Auzolanak sortutakoa huste arriskuan

Auzolanak sortutakoa huste arriskuan

Natalia Salazar Orbe

Hutsik egon diren etxeekin hazi gara. Umetan horietara sartzen ginen jolastera. Pixkanaka konturatzen zara etxe huts horien atzean espekulazioa dagoela, eta gure herrian bizitzeko eskubidearekin gutxi batzuek dirutza egiten dutela”. Ander Laraudogoitiaren hitzak dira. Gorlizko Kinpulene kalean okupatu duten etxebizitzan bizi da, beste zazpi lagunekin batera. Horietako biren aurkako epaiketa egin dute, eta usurpatzeagatik zigortu dituzte. Etxea husteko agindu diete, beste hainbat kasutan bezala.

Izan ere, okupazio mugimendua loraldian dagoen bezala, jarduera horren aurkako jardunbideak ere indarra hartu du. Bizkaian bertan hainbat kasu daude: Gernika-Lumon iazko martxoan okupatu zuten eraikina husteko arriskuan dago. Hiru kideri isunak jarri zizkieten, usurpatzea eta kalteak leporatuta. Orain, berriz, Eztena izeneko proiektu osoaren aurkako epaiketa izan dute. Epaiaren zain daude. Zeberion ere duela hilabete okupatu zuten Urkiaga Txikerra baserria, eta gazte asanbladako bi kidek epaitegian deklaratu beharko dute hileon. Baserriaren ugazabarekin negoziatzeko asmotan daude han.

Gorlizen, Uribe Kostan dagoen etxebizitza arazoari irtenbidea emateko asmoz okupatu zuten Kinpulene kaleko 47. zenbakiko etxea. 620 etxebizitza baino gehiago “hutsik” daude herrian, eta %38,4 bigarren etxebizitzak dira. Gazteek etxebizitza eskuratzeko dituzten “arazo handiak” ikusita, hogei urtean hutsik egon den hiru solairuko etxea okupatu zuten, Laraudogoitiaren arabera, “gure emantzipazioa borrokatzeaz gain, etxebizitzaren inguruko eztabaida pizteko asmoz”.

Konponketak egiteaz gain, ortua lantzen ere ari dira. Eta helburu argia daukate: “Etxebizitza proiektu komunitario bat egitea da asmoa, egoera geroz eta larriagoa delako. Lehen, hipotekarekin arazoak zeuden; orain, alokairuarekin daude”.

Prozesua ez da erraza izaten ari. Ekainean jabearen seme bat agertu zitzaien. “Alde egin ezean, kuadrillarekin etorriko zela mehatxatu gintuen”. Mehatxua bete eta bi anaiarekin, lau udaltzainekin, sarrailagile batekin eta langile batzuekin batera itzuli zela kontatu dute. “Etxeko patiora salto egin zuten. Oihuka, irainka eta atea bortizki joaz, erakutsi ez ziguten epailearen agindua zekartela esan ziguten”. Etxetik indarrez aterarazten saiatu zirela salatu dute, “bultzatuz, tiraka, umiliatuz, irainduz eta mehatxatuz”. Kalera atera zituzten Kinpuleneko etxeko bi lagunek Urdulizko ospitalera joan behar izan zuten, “zauri arinak egin zizkietelako”.

Azkenean, Ertzaintzak aginduta alde egin zuten anaiek. Gazteek salatu dutenez, eurek deitu behar izan zieten ertzainei, “udaltzainek dagokien lana ez zutelako bete, eta jarrera erasokorren aurka ezer egiten ez zutelako. Aitzitik, jarrera mafiosoak zilegitzen zituzten”.

Gernikan, Eztena

Gazteen beharrei erantzuna emateko ez ezik, langile klasearen arazoei aurre egiteko ere sortu zuen Eztena proiektua gazte mugimenduak Gernika-Lumon. Iaz, hamar etxebizitzaz osatutako eraikin bat okupatu zuten herrigunean; 23 urte zeramatzan hutsik. Urrian, Bilbora iritsi ziren etorkinetako batzuk hartzeko egokitu zuten proiektua azkenean. Hamar lagun bizi dira egun han.

Gorlizko kasuaren antzera, eraikina okupatu eta hilabetera “ertzainak, eraikinaren jabeak eta haien abokatuak sartu ziren epailearen agindurik gabe, eta etxeetako sei itxi egin zituzten. Hori izan zen proiektuaren garapena baldintzatu zuen lehen kolpea”. Hala ekarri du gogora Ane Ramosek. Gazte mugimenduko kidea da bera.

Hala sartu izanagatik salaketa jarri zuten. “Arriskutsua iruditu zitzaigun. Hasten badira agindurik gabe sartzen eta mota horretako kaleratzeak normalizatzen, aurrekaria ezarriko dute, eta hurrengoan ere sartu ahalko dira”.

Uztailean, berriz, “lunpen proletarioaren ezaugarriak zituzten” bost lagun saiatu ziren eraikinean sartzen. “Hau da, ez daukatenak komunitatearekiko atxikimendurik, beren buruagatik bakarrik begiratzen duten pertsonak”. Atentzio eman zien giltzekin sartu izanak. “Atez ate aritu ziren giltzak probatzen”, eta “onean edo txarrean sartuko zirela mehatxu egin ziguten”. Azkenean alde egin zuten.

Ramos okupazioaren helburuaz mintzatu da: “Erabili gabe dauden eraikinak, ortuak, lantegiak gureganatu, birjabetu eta gure zerbitzura jartzea da asmoa”. Autodefentsa antolatu behar dela deritzo. Laraudogoitiaren ustez, “okupazioen ehuneko handi bat kaleratzeetan bukatzen da, sistema judizialak merkatua babesten duelako eta, gure kasuan bezala, Poliziak ez duelako inongo arazorik izan legez kontra etxera sartzeko jabeen jarrerak babestearren. Horrek ez gaitu mugatu behar. Okupazioa normalizatu behar da, eta etxe hutsak egotea desnormalizatu”. Eraikuntza politikak garatzen duen “ekonomia espekulatiboa” salatuta, okupazioak, “tresna politiko gisa, egoera hori azaleratu eta iraultzeko” balio duela deritzo.