Peru Azpillaga Diez
Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko ogasunek jakinarazi dutenez, 823 milioi euroren zorra pilatu dute 2018an. Zergetan eta zigorretan milioi bat eurotik gorako zorra duten zergapekoen zerrendak berritu dituzte, eta horietan ageri diren izen guztiak eman dituzte argitara. Beste urte batez jarraian, Jabyer Fernandez da zordun handien zerrendako lehenengo postuan.
Datuei erreparatuta, zordun handien zorra apaldu egin da 2018. urtean. Izan ere, aurreko urtean baino 45 milioi euro txikiagoa da zorra. Hala, 2017an izandako %20ko igoera ikusgarriaren ostean, beste noranzko baterantz mugitzen hasia dela dirudi.
Beheranzko joera hori, ordea, ez dator bat Bizkaiko egoerarekin. Izan ere, azken urtean, Bizkaiko zerrenda handitu egin da sei izen atera dira, baina hamabi sartu, eta, 165 zergadunen artean, 466 milioi euroko zorra pilatu dute. Enpresa horien gehiengoa, higiezinen burbuilarekin hondoa jotakoak dira, eta, horietako askok, urteak daramatzate zordunen zerrendatik atera gabe.
Hain zuzen ere, hori da zerrendako lehen postuan ageri den Iurbenor enpresa eraikitzailearen kasua. Jabyer Fernandezen jabegokoa da, eta 52,3 milioi euro zor dizkio Bizkaiko Ogasunari. Bigarren eta hirugarren postuetan Moldis Echarro SL eta Industrias Domesticas SA enpresak ageri dira, 20,4 eta 17,9 milioi euroko zorrarekin, hurrenez hurren. Hiru enpresa horiek aspaldi egin zuten porrot. Beste hainbat enpresa bezala, kiebra jo eta deseginda daude egun, eta, beraz, zorra berreskuratzea ez da erraza izango ogasunentzat.
Ostera, beste bost enpresa ageri dira hamar milioi eurotik gorako zorrarekin: Abaroa higiezinen agentziak 16,7 milioi euro zor dizkio Bizkaiko Ogasunari, Baenak 11,2 milioi, Mondragon taldeko Edesa industria kooperatibak 11,3 milioi, Erosten Higiezinen Inbertsioek 10,2 milioi, eta Sociedad Vasco Española de Alambres Cables y Transportes Aereosek 10,1 milioi. Guztira, zortzi enpresa horien artean 149,30 milioi euroko zorra pilatzen dute.
Enpresa horien izenak, baina, ez dira berriak zerrendan. Hor ageri diren izen gehienek hainbat urte daramatzate ogasunarekin duten zorra kitatu gabe. Alta, badira aurten zordun handien zerrendan beren izena lehen aldiz ageri den zenbait enpresa ere. Horien artean, aipatzekoa da Bilbo Basket taldearen presentzia. Saskibaloi taldeak izandako irregulartasun luzeen ostean, 3,4 milioiko zorra pilatu du ogasunarekin.
Jabyer Fernandez buru
2016an sortu zuten zordun handien zerrenda, eta, urte hartaz geroztik, Jabyer Fernandez izan da, beti, lehenengo postuan. Bizkaiko enpresaririk handienetakoa izandakoa da Fernandez, bai eta aberatsenetarikoa ere. 1987an, enpresa multzo sare bat osatu zuen, eta, horren bidez, 2007an esaterako, 281 milioi fakturatu zituen. Fernandezen proiektua, ordea, gain behera erori zen higiezinen burbuilak eztanda egin zuenean.
Fernandezek izandako eroriak, zerua ukitzetik kartzelaraino eraman zuen enpresaria, eta bide malkartsu horren hasiera Habidite proiektuak marraztu zuen. Habidite Fernandezek bultzatu eta Bizkaiko Aldundiak babestu zuen proiektu bat izan zen, Alonsotegin aurrez fabrikatutako 1.500 etxebizitza egiteko asmoarekin martxan jarritakoa. Aldunditik jasotako diru laguntzak, ordea, legez kanpokoak zirela ebatzi zuen Europako Batzordeak, eta aldundiak atzera egin zuen.
Erabaki horrek Fernandez eta garaiko Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbao aurrez aurre jarri zituen, eta oraindik amaitu ez den prozesu judizial bati hasiera eman zitzaion. Besteak beste, horren ondorioz, Bizkaiko Auzitegiak hiru urteko espetxe zigorrera kondenatu zuen Fernandez, 2014an. Orduan xedatutakoaren arabera, Habidite egitasmoaren porrotaren ostean, Barakaldon 2.000 etxebizitza eraikitzeko Bilboko Atea deituriko proiektuaren lursailak saldu egin zituen Fernandezek, eta irabazitako dirua —64 milioi euro inguru— bere sareko beste enpresetara bideratu zuen.
Hala, hiltzen utzi zuen Iurbenor enpresa, Bilboko Atea deituriko proiektua eraikitzeko sortutakoa eta Bizkaiko Ogasunarekin 44 milioi euroko zorra zuena. Hain zuzen ere, enpresa hori da 2016az geroztik zordun handien zerrendan, urtero, lehenengo postuan agertu izan dena; bere zorra handituz.
Diputazioak hartutako erabakia dela eta, Habidite enpresak salaketa jarri zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren kontra. Hain zuzen ere, Fernandezen enpresak 31 milioi euro galdegin dizkio aldundiari, eta EAEko Auzitegi Nagusiak Habiditeri kalte-ordainak eman behar dizkion ala ez erabaki behar du. Ekainaren 14an, epaiketa horren harira deklaratzekoa zen Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusi izandakoa, lekuko gisa. Saioa, baina, ez zen egin, auzitegiak bertan behera uztea erabaki baitzuen. Erabakia justifikatzeko arrazoia aretoaren edukiera izan zen. Saioa jarraitu nahi zuten hedabide guztiak eta publikoa hartzeko tokirik ez zegoela argudiatuta.