Eider Mugartegi
Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia elkarteak eskualde horietako kooperatiben azken bi urteetako datu ekonomikoak bildu ditu, bi eskualdeetan daukaten eragin ekonomiko eta soziala neurtzeko. Kaleratu dituzten datuek argi erakusten dute Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide eta Maier kooperatibek Lea-Artibai eta Busturialdean daukaten pisu handia; eskualde bien garapen ekonomikoaren giltzarrietako bat dira.
Kooperatibek 2.571 lanpostu sortu dituzte azken urteetan —797 emakumeak dira, %31— eta horietatik 1.792 bazkide egin dituzte. Izan duten fakturazioa ia mila milioikoa izan da —989.379.789 euro—, eta inbertsioa ere nabarmena, ia 60 milioi euro—59.905.983 euro, hain justu—. Ikerketa, Garapenen eta Berrikuntzara ere kopuru handia bideratu dute: 23 milioi euro.
Zenbaki handi horiek kooperatiben filosofiaren erakusgarri direla azaldu du Ibon Ibarzabal Kortabitarte Kooperatiben Mahaia elkarteko ordezkariak. “Eskualdean aberastasuna sortzeko lanpostuak sortu behar dira batez ere, eta ikusten da pisu handia daukagula horretan”.
Kooperatibek eskualdean duten eragina neurtzeko kontuan izan duten beste datu garrantzitsu bat, kooperatibek Lea-Artibain eta Busturialdean egiten duten kontsumoa izan da. “Bi eskualdeetan ia 37 milioi euro gastatu ditugu, hornikuntzan, zerbitzuetan eta logistikan esate baterako, eta horrek ere eskualdeko aberastasunean eragiten du”.
Bestalde, heziketa eta kooperatiba sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ere, 3,5 milioi eurotik gora bideratu dituzte. “Sarritan, kooperatiba barruan ere ez daukagu barneratuta zelako pisua daukagun, eta konpromisoa hartu behar dugula eskualde indartsu eta aberats bat eduki nahi badugu”.
Euskararen sustapena
Kooperatibek inguruarekin duten loturaren adierazgarri da, bestalde, eskualde bi horietako kooperatibek euskarari ematen dioten garrantzia. Euskararen ezagutza eta erabilera maila %76 da, eta sariak ere lortu dituzte hizkuntzaren alde egindako lanaren aitorpen gisa; hala nola Bikain ziurtagiriak eta Lauaxeta, Bihotza eta Elhuyar sariak. “Eremu euskaldun baten egonda, euskararen aldeko apustua egiten dugu. Hala ere, kontziente gara oraindik asko dagoela egiteko; baina kooperatibek aurrerantzean ere eredu izan nahi dugu bide horretan”. Euskararekiko sentsibilitate hori eskualde mailako Euskara Batzordeak ere irudikatzen du. Urteak daramatzate kooperatibetako ordezkariek elkartzen, praktika onak eta ekinbideak partekatzeko.
Elkartuta
Elkarlanari ekiteko ideiarekin, 2003an indarrak batu zituzten Burdinolak, Cikautxok, Eikak, Fagor Arrasatek, Kidek, Laboral Kutxak eta Maierrek. Azaro fundazioak bultzatuta batu ziren, kooperatiba berriei sorreran laguntzeko asmoz. Urratsak egiten zihoazen bitartean, proiektuari elkarte egitura ematea erabaki zuten, eta horrela sortu zuten Kooperatiben Mahaia elkartea, 2008an. “Kooperatiben mahaiak batez ere laguntza ekonomikoa eta aholkularitza eskaintzen die kooperatiba bat sortu nahi duten ekintzaileei”, azaldu du Yanoba Mariezkurrena Azaro fundazioko ordezkariak. Gaur egunera arte 47 kooperatiba berri sortzen lagundu dute, eta, egun, horietako 39k bizirik jarraitzen dute. Guztira, 264 pertsonari ematen diete lana.
Baina, 2017an, beste aurrerapauso bat ematea erabaki zuen Kooperatiben Mahaiak: eskualdeko beste proiektu batzuk sustatu eta, eskualdeetan duten eragin ekonomikotik harantzago, eraldaketa sozialaren parte aktibo izatea. Erabaki horretatik sortu ziren egun lantzen ari diren bi proiekturik esanguratsuenak: talentua sortu, mantendu eta erakartzea, eta ekintzailetza modu proaktiboan lantzea.
Kooperatibengan esanguratsuak diren balioen artean, gizartearekiko konpromisoa nabarmendu du Ibarzabalek. Eskualdeko erakunde eta eragile ezberdinekin elkarlana sustatzea ezinbestekotzat jotzen du hemendik aurrera ere eskualdeko garapen ekonomiko eta sozialari ahalik eta bultzadarik handiena ematen jarraitzeko. “Gure etekinetatik zati bat gizartera bideratzen dugu, bai proiektuetarako, bai eta eragile ezberdinei antolatzen dituzten ekimenetan laguntzeko”.
Azken urteetan 3,5 milioi euro banatu dituzte PDK deitzen dioten funts horretatik. “Horrek erakusten du gizartearekin eta eskualdearekin dugun konpromisoa. Hainbat eremu eta esparrutako erakunde eta taldeak laguntzen ditugu: kirola, kultura…. Kooperatibak ondo joateak gizartean ere badauka eragina”.
Kooperatiben izaeraren elementu bereizgarria hori dela argitu du Mariezkurrenak. “Elkarte txikiak diren neurrian, diru laguntza txiki bat asko izaten da eurentzat”.
Eraldaketa sozialaren helburua, dena den, ez dela laguntza ekonomikoa ematera mugatzen argitu dute. Harantzago joan, eta kooperatibetako bazkide eta beharginen inplikazioa ere lortu nahi dute. Kooperatiba ezberdinetako berrogei bat pertsonak parte hartu dute ekintza ezberdinetan boluntario.
Ibarzabalen iritziz, bakoitza ez da bere bizitzaren arduradun soila, bere lanarekin besteen bizitza hobetzen laguntzearen ardura eta ondorengoei etorkizun oparo bat uztearen ardura ere badauka. “Eta egiten ari garen guztia horretarako da batez ere”.
Orain “ereiten” ari direla dio Mariezkurrenak, “etorkizuneko belaunaldiei eskualde oparo bat utzi eta eskualdearen garapen ekonomikoa bultzatzeko”. Proiektuen bizipen eta luzapenaren gakoa hor dagoela dio: “Zenbat eta gehiago inplikatu, orduan eta irmotasun handiagoa lortuko dute proiektuek”.