Peru Azpillaga Diez
Getxok gaur egun eskuragarri dituen etxebizitzek ez dituzte asetzen biztanleen beharrizanak. Hala uste dute gutxienez Getxon Bizi plataformako kideek. Azken urteetan jaso dituzten zenbait datuk piztu dute plataforma osatu duten bizilagunen kezka. Besteak beste, Getxok gero eta biztanle gutxiago ditu, eta, gainera, biztanle horien batez besteko adina gero eta handiagoa da. Horrekin batera, salatu dute gazteek ez dutela aukerarik udalerrian bizitzeko, alokairuen eta etxebizitzen kostu “handia” dela-eta, eta horrek “kolokan” jar dezakeela udalerriaren etorkizuna.
Egoera horri aurre egiteko eratu dute Getxon Bizi plataforma, eta helburu argi bat ezarri diote: etxebizitzen sustapena bultzatzea, batez ere izaera publikoa dutenena, baina betiere hirigintza ikuspegi “arduratsu, sozial, jasangarri eta parekide” batetik abiatuta. Hala, martxan jarritako egitasmoen artean, eskatu dute 2016ko ekainean aurkeztutako Arteagako Plan Partziala onartzeko eta burutzeko, eta, hori lortzeko, Internet bidez sinadurak biltzen hasi dira Getxoko biztanleen artean.
Plataformaren arabera, plan hori gauzatuz gero, babes publikoa duten 1.510 etxebizitza eraikiko dira, eta horrek gazteei aukera emango die Getxon bizitzeko. Era berean, jakinarazi dute planak bertako 2.000 zuhaitz landatzea aurreikusten duela, eta 500.000 metro koadroko gune berde eta ireki bat sortuko litzatekeela udalerrian bertan.
Datu “kezkagarriak”
Espainiako Estatistika Institutuak (INE) 2017an argitaratutako datuen arabera, Getxoko adin sektoreen artean biztanle gehien duen tartea 55 eta 60 urte bitartekoa da, eta horri gertutik jarraitzen diote 60-65 eta 50-55 urte bitarteko adin tarteek. Halaber, Getxon Bizi plataformak plazaratu duenez, Getxoko udalerriko biztanleria urritzen ari da: 2012az geroztik, 1.750 biztanle galdu ditu.
Arazo horren arrazoia, ostera, etxebizitzaren prezioak izandako gorakada dela dio Getxon Bizi plataformak. Izan ere, plazaratu du 2018an Getxoko metro koadroaren batez besteko prezioa %2,60 garestitu zela, eta 3.478 euroraino iritsi. Hala, salatu dute Getxon metro koadroa Bizkaiko beste udalerrietan baino %30 garestiagoa dela, eta Bizkaiko udalerririk garestiena dela. Gainera, nabarmendu dutenez, etxebizitza bat erosteko edota alokatzeko egin beharreko inbertsio “handiak” nabarmen murrizten du herritarren erosketa ahalmena, eta horrek “balazta efektua” eragiten du herriko jarduera ekonomikoari dagokionez.
Adierazi dute horren ondorioz gazteek alboko herrietara joan behar dutela bizitzera, ezin dutelako etxebizitza bat alokatu edo erosi. “Getxon Bizin uste dugu gai izan behar dugula errealitate horri irtenbide egokiak emateko. Herritar gisa hausnartu egin behar dugu zer udalerri eredu lortu nahi dugun”, azaldu dute.
Plataformakoek deritzote datuek agerian uzten dutela arazoaren tamaina. Getxon, 4.443 auzokidek dute izena emana Etxebiden babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratu ahal izateko; hots, 2017. urtean baino mila pertsona gehiagok. “Getxoko Udalak ez du eskaintza hori guztia asetzeko gai den proiekturik”, ondorioztatu dute. Horregatik, Getxon Bizik parte hartze eta hausnarketa kolektiborako prozesuak aktibatu nahi ditu, bere ustez udalerriak etxebizitzaren alorrean behar duen biziberritzeari erantzuna emateko; “batez ere, babes ofizialeko etxebizitzei lotuta”, erantsi dute.
Hurrengo ekintzei dagokienez, Getxon Bizik bilerak egingo ditu udalerriko zenbait gizarte eragile eta auzo elkarterekin, bere proposamena helarazi eta udalerriaren inguruan dituen kezkak ezagutarazteko. Eta, era berean, herritarrei dei egin die egitasmoarekin bat egin dezaten, Getxok haien “beharrizanei” erantzungo dien etxebizitza eskaintza bat izan dezan.