Besarkadak

Igor Elordui Etxebarria

Aurreko domekan Bizkargi Eguna izan zen eta, ezin txapel batez bi buru estali, ez nuen Durangora joaterik izan. Gustura joango nintzen, Marta, Zaka, Jatta, Danilo eta enparauekin batera Herrien, Pertsonen eta Giza Eskubideen besarkada erraldoiaz neofaxismoaren aurka egitera. Galdetu nien astelehenean, eta esan zidaten sano polita izan zela, hunkigarria. Ikusi nituen gero argazkiak. Gauza ederra dira besarkadak, besarkada guztiak: biren artekoak, hiruren, lauren… artekoak; haragizkoak, metaforikoak…

Infrabaloratuta daude, agian, musuekiko, baina zenbat, zein anitzak eta zein beharrezkoak diren. Pentsa une batez ematen zein jasotzen dituzuen besarkadetan, eta pentsa, gero, ematen zein jasotzen dituzuen musuetan. Beharbada, besarkada bat ezingo da inoiz izan musu bat izan daitekeen besteko beroa, adibidez, maitale bik mihiak elkarri lotzen dizkiotenean bezala; baina, hori ere horrela da, besarkada bat ezingo da inoiz izan atsegin ez duzun pertsona, formalismoz, musu biz agurtzen duzunean bezain hotza. Eta, ostera, tarteko sentimendu-adierazleen kolore-paletan, gama guztietako besarkadak kabitzen dira.

Gure aitak urtero ematen dit, gazte nintzenetik, besarkada, euskaldunok besarkada on bati esaten diogun moduan, ESTUA, nire urtebetetze-egunean (zelan botako dudan faltan egunen batean, aita). Era berean, alabak gauero ematen didan besarkada hori barik ezingo nintzateke bizi ere egin. Ai, eskatzeko adorerik apenas dudan egunetan, behar dudala igarrita bikotekideak ematen didan besarkada hori! Aspaldi-aspaldian ikusi bako laguna ostera ere ikustean elkarri ematen diogun besarkada; luzea, halabeharrez, igarotako denbora besoekin elkarrengana biltzeko modukoa. Edozein kontzertutan besarkada kolektibo batean amaitzen den balada. Mozkorraldi epiko bateko lagun arteko besarkada, betiko maitasuna adierazteko hondar-keinua. San Mamesen Athleticek gola sartzen duenero albokoari, nola deitzen den ere ez dakidan horri, ematen diodan besarkada alaia. Poz-besarkadak, maitasun-besarkadak, dolu-besarkadak, elkartasun-besarkadak, besarkada lagunkoiak, hartzarena… Denetariko besarkadak daude. Eta ederrak dira denak, azken hori kenduta, akaso.

Besarkada ospetsuak ere badira, Bergarakoa, kasu baterako (historiara, baina historiara benetan, pasatu zen lehen Maroto hura protagonista). Edo arimaren besarkada deritzona, Argentinak 1978ko Munduko Futbol-Kopa finala irabazi zuenekoa (sasoiko argazki batean jasota): Argentinako atezaina eta defentsa bat zelai erdian elkarri besarkada ematen, eta ondoan, zutik, beso bako gizon bat, alkandoraren maukak dindilizka, haiek besarkatzen.

Eta, hauteskunde batzuk igaro berritan eta hurrengoen atarian (gaur hasten da, hain justu, kanpaina), laster ikusiko ditugu beste besarkada batzuk. Jada suma daiteke nor agertuko den plazaren erdira —Plaza Publikoaren erdira, esan nahi baita—, besoak zabal-zabalik. Besarkada horiei buruz, baina, hurrengo batean (gaur ez da tokatzen).