jo beharko ditu kontzertuan; abesti horiek dagoeneko ezagutzen ditu epaimahaiak, azken 32 lehiakideak hautatzeko erabakia horiek entzundakoan hartu baitu.
Heldutasunaz gain, beste aldaketa bat ere nabaritu du lehiakideen artean: gero eta gehiago dira andrazko kideren bat dutenak. Dena den, oraindik ere kopuruak oso urriak dira. Lehiaketarako hautatu dituzten 32 taldeetatik 9tan dago andreren bat. Eta, horietako batean, Bartzelonako Pinpilinpussies taldean, kide biak andrazkoak dira. “Zertxobait igo da, baina bide luzea izango da oreka lortzea”, aitortu du. Joan den astean, hilaren 5ean, mahai inguru bat egin zuten lehiaketaren harira. Musikariak, ekoizleak eta musika industriako jendea elkartu zuten, emakumeen presentziaz eztabaidatzeko. Diezek nabarmendu du egon badaudela andre musikariak, “uste baino gehiago”, baina oraindik ere gizonezkoen aldean “oso gutxi” direla. “Musika formazioa jaso duten andreak asko dira, baina gero gutxik ematen dute musika banda bat sortzeko pausoa. Hurrengo urteetarako erronka hori bultzatzea izan beharko da”.
Bilboko lehiaketa horrek ikusle fidelak ditu. Urtero jende kopuru bertsua joaten da Bilborocken egiten diren kontzertuetara. Aitortu dute 18 eta 25 urte arteko gazte gehiago erakartzea gustatuko litzaiekeela. “Badakigu ez dela erraza, beste jaialdi eta lehiaketa batzuk antolatzen dituztenek ere zailtasun bera agertu dutelako. Horretan egin beharko dugu lan”. Aretoan 325 lagun pasatxorentzako lekua dago. Joaterik ez duenak etxetik ikusi ahal izango ditu hiru finalak. Izan ere, bilbaogazte.bilbao.eus atarian eskainiko ditu Bilboko Udalak.