Eihartze Aramendia Iparragirre
Zaintzaileak “guztiz galduta” zeudela ikusita, haiei harrera bat egitea ondo egongo litzatekeela ikusi, eta Jakiten zerbitzua jarri zuen martxan Bizitzen Fundazioak duela bost urte. Nuria Pousa Mimbrero (Barakaldo, 1978) hango psikologoa da. Besteak beste, 900-10 03 56 telefonoan ematen dute arreta.
Zein izan ohi da deitzen zaituzten zaintzaileen egoera?
Ia muga jo dutenean deitzen dute normalean. Antsietatearekin daude, gainkarga izugarriarekin, depresioarekin, oso bakarrik sentitzen dira, eta ez dakite nora jo. Ez dira zaintzaile lanetan hasi berriak, urte batzuk daramatzate. Laguntza gabe daude, haiek bakarrik daude etxean zaintzen, ez dituzte bestelako zerbitzuak erabiltzen; adibidez, eguneko zentroa, etxez etxeko zerbitzua…
Gehienbat, adineko pertsonak zaintzen dituzten pertsonentzat da gure zerbitzua, baina ez dute horiek soilik deitzen, elbarritasuna duten pertsonak zaintzen dituztenek ere deitzen dute.
Zaintzailearen egoera aldetik, aldea dago adineko pertsona bat zaindu edo elbarritasuna duen bat zaindu?
Egoera oso antzekoa da, baina elbarritasun arloan daudenak nahiko antolatuta daude. Elkarteak daude, eta baliabide asko dituzte, baina adinekoen alorra ez dago hain ondo antolatuta. Zahar etxeak daude, eguneko zentroak… Baina senideak ez daude antolatuta. Adinekoak zaintzen dituztenek onartu egiten dute zaintzea egokitu zaiela, eta horrela gelditzen dira, baina elbarritasunaren kasuan jende gazteagoa izan ohi da, eta, luze joko duela ikusten dutenez, baliabide gehiago bilatzen dituzte. Adinekoen kasuan, pertsona horrek zenbat iraungo duen ezin da jakin, eta beste txip bat dute. Zaintzen hasten dira, eta ez dira ohartzen zainketa oso luzea izan daitekeela.
Zein izan ohi da zaintzaile baten bizimodua? Zein ondorio izaten ditu?
Lanean badaude, lanaldia murriztu edo utzi egiten dute. Mendekotasuna duen pertsonak laguntza gero eta gehiago behar duenez, zaintzailea are eta gehiago sartzen da zainketan, eta, ondorioz, bere bizitza itxi egiten du. Azkenean, bizitza oso mugatu batera iristen dira: etxean, zaindu behar duten pertsonarekin bakarrik, etxeko lanak egiten, enkarguak… Kolektibo oso itxia eta zaila da zaintzaileena. Lagunak, zaletasunak… aisialdia murriztu egiten dute; izan ere, luxu gisa ikusten dute. Eta hori oker handia da, aisialdia gure kargatzailea da. Euren bizitza albo batera uzten dute, eta mendekotasuna duen pertsona hiltzen denean, oso galduta sentitzen dira. Zaintzailearen sindromea deitzen zaio horri, eta sindrome hori doluan ere luzatzen da. Lehen ardura bat zuten, baina gero ez dute, eta ez dakite zer egin euren bizitzarekin.
Kolektibo hau kolektibo ikusezina dela esan izan duzue. Zein zentzutan?
Zentzu askotan da ikusezina. Batetik, laguntzak oso eskasak dira ekonomikoki zein bestela; etxez etxeko zerbitzua oso ordu gutxi dira. Nire ustez, erakundeek senideen esku uzten dute zainketa, baina, berez, ez da familiaren betebeharra. Erakundeek baliabideak jarri behar dituzte jendea ondo zainduta egoteko, baina badakite familiek zainduko dituztela. Bestetik, jende nagusi gero eta gehiago dago, bizi itxaropena igotzen ari da, eta, horren eraginez, zaintzaile gehiago daude. Sozialki ez dago aitortza bat, oso ahaztuak daude, eta sekulako lana egiten dute.
Zaintzaile kopurua igotzen joan da. Bizkaiko datu berririk baduzue?
Kopurua igo egin da, horretaz ez dago inolako zalantzarik, baina ez dugu datu berririk esku artean. Gauza batzuk urtero zenbatzen dira, baina zaintzaileak ez, oso zaila da zaintzaileak zenbatzea.
Ikerketa batean diotenez, gai honetan genero desberdintasun handia dago; zaintzeak osasunean eragiten du, baina emakumeen kasuan gehiago, beren gain lan karga handiagoa hartu behar dutelako. Zein iritzi duzu?
Egia da, beraiekin lan egiten dugunean hori ikusten dugu. Emakumeek barneratua dute zainketa beraien betebeharra dela, emakumeen gauza dela hori. Laguntza hartzen badute, besteek zer pentsatuko duten beldurra dute, badirudi ez dutela mendekotasuna duen pertsona zaindu nahi; psikologook pentsamendu irrazional deitzen diegu horiei. Gizonek ez dute sinesmen hori barneratua, eta oso erraz hartzen dute laguntza; udaletxera laguntza bila joaten dira, etxera laguntzera etortzen bazaie, oso ondo onartzen dute… Emakumeek beldur handiagoa dute, eta aurre egiteko estrategiak desberdinak dira. Emakumeek laguntza eskatzen dutenerako oso gaizki egoten dira, eta gizonek lehenago eskatzen dute laguntza, prebentzio moduan.
Zein aholku emango zenioke zaintzaile bati?
Oso garrantzitsua da konturatzea mendekotasuna duen pertsona baten ongizateak ez duela zaintzaile batenak baino gehiago balio, berdin edo gehiago zaindu behar dutela euren burua. Ezin dugu geure burua albo batera utzi beste bat zaintzeagatik, oker handia da, horrek soilik depresiora, frustraziora… garamatza. Zaindu egin behar dira.