Peru Azpillaga Diez
Askotarikoak dira udan Kantauri itsasoan barrena ibiltzen diren itsasontziak. Luzeak eta zabalak, motzak eta estuak; badira makineriaz beteta arrainen atzetik ibiltzen direnak, baita turistaz lepo kostaldeko mugarri turistikoen bila dabiltzanak ere. Badira, era berean, ozeanoa zeharkatuta iritsi direnak, erraldoiak, bidaiariz edota merkantziaz lepo, edota zarata atera gabe, haizearen edo arraunen indarrari esker, kostaldetik gertu ibiltzen direnak.
Askotako itsasontziak daude, baina azken horietakoa da Ekologistak Martxan elkartearen Diosa Maat belaontzia. Urtero-urtero, elkarte ekologista horren mezu eta aldarriak lau haizeetara zabaltzen ditu itsasoetan zehar, eta, aurten, beste hainbat toki bisitatu ostean, Euskal Herriko kostaldera etorri da, arrantza eta turismo jasangarriaren aldeko mezua banderatzat hartuta.
Hain zuzen ere, Getxon eta Ondarroan egon ostean, Donostiako portura helduko da gaur Diosa Maat belaontzia. Ostera, Pasaiaraino hurbilduko da; ondoren, itzulerako bidaiari ekingo dio berriz, eta, besteak beste, Zumaian eta Bermeon geldituko da. Itsasontziak egiten dituen geldialdi gehienetan, gainera, hura bisitatzeko aukera egon ohi da. Bertan, belaontziaren historia, Ekologistak Martxan elkarteak orain arte egindako kanpainen azalpena eta hainbat gairen inguruko informazioa jasotzeko aukera dago, hala nola Europan abiatu duten itsasoaren aldeko sinadura bilketa, edota gelidium algaren inguruko proiektua. Horretaz gain, haurrentzako jolasak ere egoten dira belaontzian.
Iragan iluneko itsasontzia
Egun haren jarduna kontzientziak astintzera mugatzen bada ere, Diosa Maat belaontziak iragan iluna du. “Hamabost bat urte edo izango dira belaontzia Ekologistak Martxan-en esku dagoela; lehen, ordea, narkotrafikorako erabiltzen zuten”, azaldu du Eneko Aierbe elkarteko kideak. Cadizko kide batzuek jakin zuten bidea zegoela Espainiako Auzitegi Nazionalak konfiskatutako ontziak irabazi asmorik gabeko elkarteei uzteko, eta Diosa Maat egitasmoa jarri zuten martxan, itsasoaren egoeraren inguruko kontzientzia pizteko helburuarekin.
Denborarekin, itsasontzia erostea lortu dute, eta, gaur egun, kanpaina eta dinamika bereziak bultzatzen dituzte urtero. “Normalean, Mediterraneo aldean edota Espainiako hegoaldean ibili ohi da, baina iaz, Kantauri itsasoraino igotzea erabaki zen, eta aurtengo kanpaina bertan egiten ari gara”, erantsi du Aierbek. Santandertik (Espainia) atera zen itsasontzia, ekainaren 15ean, eta hara itzuliko da, hilabete geroago, besteak beste Galizia eta Euskal Herriko kostaldeak bisitatu ostean. Kanpaina guztian, sei pertsona joango dira belaontzian: kapitaina, kanpaina arduraduna eta lau boluntario. “Kanpaina hasi baino lehen irekitzen dugu boluntario gisa izena emateko epea. Astero, lau boluntario horiek aldatu egiten dira, eta beste lau berri sartzen. Ostiralero egiten da aldaketa, eta aste horretan egin beharrekoaz arduratzen dira”.
Arrantza eta turismoa
“Arrantza eta turismo jasangarria dira aurtengo kanpainaren ardatzak”, nabarmendu du Aierbek. Arrantzari lotuz, bat egin dute Europa mailan zabaldu den manifestu batekin, eta horren alde sinadurak biltzen arituko dira uda osoan: “Gure itsasoaren aldeko manifestu bat da, eta Europak bere buruari 2020rako ezarritako baldintzak betetzea eskatzen du”. Izan ere, Aierbek argudiatu duenez, Europako Parlamentuak bi legedi adostu zituen; arrantza politika bateratua bultzatzekoa bata, eta itsas estrategien zuzentarau bat bestea. “Bi horietan zehazten da Europako herrialdeek hainbat helburu bete behar dituztela 2020rako, eta egun ez da hala gertatzen”, salatu du Aierbek. Zehaztu duenez, lehenengoa arrantza jasangarriarekin lotuta dago: “Adierazten du arrain populazio guztiek egoera osasuntsuan egon behar dutela arrantzatuak izan ahal izateko”. Besteak itsasoaren egoerarekin du zerikusia, eta “hobera” ekarri behar direla agintzen du. “Ikusten dugu ez bata eta ez bestea ez direla beteko. Horregatik helaraziko dizkiegu politikariei Europan bildutako sinadura guztiak, adostutakoa behingoz bete dezaten”.
Kanpainaren beste helburua da turismoak ingurunean eta, kasu honetan, itsasoetan duen eraginari buruz hausnartzea. Aierbek esplikatu duenez, egun arazo hori “agian ez da oso nabaria” euskal kostaldean, baina hainbat tokitan arazo larriak sortu direla ikusi dute, eta ohartarazi du Euskal Herrian ere areagotzen ari dela joera hori. “Egia da oraindik ez dela beste toki batzuetan bezain agerikoa, baina badira zenbait adibide esanguratsu, hala nola Getxoko ferryak edota Donostiako egoera”.
Hori dela eta, Getxon egindako geldialdian itsasontzi handien aurkako protesta bat gauzatu zuten tripulazioko kideek, ferryek sortzen dituzten kalteen inguruan kontzientziak pizteko. Donostian egingo duten geldialdian, berriz, bertako plataformarekin aurkezpentxo bat egingo dutela jakinarazi du: “Batik bat, gaia mahai gainean jartzea da gure helburua, beste hainbat kezkaren artean gure egungo turismo ereduak ingurumenari kalte handia egiten diolako”.