Durangairea, neurri eske

Durangairea, neurri eske

Natalia Salazar Orbe

Alarmak piztu dira Durangaldeko hainbat herritarren artean. Egunero arnasten duten airearen kalitateak keztatuta bizi dira. Eskualdearen ezaugarriek are gehiago gaiztotzen dute kutsaduraren arazoa, eta, kezka horretatik abiatuta, Durangairea plataforma osatu dute. Bertako kidea da Eukeni Bastida. Hark zerrendatu ditu Durangaldeko herritarrek egunero arnasten dituzten substantziak: “Besteak beste, bentzenoa, hidrogeno zianuroa, amoniakoa, kloroa, metanoa eta abar eta abar isurtzen dira lantegietatik, eta ez kantitate txikietan”.

Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren datuak eskuan dituela eman ditu datuok. 2017ko neurketen erregistroa da ministerioak duen azkena. Neurketa horien arabera, 1.500 kilogramo hidrogeno zianuro isuri zituzten urtebetean; bentzenoa, 7.639 kilogramo; amoniakoa, 6.189 kilogramo; metanoa, 41.576 kilo; karbono dioxidoa, 1.908.226,352 kilo; oxido nitrosoa, 18.242 kilo; sufre oxidoa 42.227 kilogramo; metanoa ez beste konposatu organiko lurrunkorrak, 242.812 kilogramo, eta kloroa eta konposatu ez-organikoak, 1.943 kilogramo.

Industria askoko eskualdea da Durangaldekoa. Galdategi ugari dituzte, eta papera sortzeko lantegia ere badago. Horiez gain, ibilgailuen joan-etorri handiko eremua ere bada. Handik pasatzen dira AP-8 autobidea, N-634 eta N-636 errepideak eta Durangotik Gasteizera doan bidea. Bide horietatik igarotzen diren ibilgailu gehienak, %99, errekuntza bidezkoak direla azaldu du Durangairea plataformak.

“Eskualdean 80.000 pertsona bizi gara; trafikoa izugarria da, eta mendi altuz inguratuta gaude”. Hala, kutsaduraren arazoan orografiak duen garrantziari buruz mintzatu da Bastida: “Durango mendebalderantz begira dagoen bailara batean dago. Daukagun haize gehiena mendebaldetik datorkigu, eta, gainera, mendiz inguratuta gaude. Beraz, mendebaldetik datozkigun partikulak jasateaz gain, gure mendiek kaiola bat izango balira bezala jokatzen dute. Partikula kutsagarriek mendiekin tope egiten dute, eta bueltan etortzen zaizkigu”.

Herritarren kezkaz jabetu zen udal hauteskundeak egin ziren arte udalean agintzen zuen gobernua ere. “Urteak eman zituzten esaten Durangoko airearen kalitatea oso ona zela”. Hauteskundeen aurretik egindako inkesta batek agerian utzi zuen, ordea, herritarren kezka nagusia horixe zela. Eta Eusko Jaurlaritzak ere bi galdategi ikertu ostean, hilabeteko epea eman zien martxoan bentzeno, tolueno eta estileno isuriak murrizteko. Plataformarentzat, neurria ez da nahikoa: “Galdategi horien inguruan bakarrik neurtu zen kutsadura, eta ez dugu ulertzen zergatik mugatu ziren bi puntu horietara. Bi galdategi horiez gain, hainbat enpresa kutsagarri daude Durangon, eta horiek neurtzea ere beharrezkoa dela deritzogu”.

Oraintsu iragarri du Jaurlaritzak bentzeno mailak ere neurtuko dituela Durangon. Plataformak aurrerapausotzat jo du erabakia. “Zenbat eta substantzia gehiago neurtu, hobeto. Bentzenoaren moduko konposatu organiko lurrunkorrak oso kaltegarriak dira gure osasunerako”. Hala ere, salatu du Durangon neurgailu finko bakarra dutela, eta zalantzak dituzte neurketak fidagarriak ote diren. “Orain arte, gutxienez, kutsadurak gora egiten duenean huts egiten du, eta ez ditu jasotzen datuak denbora luze batean. Kasualitatea izan ala ez, arazo hau ez badute zuzentzen ez dugu izango datu zehatzik inoiz. Gainera, neurgailu honek neurtzen duen substantzia kantitatea oso mugatua da isurtzen den produktu kimikoen aldaera guztiekin konparatuta”.

Bentzenoaren arriskuei buruz ere mintzatu da. “Bentzenoa airean dagoen bitartean, beti egongo da arrisku bat gure osasunerako”. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) irizpideak izan ditu oinarri adierazpenok egiteko. “OMEk ez du ezarri bentzenoaren gehienezko muga zehazten duen kopururik”. Erakundearen hitzak gogorarazi ditu: “Bentzenoa kartzinogenoa da gizakientzat, eta ezin da inolako esposizio segururik gomendatu”. Horregatik uste dute Ingurumen Sailaren “ardura nagusia” izan beharko litzatekeela “bentzenoaren eta halako konposatu kutsagarrien maila minimora murriztea”.

Durangaldeko aire kutsaduraren inguruko kezka duten sentsibilitate politiko ugaritako herritarren talde batek osatzen du Durangairea. “Gure familien osasunak kezkatzen gaituen herrikideen plataforma bat da”. Hainbat lan ildo dituzte martxan. Nagusiak laburbildu ditu Bastidak. Airearen kalitatea hobetzearen alde dihardutela azaldu du, Durangaldeko herrikideen “bizi kalitate on baten alde”. Herritarren kezkak biltzen ari dira: airearen kutsadurarekin lotutako kezkak. Herritarren kontzientziazioaren alde lanean ari dira, ekintzak eta mobilizazioak antolatuta. Irregulartasunak publikoki salatuko dituztela iragarri du. Gainera, eskuragarri dauden airearen kalitateari dagozkien parametroen ebaluazioa egiten ari dira. Airearen kalitatearen neurketa sistema “egiazko eta egiaztagarria” lortzeko lanean ere ari dira. Horrez gain, airearen kalitatearen ebaluazioan parametro berriak jaso nahi dituzte, eta parametroen muga balioak berrikustearen alde ari dira lanean. Arrisku ebakuazio sakon eta egokituak ere “aktiboki” sustatzen ari dira.