Peru Azpillaga Diez
Martxoko lehen asteburuarekin batera, Bilbo musika klasikoz blaitzen da urtero. Izan ere, Musika-Musica jaialdiaren bidez, Euskalduna jauregia opera erraldoi bat bilakatzen da. Haize, zur, edota korda instrumentuak; mundu mailako errekonozimendua duten artistak zein etorkizunez beteriko ikasleak; musikazale amorratuak, bai eta kuxkuxeroak ere. Denek egiten dute bat musika klasikoaren jaialdiaren festan.
Hori da Musika-Musica jaialdiaren berezitasun nagusietako bat; ohiko ezaugarrietatik ihesi, publiko guztientzat aproposa den egitaraua osatzen saiatzen da: umeentzako ikuskizunak, Euskal Herriko zein nazioarteko artistak, musika eskolen eta kontserbatorioen presentzia, kontzertu eskerga, eta prezio apalak.
2002an egin zen lehenbizikoz jaialdia. “Ideia argi batekin sortu zen: musika klasikoa publiko zabalarentzat interesgarria izan zitekeela uste genuen”, azaldu du Josune Ariztondok, Bilbao 700 Fundazioko zuzendari eta jaialdiaren antolatzaileak. Jaialdian, musika klasikoaren zenbait ezaugarri hautsi egiten dira. “Besteak beste, kontzertu asko izaten dira, baina iraupena ohiko kontzertuena baino laburragoa da: gehienez jota, ordu batekoak dira, baina gehien-gehienak, 45 minutukoak”. Horretaz gain, prezio “apalak” jartzen dituztela adierazi du Ariztondok. Sarrerarik garestienak hamabi euro balio du, eta merkeenak, berriz, bost.
“Euskalduna jauregiak halaxe egiteko aukera eskaintzen zigun, eta garrantzitsua iruditu zitzaigun”. Ariztondoren esanetan, jauregiaren azpiegiturei esker, hainbat kontzertu antola ditzakete aldi berean, eta, gainera, eskaintzen duen espazio libreari esker giro “aparta” sortzen dela azpimarratu du: “Kontserbatorioak izaten dira euren emanaldiak egiten, adineko zein gazte jende andana ibiltzen da, eta jauregiak musikaz blai egiten du”.
Jaialdiaren erroetara joz, Nanteseraino (Bretainia) egindako bidaia ekarri du gogora Ariztondok. “Ordurako, han bazebiltzan halako esperientzia batekin; hori ezagutu genuen, eta lehenengo urteetan euren eskutik egin ziren kontzertuak”. Ostera, ordea, “arrakasta” izan zuela ikusita eta eskura zituzten azpiegiturak kontuan izanda, bide propioa jorratzen hasi zirela azaldu du Ariztondok: “Eta hala heldu gara hemezortzigarren ediziora arte”.
Lehenengo urteetan, 40 kontzertu inguru izaten zirela kontatu du Ariztondok, eta “pixkanaka” haziz joan dela egitasmoa. “2013an eta 2014an gailurra jo genuen, 80 bat kontzertu antolatuta”. Aurten, 70 emanaldi izango direla jakinarazi du, eskaintza zabaltzea dutelako orain helburu: “Horietatik hamar, umeentzako kontzertuak edota bestelako emanaldi bereziak izango dira”. Halaber, Ariztondok jakinarazi duenez, helburua ez da “inondik inora” ekonomikoa, kulturala baizik: “Kultur inbertsioa da Musika-Musica jaialdia, ahalik eta eskaintzarik zabalena egitea da asmoa, kanpoko zein bertako artistak batuz”. Atzo abiatu zen aurtengo edizioa, irekierako kontzertuarekin, eta, gaurtik igandera bitartean, Euskalduna jauregiak “gainezka” egitea espero du Ariztondok.
New Yorketik Londonera
Gainera, Musika-Musica jaialdiak urtero gai berezi bat izaten duela azaldu du Ariztondok: “Aurten, New York-London da hautatutako gaia”. Batetik, Erresuma Batuan XIX. mendean nazionalismoa deituriko mugimendua sortu zelako: “Kontsumitzaile izateari utzi, eta berriro sortzaile bihurtu ziren”. Bestetik, XX. mendean, batik bat New Yorken, Ameriketako musika klasikoaren sorrera gertatu zelako. “Gerrako emigrazioak sustatuta, Estatu Batuetako musika kultua jaio zen, gerora zenbait korronteri bide eman ziena”.