Estalkiak estali ezineko itoginak

Estalkiak estali ezineko itoginak

Natalia Salazar Orbe

Athleticek argitu du azken hiletako zalantza: klubak berak hartuko du bere gain San Mamesen obren kostua. Hautsak harrotuta ibili dira. Eraikin berria egiteko 150 milioi eurotik gora ordaindu ostean, zaleetako asko busti egiten direla jabetu ziren: 7.000 artean, zenbait partidatan, klubak berak emandako datuen arabera. Busti ez eskerrik asko plataformak kopuru hori handiagoa dela kalkulatu du: 10.000. Estadio berriak gogobete ez dituen bazkideek osatu dute plataforma, eta sinadurak biltzen ari dira. Konponbideak gura dituzte. Josu Urrutia Athleticeko presidenteak baieztatu du estalkia handitzea dela asmoa. Udan hasi gura dituzte lanak. Aurrez, baina, txosten juridiko eta tekniko guztiak behar dituzte. Behin betiko proiektuaren berri ez du eman, beraz. Plataforma ez da zuzendaritzaren asmoez fio. Javier Matxinek laburbildu du kaltetu horien sentimendua: “Engainatuta sentitzen gara. Errespeturik gabe tratatu gaituzte”.

47 urteko bilbotarra da Matxin. Ekialdeko tribunan esertzen da. Athleticen partida guztietara joan da beti: “Elurra zein euria ari, han izan naiz. Orain, euri asko egiten badu, ezin naiz joan: blai eginda bukatzen dut”. Gainerako guztien antzera, ezin du ulertu izugarrizko obra bat egin eta halako dirutza xahutu ostean estadio berriak zaharrak baino gabezia gehiago izatea.

Zelai zahar bat utzi eta berria egiteko hiru baldintza bete behar direla uste du: lehenik, horretarako beharrezkoa den aurrekontua izatea; bigarrenik, zale gehiagok joan nahi dutelako handitu behar izatea; eta, azkenik, zelai berrira joango direnen baldintzak hobetzea. Azkena, behintzat, ez da bete: “Zelaira joan eta zaharrean baino baldintza txarragoak ditugu, mela-mela eginda geratzen garelako”. 2013ko irailaren 16an jokatu zen lehen partida San Mames berrian. Orduan obrak erabat bukatu gabe zeuden. Hurrengo urtean egin zuten inaugurazio ofiziala, udan.

Zaleen artean ez eze, bizkaitar guztien artean polemika pil-pilean ibili da joan den astean Urrutiak eman zuen prentsaurrekoan zalantzak argitu zituen arte. Lanen zenbatekoa San Mames Barria elkarteak ordaindu beharko zuela zabaldu zen. Athletic klubak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak, aldundiak, Bilboko Udalak eta Kutxabankek osatzen dute elkarte hori. Bateko eta besteko alderdiak berehala atera ziren horren aurka. Aldundiak esan zuen horretarako aurrekonturik ez zuela aurreikusia, baina ekarpena egiteko ate bat zabalik utzi zuen. Handik gutxira iragarri zuten erakunde publikoek ez zutela diru gehiago jarriko. Hala ere, udalak era batera edo bestera laguntzea balitekeela sinetsita dago oposizioa: zergak kobratu gabe, esaterako. Oso alokairu merkea jarri dietela ere ekarri dute gogora.

Urrutiak urtarrilean jakinarazi zion San Mames Barria elkarteari zelaian bustitzen ziren zaleen aferari konponbiderik onena emateko bidea estalkia handitzea zela. Liga maiatzean bukatuko denez, asmoa da uda aprobetxatzea lanok egiteko. “San Mames Barriak txosten eta berme guztiak daudela baieztatzeko zain gaude”.

Zaleek erantzun zehatzak eskatu dituzte: “Jakin gura dugu noiz amaituko diren obrak. Lanak bukatuta zenbat bazkide bustiko diren, eta horiei zein irtenbide emango dieten. Baina ez dugu erantzunik jaso”.

Athleticek bultzatzen duen eredua ere zalantzan jarri dute. “Bost izarreko zelaia egin dute; eta gu busti egiten gara”. Piratak taldekoek antzeko iritzia eman dute. Garikoitz Irazu da kideetako bat. San Mamesen kudeaketa Bilbon eta Bizkaian egiten denaren antzekoa dela dio: turistei eta kanpotarrei begira egindakoa.

Zelaiak diru publiko apur bat jasotzeari ondo deritzo. “Izan ere, lehen mailan dabilen talde bat duen hiriak onura ekonomiko handiak ditu”. Hala ere, uste du egin den inbertsio publiko handiaren ostean Athleticek jarrera irekiagoa izan beharko lukeela: “Ez dute uzten bazkide berririk egiten; ikastetxeetako umeentzako sarrerarik ez dute ematen, eta gazteentzako harmailarik ere ez dute jarri. Partida askotan, zelaia erdi hutsik egoten da. Halakoetan, ume eta gazteentzako txartel bereziak atera daitezke, familiei sarrera erraztuz”.

Iñigo Cabacas harmaila handitzeko eskaeran tematuta daude Piratak. Baina zuzendaritzak ez die uzten. Talde horretako kideak ez dira bustitzen, eta estalkiaren aferari buruz ezer gutxi izan dute esateko. Hala ere, elkartasuna agertu diete arazo hori dutenei.

Aztertu beharreko obra

Urrutiak ez du azaldu zer gertatu den San Mames eraikitzen bukatu eta hilabete batzuetara bertako baldintzak hobetu behar dituen beste obra bati ekin behar izateko. “Aztertu beharrekoa da, baina gure helburua, orain, arazoari irtenbidea ematea da”.

Zuzendaritzak dio bustitzen diren zaleena ez dela arazo bakarra, eta erantzunik hoberena emateko beharrezkoa dela hausnarketa sakona egitea: “Ehun urterako zelaia egin dugu; beraz, luzera begirako gauzak egin gura ditugu”.

Bi mila sinadura

Busti ez eskerrik asko plataformak konponbidea eta inplikazioa eskatzeko sinadurak biltzen jarraituko du. “Urtarrilaren 29ra arteko epea jarri genuen. Aurrekontu eta proiektu zehatzen berri emanez gero, kanpaina bertan behera uztekoak ginen. Baina ez dute ezer argitu. Zergatik ari da atzeratzen hau guzti hau?”.

Euria denean bustitzen diren bi mila bazkideren sinadurak bildu dituzte. Bilketa masiboa iragarri du orain Matxinek. Helbide elektronikoa zabaldu dute horretarako: bustiezeskerrikasko@gmx.es. Katedralak, oraingoz, itoginekin jarraituko du.