Peru Azpillaga Diez
Espainiako Kongresurako eta Senaturako hau-teskundeetako kanpainaren hasierarekin batera, pentsiodunen mugimenduak mobilizazioak egingo ditu Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako hiriburuetan eta zenbait herritan. Hala, apirilaren 28ko bozei begira, bihar pentsiodunek Bilboko kaleak hartuko dituzte; eta gauza bera egingo dute hurrengo hilean, maiatzaren 11n.
Hilabeteak igaro dira pentsiodunak mobilizatzen hasi zirela, eta, orain, hasieratik egindako aldarrikapenak hauteskundeen erdigunean kokatzeko gertu azaldu dira. Haien protestek oihartzun handia izan duten arren, gutxi izan dira neurri bihurtutako eskaerak. Horregatik, hauteskundeen abagunea aprobetxatu, eta etorkizuna eraikitzeko mugarri bihurtu nahi dute pentsiodunek, egunotan.
“Luzea izan da, mugimendua bideratzen asmatu behar dugu, urrats berriak egin, presioa bizitu… Uste dugu nolabait neurria hartu digutela eta kokatu gaituztela sistemaren beste pieza baten modura; eta guk ezin dugu hori onartu”, azaldu du Xabier Isasa Pentsionistak Martxan plataformako kideak.
Zorrotz mintzatu da. Mugimenduak hartutako indarraren jakitun, eta hasieratik plazaratutako aldarriei eusteko prest. “Europatik ere erantzun bortitzak datozela ikusi dugu, lehengo egunean pentsio pribatuak bultzatzeko neurriak bozkatu zituzten, eta, hori guztia kontuan hartuta, ez daukagu beste erremediorik”. Horregatik, Isasak argi du zein izan behar den haien zeregina: “Guk atzerapausorik emanez gero, lortu ditugun apur horiek berriro ere galduko ditugu”.
Zehaztu duenez, protestak abiatu zituztenean, beti jarri zituzten alderdiak eta instituzioak jopuntuan, bai estatu mailan bai Euskal Herrian bertan. “Gure borrokaren parte garrantzitsu bat izan da beti, haiek dutelako egoeraren ardura”.
Orain hauteskundeak datozenez, instituzioetan dauden alderdiek euren programak aurkeztuko dituzte, eta jendeari euren aldeko botoa eskatuko diote. Alderdi horien programak oraindik ezagutu ez arren, haien lana ondo baino hobeto ezagutzen dutela erantsi du Isasak. Izan ere, bere aburuz, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak pentsioen aferan urratsak egiteko ahalmena izan arren, ez dute egin nahi izan.
“Agian, ez da gure arma nagusia, baina pentsiodunok argi dugu: orain arte ez digute kasurik egin, eta, orain, bozen eske etorriko dira; beraz, aztertu beharko ditugu gure aldarriei emandako erantzunak”. Pentsiodunen aldarrikapenak egikaritzeko eta gaur egungo egoera konpontzeko, “borondate politikoa” galdegin du: “Dirua eta gaitasuna, egon, badago, eta hori da, hain zuzen ere, exijitzen dieguna”. Pentsiodunen aldarrikapenak ez dira aldatu. Dena den, Isasak argi du soldata duinik gabe, ezinezkoa izango dela pentsio duinak izatea, eta, beraz, arazoa askoz zabalagoa dela nabarmendu du.
Batasunaz, aurrera
Orain arteko aldarrikapenei eutsi eta borroka indartzea helburu, Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako pentsiodunen mugimenduek bat egin zuten, eta Gaurgeroa koordinakundea eratu zuten asteartean. “Urte asko daramatzagu lanean, eta mugimendu oso zabala eratu da gure inguruan”, azaldu du Isasak. “Konturatu gara hori baliatzeko eta indartzeko bat egin behar genuela, eta mugimendu orokor eta zabalago bati bide eman”. Izan ere, Isasak nabarmendu duenez, jendea “gogotsu” dago oraindik, aurrera egiteko eta pauso berriak emateko prest.
Era berean, emakume pentsiodunek ere euren ahotsa altxatu dute. Izan ere, haiek baitira pentsiorik txikienak jasotzen dituztenak. Horregatik, besteak beste, Oneka Euskal Herriko emakume pentsiodunen plataforma sortua dute, “diskriminazio egoera estrukturalari aurre egiteko”. Oro har, duten egoera “benetan larria” dela salatu eta urteetan egindako zaintza lanari dagokion balioa emateko eskatu dute.
Patricia Alvarez: «Emakumeon egoera askoz
larriagoa da; gure pentsioak txikiagoak dira»
Istripu baten ondorioz hartu zuen Patricia Alvarezek (Zaragoza, 1958) erretiroa. Baliaezintasun iraunkorra eman zioten, eta, 55 urte bete arte, pentsio erdia baino apur bat gehiago baino ez zuen kobratzen. Gaur egun %70 jasotzen du, 700 euro inguru. Hasiera-hasieratik murgildu da pentsiodunen borrokan, erretiratu baino lehen ere bestelako mugimendutan parte hartzen zuelako. Besteak beste, Pentsionistak Martxan eta Oneka plataformetako kidea da.
Zeintzuk dira pentsiodunek dituzuen gabezia nagusiak?
Emakumeon egoera askoz larriagoa da. Beti izan ditugu gizonezkoek baino soldata txikiagoak; beraz, gure pentsioak are txikiagoak dira. Gainera, emakume gehienek lan gutxi egin dute etxetik kanpo, edota familiakoak zaintzeko utzi behar izan dute lana. Nire adinekoak edota nagusiagoak diren emakumeez ari naiz. Horregatik, gero, pentsio negargarriak dituzte.
Zergatik da hori?
Emakume pentsiodun gehienek bizitza osoa eman dutelako etxe barruko zaintza lanak egiten, eta, beraz, ez dutelako inolako diru laguntzarik. Gainera, alargunak badira, egoera are okerragoa da. Ezagutzen dut berogailua piztu ere ezin duen jendea…
Zeintzuk dira, zure ustez, pentsiodunen erronka nagusiak?
Guztiok pentsio duinak izatea, 1.080 eurotik gorakoak. Pentsio duinak izateko, ordea, funtsezkoa da lan duinak egotea, soldata duinekin, hots, 1.200 eurotik gorakoekin –Europak ezartzen duen bezala–.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Gauzek ez dute itxura onik. Minimo batzuk lortu ezean, nik kalean jarraituko dut. Hemengo alderdiek ere asko egin dezakete, eta bada garaia behingoz gaiari heltzeko.
Eguzkiñe Mendez: «Gure bizitza guztiz baldintzatuta
dago; ezin gara biok batera atera kalera»
16 urte zituela hasi zen Eguzkiñe Mendez (Bilbo, 1954) lanean. Ama, ordea, orain dela urte batzuk gaixotu zitzaion, eta, hura zaintzeko, erretiroa hartu behar izan zuen. Hori dela eta, ez du pentsio osoa jasotzen, eta, gainera, bizitza osoa lanean eman ostean, gaur egun, guztiz baldintzatuta dago.
Nola definituko zenuke zure egoera?
Egia da, ekonomikoki, badela gu baino askoz okerrago dagoen jendea. Nik dudan arazoa pertsonala da: eguneko 24 orduak eman behar ditut ama zaintzen; lan asko eskatzen du, eta, senarraz gain beste pertsona bat ere izan arren laguntzeko, guztiz baldintzatzen gaitu.
Nola hasi zinen pentsiodunen mugimenduan?
Auzoan hainbat talde eragiletan parte hartzen dut, eta pentsiodunen mugimenduan ahal dudan heinean, baina etxeko egoerarekin ez da erraza. Batik bat, bereziki kezkatzen nau emakumeon egoerak, gizonezkoek bezainbeste lan egin arren gure pentsioak txikiagoak direlako. Horrez gain, zaintza lan guztia gure gain erortzen da, esaterako; ni gizona izan banintz, segur aski, ez nintzen erretiratuko ama zaintzeko…
Pentsioduna izateaz gain, beraz, zaintzailea ere bazara…
Administrazioak eta instituzioek gure lana kontuan izan behar dute, eta hori erraztu. Gainera, gaur egun, dena pribatizatzen ari dira. Pertsonen zaintza administrazioak kudeatu behar du, eta ez enpresa pribatuek. Orain, gure bizitza guztiz baldintzatuta dago, ezin gara biok batera etxetik atera ere.
Zergatik da garrantzitsua mobilizatzea?
Nik bizitza osoa daramat mobilizatzen, eta edozein injustiziaren aurka borrokatzen jarraitzeko prest nago. Parte hartzea funtsezkoa da, aldaketa beharrezkoa dela ikusarazteko.
Marian Fernandez: «Ez da kontuan hartzen
hainbeste urtez egindako lana; gutxietsi egiten gaituzte»
Umeak zaintzeko utzi zuen lana Marian Fernandezek (Bilbo, 1943), eta haiek hazitakoan ekin zion berriro. Ia 30 urte kotizatu ditu guztira, eta pentsio txikia jasotzen du. Bere kidearekin batera aurrera egiteko arazorik ez badu ere, argi du edozein ezustekok haien bizitzak hankaz gora jar ditzakeela.
Noiztik parte hartzen duzu pentsiodunen protestetan?
Hasieratik izan naiz pentsiodunen mugimenduaren parte. Uste dut pertsona orok lan egin behar duela gizarteko arazoak konpondu eta problematika konkretuei aurre egiteko. Halakoa izan da nire bizitza, eta hala izango da aurrerantzean ere. Are gehiago, kontuan izanda emakumeon pentsioak txikienak direla.
Zergatik gertatzen da?
Beste era batera egin dugulako lan, familiari eta etxeari lotuta egon gara. Esaterako, sobera izan ez arren, guri etxean ez zaigu ezer falta; alargunen egoera, ordea, benetan larria da, oso pentsio txikiak dituzte.
Emakumeen egoerari lotuz, zer azpimarratuko zenuke zuk?
Ez dela kontuan hartzen hainbeste urtez egindako lana. Gutxietsi egiten gaituzte, abandonatu. Urteetan funtsezko rola jokatu dugu, eta etxeko arazo guztiei aurre egin diegu; nagusi egitean, baina, hori ez da kontuan hartzen. Ez dago eskubiderik.
Administrazioak zergatik ez dio eusten arazoari?
Badakigu dirua badagoela arazoa konpontzeko: bankuei erreskatea ordaindu zaie gure dirurarekin, armada, inora ez doazen autobideak, abiadura handiko trena… eta, gero, esaten digute ezin direla pentsioak igo? Ez gara inozoak.
Zein da zuen zeregina hauteskundeei begira?
Mugimendua indartsua izanik, argi utzi behar diegu kontuan hartzen gaituenari soilik emango diogula boza.