Aitziber Laskibar Lizarribar
Ager Izagirre Mungiako alkate jeltzalearen kudeaketa susmopean dago. Kudeaketa hori ikertzeko agindu du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, baita aurreko alkate Izaskun Uriagerekaren kudeaketa aztertzeko ere. Prebarikatu ote zuten ikertu nahi du auzitegiak, eta auzibidean jarri ditu alkatea eta alkate ohia. 2011. eta 2016. urte arteko jardun batzuetan dago susmoaren oinarria. Herritar batek bien aurka jarritako kereilaren arabera, legez kanpo aritu ziren herrian txalet batzuk egiteko eman zituzten baimenetan: legez urbanizatu ezin zen eremu batean txaletak eraikitzeko baimena eman zuen udalak.
Herritar batek jarritako salaketa du abiapuntu auziak, eta, bi alkateez gain, bi zinegotzi ere salatu ditu: Zigor Uriarte egungo Hirigintza zinegotzia eta Luis Maria Elgezabal zinegotzi ohia. Iruzurra egiteko dokumentuak faltsutu izana ere egotzi die salatzaileak akusatuei. Zehazki, nekazaritza ustiategiak zeuden lur batzuetan, eraikitzea debekatua zegoenetan, familia bakarreko etxebizitzak egitea baimendu izana egozten diete salatuei, besteak beste. Udal arautegiaren arabera, bertan ezer eraikitzea debekatuta legoke salatzaileak auzitegira igorritako dokumentazioan jaso duenez.
Hain zuzen, legez kanpoko jardun horrek zuzenean kalte egin zion herritar bati, eta hark aurkeztu du salaketa auzitegian. Mungiako Larrabizker inguruan du etxea, eta eraisteko agindu du udalak. Lursaila 2008an erosi zuen haren familiak. Abeltzain pabiloi bat zegoen lur horietan, salatzailearen arabera aspalditik inolako jarduerarik ez zuena.
Saila erosi, eta eraikinean obrak egin zituen; sukaldea eta komunak ere jarri zituen. Salatzaileak berak adierazi duenez, badira hamar urte udalari ondasun higiezinen gaineko zerga ordaintzen diona. Ura, argia eta etxebizitzetako gainontzeko zerbitzuak ere baditu egokitutako pabiloiak.
2016. urtean hasi zitzaizkion arazoak jabeari. Etxebizitza zuen hartan erroldatzen saiatu zen, eta, agiria eskuratu ordez, salaketa bat jaso zuen. Hirigintza alorrean irregulartasunak egin zituela eta, salatu egin zuen udalak. Eraikina eraisteko ere agindu zuen. Jabeak helegitea aurkeztu zuen, eta EAEko Auzitegi Nagusiak iaz berretsi zuen erabakia.
Orduan jarri zen martxan jabea. Inguruko etxebizitzen egoera ikertzea erabaki zuen, eta aurrez zituen susmoak egiaztatu zituen: beste etxebizitza asko bere egoera berean zeudela ikusi zuen, baina, kasu horietan, udalak legeztatu egin zuela etxeen eta horietan bizi zirenen egoera.
Salatzailearen esanetan, ustez onurak jaso zituzten horietako batzuek alkate eta zinegotzi jeltzaleekin lotura zuzenak zituztela ikusi zuen. Udalari dokumentazio eske hasi zen, baina informazioa ukatu egin zion udalak.
Eta haserrealdia areagotu zitzaion gizonari. Salaketan jaso du sentipena: “Nire familiarentzat eskatzen dut gainontzeko auzokideei eman zaien tratu bera ematea”. Haren esanetan, bere bizilekuaren kontra soilik egin du udalak, eta gainontzekoei onartu egin dizkie berari ukatu dizkionak. Udal agintariak egin ditu erantzule: “Salatu ditudanak, arduradun publikoak direnak, euren nahien arabera erabiltzen dituzte arauak”. Komeni zaienei landa lurretan eraikuntzak mesede gisa baimendu edo legeztatzen dizkietela ohartarazi du, eta hartarako txosten eta dekretuak nahieran moldatzen dituztela.
Horiek horrela, kereila aurkeztu zuen familiak iazko udan. Salatu dituen alkate eta zinegotziek udaleko araudiari muzin “era ageri eta nabarmenean” egiten dietela dio; legez kanpo eraikitako etxebizitza asko akusatuek baimendu dituztela, eta bertan erroldatzeko aukera ere eman dietela.
Zazpi etxebizitzaren inguruko berri zehatzak eman dizkio salatzaileak epaileari. Haren esanetan, ofizialki nekazaritzarako eta abeltzaintzarako pabilioi gisa edo txakurtegi gisa “mozorrotuta eta onartuta” dauden horiek etxebizitzak dira benetan. Eta erantsi du “irregulartasun” horien jakitun dela udala.
Zinegotziaren txaleta
Salatzaileak dio kasurik argi eta nabarmenena zinegotzi ohi baten emaztearena dela; salaketa jaso duen Luis Maria Elgezabal zinegotzi ohiaren emazteak eraiki zuen txaletarena. Eta kontatu du kasua: Elgezabalen emazteak baimena eskatu zuen txalet bat egiteko urbanizagarri ez den eta 10.000 metro baino gutxiago dituen lur eremu batean. Izaskun Uriagereka zen orduan alkate, eta txalet hori egiteko baimena eman zion zinegotziaren emazteari; salatzailearen esanetan, legez kontrako jarduna zela jakin arren eman zion baimena alkate zenak.
Salatzaileak Gernikako Instrukzio Epaitegian aurkeztu zuen kereila, baina atzera bota zuen horrek, eta orain, abisua igorri dio Bizkaiko Lurralde Auzitegiak: auzia ikerketarik egin gabe atzera bota izana aurpegiratu dio, eta salatutakoa egia dela pentsatzeko nahikoa datu badaudela gaineratu du. Auzibidea abiatu eta ikerketa agindu du hargatik: Izagirre alkatea, Uriagereka alkate ohia, Uriarte zinegotzia eta Elgezabal zinegotzi ohia deklaratzera deitzeko agindu du epaileak, eta “egoki ikusten diren diligentzia guztiak” egiteko.