Aitziber Laskibar Lizarribar
Arriaga antzokiak ateak lehen aldiz ireki zituenetik 130 urte beteko dira aurki. 1890eko maiatzaren 31n, La Gioconda operaren doinuek eman zioten hasiera Bilboko ikur bihurtu zen antzokiaren ibilbide luzeari. Eta 130 urte geroago, 2020ko maiatzaren 31n, lan bera interpretatuta hasiko dute urteurreneko ekitaldi nagusia. Oraingoan, Joaquin Atxukarrok eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) interpretatuko dute La Gioconda lanaren obertura, emozioetan sakondu eta denboraren iragana sentiarazteko helburuarekin. Hori izango da abuztuaren erdialdean hasi eta datorren urteko ekaina arte luzatuko den denboraldiko altxorretako bat. Baina ez bakarra, programazio “oso aberatsa” agindu baitute antolatzaileek; gustu guztietako ikus-entzuleei zuzendutakoa. Proposamen sortzaileak iragarri dituzte, bertako talentuaren aldeko apustua, eta nazioarteko lan bikainak.
Ludwig van Beethovenek leku berezia izango du aste eta erdi barru hasiko den denboraldian zehar. Arriagaren urtemuga ospatzeko ekitaldi nagusian, konpositoreari eginiko keinuak izango dira, baina ez saio horretan bakarrik. Izan ere, Beethoven jaio zela 250 urte betetzen direla ere ospatu nahi du Arriagak. Hartara, antzokiaren urteurrena musikari handiaren jaiotzarenarekin uztartuko du.
Konpositorea du oinarri, adibidez, Arriagak datorren denboraldirako prestatu duen ekoizpen nagusietako batek. “Ekitaldi berezia” noiz eta nola izango den ez du zehaztu oraindik antzokiak, baina pare bat datu eman ditu lanaren bikaintasuna ikusarazi nahian: Calixto Bieito Arriagako zuzendari artistikoak berak zuzenduko du Beethovenen lan nagusietako bat den Missa Solemnis. Ekainean izango da antzokiaren ekoizpen lan berria, oraindik zehaztu gabe dagoen egunean. Beethoveni eta Vienako konpositore eskolari eskainitako ziklo bat ere izango da datorren denboraldian, zeinak hiru errezital izango dituen.
Ekoizpen propioa
Ekaineko ekitaldi handian erakutsiko denaz gain, beste hainbat ekoizpen sortuko ditu Arriagak datorren denboraldirako. Ama kuraia da ekoizpen lan nagusietako bat; Bertolt Brecht-en Ama kuraia eta bere seme-alabak lanari Buero Vallejok eginiko bertsioa du oinarri, eta Maria Goirizelaia euskal zuzendari gazteak moldatu eta zuzenduko du. Lau emanaldi euskaraz izango dira, eta bost gaztelaniaz, martxoan.
Goirizelaiaren beste lan bat ere izango da datorren urteko otsailean: Antzerkigintza berriak egitasmoan aukeratua izan zen El patio de mi casa lana. Gazteleraz eskainiko dute egun batean, eta Patxo Telleriak euskarara egokitu duen Harri orri ar, beste batean.
Brecht se encuentra con Weill da Arriagaren zigilua daraman beste ekoizpen handi bat; Bertolt Brecht eta Kurt Weillen gazte garaiko bi maisulan: La boda de los burgueses kaosean amaitzen den komedia zentzugabea, batetik, eta bestetik, Mahagonny-Ein Songspiel, jazz ukitua duen musikala. Euskal antzezleek emango diote bizia ikuskizunari, Andrea Moses alemaniarraren zuzendaritzapean. Ekoizpen lan berria “laburra eta zehatza” dela diote Arriagako buruek; “azkarra eta sinesgarria, groteskoa eta dibertigarria, surrealista eta sentimentala”. Brecht eta Weillen bi piezekin osatutako ikuskizunean erridikuluan jartzen da norberaren zorion txikiaren bilaketa, gizakiak bata bestea suntsitzen ari diren ingurunearen erdian.
Master class batean sortutako proiektua ere lantzen ari da antzokia; apirilean 21 lágrimas kontzertua eginda amaituko den proiektua. Orlando di Lassoren Lagrime di San Pietro lana interpretatuko da ekitaldian, Carlos Mena kontratenorra buru dela.
Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin lankidetzan onduko dituen lanen artean, aipagarriak dira zinearekin lotutako bi kontzertu. Hollywoodeko filmen soinu banden orkestra kontzertu bat izango da lehenengoa; filmen irudiak izango dituena, eta Jordi Brau eta Luis Posada bikoizketa antzezleen partaidetza izango duena. “Euren ahotsekin Hollywoodeko antzezleak besaulki patiora ekarriko dituzte”, diote antolatzaileak. Esperientzia berezia sortuko du bigarren ekitaldiak ere: BOSek Alfred Hitchcocken Vértigo lanaren musika zuzenean interpretatuko du, filmaren proiekzioarekin sinkronizatuta.
Euskal ekoizpenak
Arriaga “euskal kulturaren erdigune” bihurtu nahi dutela eta, Euskal Herrian egindako hainbat lanen estreinaldiak jasoko ditu denboraldi berrian. Tartean konpainiak, adibidez, Simplicissimus Kabaret estreinatuko du azaroan. Patxo Telleriak idatzitako kabaret musikala da, jazarpena jasaten duten komikoei umoretik omen egitea bilatzen duena. Erabateko estreinaldiak izango dira, baita ere, Tanttakaren Utzi mezua seinalearen ondoren eta Pabellon 6ren Sabias ellas. Baita ere Urretxuko bardoaren abestiz osatutako Iparragirre, bihotzeko Jose Mari antzerkia.
Jokin Oregiren eta Marie de Jongh konpainiaren Ikimilikiliklik estreinaldiak berrikuntza dakar: keinuetara mugatzen ez den ikuskizuna aurkeztuko du lehen aldiz, hitza eta ahotsa erabilita. Khea Ziater konpainiaren eta Alex Gerediaga zuzendariaren Oymyakon: habitación 101 azken sorkuntza lanak ere berrikuntzak ekarriko ditu, betiere antzerkiko eta zineko kodeak lotzen dituen estiloari leial izanda. Mitxel Santamarinak, berriz, “autofikzio” ikuskizuna eskainiko du formatu txikian, bakarrizketen eta abestien artean: Gordo, basko y maricón.
Programatutako berrogei antzezlanen artean, badira estreinaldiak ez diren euskal egileen proposamen gehiago ere. Artedrama, Axut eta Dejaburen artean ekoitzitako Zaldi urdina eta Borja Ortiz de Gondraren Los otros Gondra (Relato vasco), adibidez.
Dantzak ere leku handia izango du programazioan. Hiru izango dira Euskal Herrikoak: Eva Guerrero sortzailearen Gorpuztu, Kukai Dantza taldearen Gauekoak, eta Krego-Martin Danzaren Zona (no) confort.