Peru Azpillaga Diez
Zallako herriak Enkarterri Fest jaialdi gastronomikoa hartuko du asteburu honetan bertan. Hala, bihar hasi eta igandera arte, udaletxeko lorategiak hamaika usain eta zapore bilduko dituzten karpaz eta erakustokiz beteta egongo dira; den-dena, zuzeneko doinuez lagunduta.
Gastronomia du ardatz jaialdiak, baina, batez ere, Enkarterriko eskualdeko produktuen balioa aldarrikatzea du helburu egitasmoak. Eta, horretan, Bizkaiko eskualderik handienak badu beste guztien gainetik azaltzen den produktu bereizgarri bat: Zallako tipula morea.
Hala uste du Leire Martinez Enkarterri Fest jaialdi gastronomikoaren antolatzaileetako batek. “Zallako tipula morea sustatzeko ideiari tiraka ibili ostean jaio zen proiektua”, azaldu du. “Orduan tipula morea gure gastronomiaren erdigunean jarriko zuen festa bat antolatzea erabaki genuen, bertako gainerako produktuez lagunduta”.
Horregatik, urtero, Enkarterri Fest egitasmoarekin batera, Zallako tipula morearen enbaxadore bat hautatzen du udalak. Enbaxadore horrek bere jatetxean produktu hori erabili eta sustatzeko konpromisoa hartzen du. Aurten, Zuriñe Garcia sukaldariari eman diote izendapena, Galdakaoko Andra Mari jatetxe ezaguneko sukalde buruari. “Egun Euskal Herritik kanpo ere arrakasta du tipula moreak; jatetxe onenetan erabili egiten dute”, erantsi du Martinezek.
Enkarterriko gastronomiarekin lotutako mota guztietako ekintzek osatzen dute eguneko egitaraua: sukaldaritza tailerrak, dastaketak, pintxo errondak, zuzeneko ikuskizunak… “Jendeak era paregabean erantzun ohi du, batez ere eguraldia alde dugunean”. Showcooking sukaldaritza tailerretarako lekuak, esaterako, joan den urtean oso denbora gutxian bete zirela adierazi du Martinezek: “Ekitaldiek gero eta proiekzio handiagoa dute; izen ematea, adibidez, oso handia da eta ekintza asko hamar minututan bete egiten dira”. Hori dela eta, saio horietako batzuen eskaintza zabaldu behar izan dutela aitortu du Martinezek.
Besteak beste, showcooking tailerrek izandako arrakasta aipatu du. “Joan den urtean sartu genituen egitarauan, berrikuntza modura, eta aurten ez dugu inolako zalantzarik izan errepikatzerako orduan”. Sukaldaritza eskola batzuk direla azaldu du. Sukaldari profesionalek erakutsi egiten dute nola egiten den plater konkretu bat, eta, azalpenarekin batera, aldi berean, jendeak platera kozinatzen du. “Ikusteaz gain, parte hartzeko aukera ere ematen dute, parte hartzaileek haien sukalde propioa dute eta momentuan, praktikaren bidez, ikasten dute”.
Umeen sukaldaritza tailerrek ere “afizio handia” sortzen dutela erantsi du Martinezek, eta horregatik, aurten, adin tarteen araberako eskaintza egitea erabaki dute; “urtero saiatu egiten gara zer edo zer hobetzen, umeek bizitasun handia dute eta benetan kozinatzeko gaitasun handia erakusten dute”.
Horretaz gain, Zallako herriak ere jaialdia bere sentitzen duela azpimarratu du, eta pintxo erronda jarri du herritarren parte hartzearen adibide modura. “Herriko ostalariek pintxo bereziak egiten dituzte eta ibilbide bat antolatzen da horiek dastatzeko”. Hala, taberna bakoitzak tipula morez egindako pintxo bat egiten du eta Enkarterriko txakolinarekin batera saltzen du. “Era horretan tabernek ere parte hartu dezakete, tokiko produktua sustatzearekin batera”.
Eguraldiak baldintzatuta
“Enkarterri Fest kalean egiten den jaialdia izanik, eguraldiak, noski, asko baldintzatzen du eguna bera, baina ona egiten duenean, benetan jendetza hurbiltzen da”, nabarmendu du Martinezek. Eguraldiak laguntzen duenean, jendea egun osoa pasatzera hurbiltzen dela esplikatu du, eta hori bultzatzeko, berrikuntza bat izango dute aurten: terraza gastronomikoak.
Azaldu duenez, urtero, herrialde bat gonbidatzen dute Enkarterri Festera, eta oraingoan, Andaluziari egokitu zaio. Herrialde gonbidatuak, normalean, bere lurraldeko produktuak eskaini ohi ditu eta bere kulturari lotutako ikuskizunak ere antolatzen dira. “Aurten, momentuan jateko modukoak diren produktuen aldeko apustua egin dugu”, adierazi du Martinezek. “Beraz, elikagaien postuak egoteaz gain, momentuan bertan jateko modukoak diren platerak eskainiko dituzten terrazak egongo dira”. Hala, produktuak etxera eramateaz gain, jendeak beste herrialde bateko janaria bertan dastatzeko aukera izango duela argudiatu du.
Hortaz, asteburu osoan, Zallako udaletxeko lorategiak jendez lepo egotea espero du Martinezek. “Pintxo erronda kenduta, beste ekintza guztiak bertan izango dira, eta erakustokiekin eta terrazekin batera, jendea animatzea espero dugu”. Egun osoan zehar, gainera, zuzenean arituko diren musika taldeak egongo dira.
Tailerren batean parte hartu, dastaketaren bat egin, erakustokiz erakustoki ibili… Jaialdiak aukera andana eskaintzen dituela deritzo Martinezek, eta Enkarterriko zein inguruetako herritarrei hurbiltzeko gonbita egin die. Hori errazteko, Bilbotik autobus zerbitzu berezia egongo da asteburu osoan zehar. “Nahi duenak kotxea etxean utzi eta dohainik Bilbotik Zallara etortzeko aukera izango du”, gogorarazi du Martinezek.