Euskal Herriko irla tropikala

Euskal Herriko irla tropikala

Peru Azpillaga Diez

Bihar izango da Txapel Reggae musika jaialdia, Armintzan. Egun osoko egitarauarekin, Euskal Herriko eta nazioarteko reggae taldeak musu truk entzuteko aukera izango da herriko hainbat gunetan. Hizkuntza eta kultur aniztasuna aldarrikatuko dituzte antolatzaileek aurten.

Euskal Herriko reggae zaleentzako tradizio bilakatu da jada Armintzako jaietan egin ohi duten Txapel Reggae jaialdia. 1990. urtean sortu zen, eta, uhinen antzerako bide gorabeheratsua jorratu ostean, Lemoizko kostaldeko jaialdiak musika genero horren ehunka zale biltzen ditu urtero herriko portuaren inguruan.

Jaialdi berezia da. Euskal Herrian parekorik ez duena. Izan ere, Jamaikatik itsasoa zeharkatuz mundu osora zabaldu diren doinuak Kantauri itsasoraino ekartzen lehena izan zen Txapel Reggae. Eta egun reggae musika oinarri duen Euskal Herriko jaialdi bakarra izan ez arren, Karibeko irlako musikaren euskal zaleentzako plaza nagusia bilakatu da.

Jaialdiaren hastapenak, baina, oso bestelakoak izan ziren. “Edozein jaitako edozein larunbatetako kontzertu bat balitz bezala sortu zen Txapel Reggae”, aitortu du Josu Gurtubay Armintzako Jai Batzordeko kideak. “Herriko jaiak ziren, eta garai hartan jai batzordean zeuden kideak reggae zaleak ziren; musika estilo hori Euskal Herrian zehar zabalduta ez zegoenez, kutsu hori zuten kontzertu batzuk antolatzea bururatu zitzaien”. Emaitza, ordea, inork espero ez zuena izan zela erantsi du Gurtubayk: “Arrakasta itzela izan zuen, eta bat-batean konturatu ziren haiek bezala bazirela reggaea gustuko zuten beste hainbat pertsona”. Hartara, hurrengo urtean errepikatzea erabaki zuten, eta, pixkanaka, Euskal Herriko reggae zaleentzat mugarri den Txapel Reggae jaialdia ernaldu zen.

Jasangarritasunaren bila

Geroztik Txapel Reggaek egindako bidea ez da, inondik inora, erraza izan; zaleek inoiz hutsik egin ez duten arren, arrakasta ere gaitz bilakatu daitekeelako. “Bide gorabeheratsua izan du, uhinen antzerakoa. Guretzat arrakasta larregi izatea ere arazo bilakatu daitekeelako”, adierazi du Gurtubayk. Jaialdia bera inolako irabazi asmorik gabe antolatzen dutela azaldu du, eta, beraz, haien jarduna ahalik eta profesionalena izan dadin saiatzen diren arren, muga bat dutela esplikatu du: “Adibidez, 1998an bi eguneko jaialdia egin zen, eta, horren ostean, lau urteko hutsunea; horrek ekarritako jendetza eta buruhausteek jasanezina bihurtu zutelako egitasmoa”.

Horregatik, Gurtubayk azaldu du haien erronka nagusia jasangarritasunari eustea dela, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo du parte hartzaile guztien konpromisoa. “Artistek eta udalak euren ekarpena egiten dute urtero, eta zaleen partetik ere funtsezkoa da errespetuzko jarrera izatea”. Hala, urtero legez, “herriarekiko, ama lurrarekiko eta besteekiko errespetuz jokatzea” eskatu die bertaratuko diren guztiei.

Txapel Reggae jaialdia ez baita soilik berezia sustrai karibetarrak dituzten erritmoak biltzen dituelako; negozio aberatsen eta makro egitasmoen aroan, publiko zabalaren gozamena baino beste helbururik ez duen jaialdiak haize ufada freskoa eskaintzen die ikusleen birika buxatuei. Nazioarteko enpresen interesetatik urrun, parte hartzea eta autogestioa ditu oinarri jaialdiak, bere eskaintza guztia musu truk eginez.

“Azken finean, jai batzordeko kideok ez dugu ezer kobratzen, ez dugu ezer irabazten; nik irabazten dudan gauza bakarra buruhausteak dira, bronkak etxean eta kilometroak autoan”. Jaialdiak dituen balioei esker, ordea, horrek guztiak merezi duela adierazi du Gurtubayk. “Nik beti esan dut aurrera jarraitzeko prest nagoela Txapel Reggae dohainik den heinean, irekia den heinean eta giro ona dagoen heinean; baina hori aldatuko balitz, ni ez nintzateke prest egongo horren alde lan egiteko”. Funtsezkotzat jo du hori: “Gu gazteak gara, mugimendu desberdinetan gaude, eta hori jaialdira eramateko ahalegina egiten dugu”.

Hori kontuan izanda, Gurtubayk esan du ezinbestekoa dela jaialdia dohainik izatea, jaialdiaren helburua jende guztiak gozatzeko aukera izatea delako: “Armintza, egun batez bada ere, Euskadi tropikala bilakatzea, mundu guztiak izatea lekua bertan”. Era berean, jaialdiaren tokiari berari ere balioa ematea nahi du Gurtubayk. “Kontuan izan behar da tokia izugarria dela, edonon ez duzu kontzertu bat ikusten eta aldi berean itsasoa, portua, hondartza… Herri txiki batean, hori guztia bideratu ahal izateko, ezinbestekoa da jaialdi irekia izatea”.

Aniztasuna oinarri

Horri lotuta, ideia edo aldarri bat zabaldu ohi du urtero jaialdiak, musikarekin batera, eraldaketa sozialari bere ekarpena egiteko xedearekin: “Musikaz harago beti dago balio edo ideia bati lotutako oinarri bat”. Gaiak askotarikoak izan daitezkeela erantsi du: “Esaterako, urte batean, ama lurra zaintzea izan zuen oinarri jaialdiak, eta, joan den urtean, emakumeak lehen lerrora eramatea”. Aurten, berriz, kultura eta hizkuntza aniztasunaren alde egin dutela jakinarazi du. Ostera, kontzertuak ere ideia horren arabera antolatzen dituzte. Horregatik, iaz abeslari guztiak emakumeak izan ziren.

Aurten, kultur aniztasuna eta hizkuntza direnez oinarria, artista bakoitzak bere ama hizkuntzan abestea bultzatu dute, Txapel Reggae jaialdia herrialde desberdinetako tradizio, ohitura eta kulturen topagune bilakatzeko. Hori dela eta, Galiziatik, Herrialde Katalanetatik, Costa Ricatik, eta, nola ez, Jamaikatik etorritako artistak batuko dira bihar Armintzako portuko agertoki nagusian. Horien artean, Hego Amerikatik helduko diren bi bandaren presentzia nabarmendu du Gurtubayk. “Un Rojo taldeak Europan zehar egingo duen lehendabiziko bira izango da; kristoren pagotxa! Jaialdi handietan ibiltzen dira, eta gurean izatea itzela izango da; ikuskizuna bermatuta dago”. Horrekin batera, kartelburu arituko den Fantan Mojah ere aipatu du: “Segur aski, azken urteetan jaialdira ekarri den artistarik potenteena”.

Horiekin batera, Bizkaian sortutako Suaia eta Ama Rebbel taldea arituko da, zeinak kontzertu berezia eskainiko duen. “Ondo ezagutzen dute jaialdia, hemen egon dira beste urte batzuetan, eta jaialdiaren misio eta balioekin bat egiten dute guztiz”. Izan ere, Gurtubayk azpimarratu duenez, urtero euskal talderen baten presentzia bermatzen dute Txapel Reggaen. “Hemen nahiko ikusgarria da reggaeak eta, orokorrean, sound system munduak izan duen bilakaera”. Fermin Muguruzak egindako Korrikaren abestia jarri du adibidetzat: “Gure kulturan ere sartzen dabil reggaea eta haren kultura guztia. Nik uste dut, Euskal Herrian, Txapel Reggae plataforma moduko bat bilakatu dela”. Horregatik ematen dio berebiziko garrantzia tokiko taldeen parte hartzeari: “Uste dugu jaialditik igaro diren euskal taldeek jauzi handia eman dutela, eta guretzat hori ohore bat da”.

Aurten, gainera, berrikuntza modura, sound system gunean rap abeslariak aritzeko apustua egin dute, “euren tokia” egiteko aukera eskainiz. Hala, gunea indartu nahi izan dute, sound systemekin batera, rap abeslariek euren lanak aurkezteko. “Hortaz, Bass Herri Sound Systemen emanaldian, musika jartzearekin batera, hainbat rap abeslari izango dira zuzenekoa egiten: Ziztada eta Erlantz, Laize, Endika Lahaine… Giro aparta sortuko da, ziur”. Dena den, urtero legez, beste hainbat artista ere ibiliko dira musika jartzen King Burningek eramango duen 8.000 watteko bere soinu sistemarekin.

Egitaraua
12:00. Batukale Samba (perkusioa), herrian zehar.
13:00. Skate erakustaldia, Skateparkean.
14:30. Dancehall Masterclass, Skateparkean.
16:00. Bass Herri eta lagunak (Ziztada eta Raperu, Santa & Vega, Laize, Endika Lahaine eta Rufoh, eta Aiala eta Lyrikan), Weepah, Ziribulio Kolektiboa, Pantx Official Selectors eta King Burning Soinu Sistema taldeak. Dub Stage gunean.
23:30. Fantan Mojah & Jahvolution Band, Un Rojo Reggae Band, High Paw e Elephants Yard, Deskarats, eta Suaia eta Ama Rebel taldeak, Biobizz Portua Stage gunean.