Harrian iltzatuta

Harrian iltzatuta

Natalia Salazar Orbe

Sineskeriek eta beldurrek mugatu eta baldintzatutako gizartea nagusi izan da Bizkaian azken mendeetan. Horren adierazgarri, badira zenbait kondaira, ipuin eta pasadizo, hainbat herritan, mezu bera zabaldu dutenak. Sineskeria horietako asko Elizari lotuta egon dira. Kortxeleko mamua da horietako adibideetako bat. 1934an, 84 urteko Josepantoni Iruetarengandik jaso zuen Andoni Barrenetxeak, eta Ene Ondarru liburuan argitaratu, beste hainbat elezaharrekin batera. Jabier Kaltzakortak jaso ditu ostean horietako batzuk Lea Artibaiko ipuinak izeneko lanean. Basterretxeak jasotakoei buruz hark esana da: “Gainerako Euskal Herrian erruz bilduta dauden zenbait elezahar kostaldeko kresal usain paregabean emanak daude” haren lanean.

Leokadi gazte gangarra da Josepantoni Iruetak Bizkaiko kostaldean kokatutako ipuineko protagonista. Gaztetasunak ematen duen ausarkeriaz beteta, Kortxeleko mamuari buruz esaten zirenak ez zituen sinesten. Angelusen kanpaiak entzun ostean Andra Mari elizari hiru buelta emango zizkiona harri bihurtzen zela zioen kontakizuna, belaunaldiz belaunaldi pasatu da herrian.

Eliza, estilo gotiko berantiarreko eraikin ikusgarria da, eta haitz baten gainean dago eraikita, herriaren erdigunean. Elizaren kanpoaldea harriz osatutako apaingarriz beteta dago. Kortxelean edo erlaitzetan daude ingurua misterioz betetzen duten hainbat eskultura.

Leokadiren erronka

Elezaharraren arabera, gau batean Leokadi parrandan atera zen lagunekin. Haiekin nahikoa dantza egin ostean, etxera bidean zihoazela, buruan zeukan erronka bota zien: “Neuk baietz eman hiru buelta elizari pasealekutik!”.

Angelusa jota zegoen ordurako, noski. Batzuek etxerako bidea hartu zuten, beldurtuta. Hiruzpalau, berriz, hantxe geratu ziren, Leokadik zer egingo zuen jakin-minez. Ausartuko ote zen erabat errotuta zeuden sinesmenei desafio egiten? Edo harropuzkeriaz soilik bota ote zuen handikeria, lagunek halakorik ez zezan egin eskatu eta etxera lasai asko itzultzeko?

Ez zegoen harropuzkeriarik Leokadiren hitzetan. Erronka bota eta berehala ekin zion elizari buelta emateko bideari. Azkar egin zuen lehenengo bira, saltoka eta barrezka.

Zaratak

Bigarren buelta ematen ari zela, zaratak entzun zituzten lagunek. Gainera, Leokadi ez zen agertzen, eta beldurtu egin ziren. Handik gutxira silueta bat agertu zen. Leokadi zen, baina ez zirudien bera. Emakume baten itxurarik ere ez zeukan. Harrituta geratu ziren haren lagunak. Haiei begiratu ere egin gabe ekin zion hirugarren eta azken bira emateari. Pasealekuan barrena abiatu zen berriro.

Begien bistatik galdu zutenerako, eliza aurrean zeuden lagun guztiak ikararazi zituzten zaratak entzun ziren. Kate hots ozena entzun zen, lehenengo, eta negar intziriak, ostean. Gaueko iluntasun haren barruan, sineskeriek esaten zituztenak gogoan, eta zarata haiek entzunda egoera ezin jasanda, etxerako bidea hartu zuten denek, korrika.

Hurrengo goizean, Leokadiren etxean kezkatu egin ziren, gaztea ez zelako itzuli. Inon ez zen ageri. Ama, orduan, alabaren lagunengana abiatu zen, non zegoen argitzerik izango zutelakoan.

Dantzaldiaren ostean gazteak erakutsitako ausarkeriaren berri eman zioten emakumeari. Kontatu zioten nola Angelusen kanpaien ostean elizari hiru buelta eman zizkion pasealekutik. Hirugarren itzulia ematen ari zela desagertu zela azaldu zioten, eta orduan eurek ihes egin zutela, ikaratuta.

Leokadiren amak berehala hartu zuen eliza inguruko pasealekurako bidea. Han zegoela, gora begiratu zuen. Hura ezustekoa. Harri koskor bat erori zitzaion ondora. Elizaren erlaitzean dagoen mamuari begiratuta, oihu egin omen zuen: “Huraxe da gure Leokadi!”.

Orduz geroztik, hantxe omen dago Leokadi, harri bihurtuta, kortxeleko mamuen artean. Sinesmen herrikoiaren arabera, gazteak ondarroarrak zaintzen ditu handik.

Ondarroako gaztea du protagonista kondairak. Baina beste herri batzuetan ere badaude antzeko kontakizunak. Juan Manuel Etxebarriak ere jaso zituen Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esandak liburuan kontatutako Gaubean elizportikuari hiru buelta emon ezetz elezaharrean.