Natalia Salazar Orbe
Norbere jarduerek eragin zuzena dute ingurumenean. Hori horrela izanik, bakoitzak etxean eta egunerokoan egin ditzakeen ohitura aldaketetatik has daiteke aldaketa orokorra, globalagoa. Errealitate horren jakitun, gero eta handiagoa da kontsumo ohiturak eta bizi ereduak aldatu beharrari buruzko kontzientziazioa. Lan eta asmo horretan ale koskor bat jarriko du, beste urte batez, Berdeago azokak, Durangon. Zazpigarrena dute aurten. Eta berritasunekin dator: “Aurtengo azokak bisitaria inplikatu nahi du”. Hala azaldu du Karmele Gomez antolatzaileak. Hori guztia, betiko helburuari helduta: biztanleria kontzientziatzea eta merkatuan diren aukerak ezagutzera ematea.
Bisitarien inplikazioa lortzeko, Gune Soziala eremua prestatu dute. Agente askoren arteko harreman sareak josi eta indartzea du helburu eremu berri horrek, baita sare sozialei eta jarduera digitalei protagonismo handiagoa eskaintzea ere. Besteak beste, errealitate areagotua lantzeko aukera eskainiko dute. Azokak iraungo duen bost egunetan izango da bertan.
Landako gunea izango du biltoki jasangarritasunari eta ingurumenari buruzko feriak. Baliabide globalen erabilera arduratsuaren aldeko apustua egingo dute, aurten ere. Hainbat jarduera, erakustaldi eta tailer antolatu dituzte helburu horretara begira. Besteak beste, eraginkortasun energetikoa, eguzki energia fotovoltaikoak eskaintzen dituen aukerak, eguzki energia termikoa eta komun lehorren aukerak aurkeztu eta aztertuko dituzte.
Adituen topaketa
Arlo horietan trebatuta dauden eragile batzuek jardungo dute azokak iraungo duen bi asteburuetan. Gaur, Berdeago Energy programari hasiera emango diote. Igandera bitartean, energia berriztagarriei, mugikortasun jasangarriari eta hondakinen tratamenduei buruzko aukerak ezagutzeko espazio bihurtuko da eremua. Beren produktuak eta zerbitzuak ezagutaraziko dituzten 50 erakusle inguruk egingo dute bat Landako gunean.
Datorren astebururako, Berdeago Nature prestatu dute. Ziurtagiria duten produktu ekologiko eta naturalen aukera zabala eskainiko dute ostiralean eta larunbatean. 66 enpresa elkartuko dituzte, 49 erakusletan, eta, besteak beste, gai hauek landuko dituzte: osasuna eta ongizatea, etxe osasuntsua, moda, kosmetika eta elikadura ekologikoa, ekonomia soziala eta hirugarren sektorea.
Hala, denborak ez ezik, gaiek ere bereiziko dituzte lehenengo asteburuko saioak eta bigarrenekoak. “Berdeago Energyn, gai hauetan sakonduko dute hitzaldi eta tailerren bitartez: eraginkortasun energetikoa; eraikuntzako baliabideak eta ekonomia zirkularra; irisgarritasuna eta mugikortasuna; bizigarritasuna eta barne konforta”. Bestalde, Berdeago Naturek Erabaki kontzienteak deitutako blokea izango du. Gai hauek landuko dira bertan: elikadura jasangarria, natura eta balioak, ingurumen eta nekazaritza jasangarriak, moda jasangarria, ongizatea eta osasuna, eta ingurumena eta gizartea.
Elikadura jasangarriari dagokionez, elikadura kontziente baten alde kontsumo kontziente, arduratsu eta plastikorik gabea praktikatzearen onurei buruz ariko dira. Datorren asteko larunbatean izango da hori. Elikadura jasangarriari buruzko irizpideak ere emango dituzte. Hurrengo egunean, berriz, etxean ogia egiten ikasteko tailerra emango du Ogiterapiaren buruak, Edu de la Horrak.
Gunez gune
Bost gunetan bereizi dute azokaren eskaintza: Gastro, Hitz Berdea, Zirkulu Berdea, Film Berdea eta Gune Soziala. Hitz Berdea guneak ingurumenaren jasangarritasunari buruzko hitzaldiak hartuko ditu. “Baita mahai inguruak, yoga saio bat eta desfilea ere”. Horra hor beste berritasunetako bat: moda jasangarriaren desfilea. Gainera, horren aurretik, arropak ekoizteko eta erosteko beste era bat aurkeztuko dute.
Zirkulu Berdeak “bisitariarengandik gertuago egon nahidu. Baita produktuetatik eta hizlariengandik ere”. Espazio bat prestatuko dute esperimentatzeko, ikasteko, eta energiarekin, berrerabilerarekin eta zientziarekin lotura duten jarduera ludikoen bitartez ezagutza garatzeko. Egurrezko domo erraldoi bat izango da proposamen horien guztien biltokia. “Tailerrak, dastaketak eta showcooking-a antolatu ditugu bertan”.
Film Berdea guneak Landakotik Plateruena kafe antzokira eramango du azokaren txoko bat. Bi film emanaldi egingo dituzte han, otsailaren 9an: Telmo Esnal zinemagilearen Dantza proiektatuko dute, eta, lehenago, Kepa Aceroren eta Eva Diezen It’s not Only emango dute. Senegalen (Afrika) egindako truke programa bat du ardatz. Emanaldia bukatzen denean, bizi izandako esperientziaren berri emango dute egileek.
Gastro gunean zer jan eta zer edan aurkituko dute bisitariek. “Hainbat foodtruck eta barra bat jarriko ditugu, guztiok gustura sentitu ahal izateko Landako gunean”. Gune Sozialak biribilduko du eskaintza osoa.
Urtean 17.000 bisitari
Gomezek garrantzi berezia eman dio Berdeago azokak daukan helburuari: “Azoka egunetan bisitariak eta enpresak elkarrekin harremanetan jartzea eta nobedadeak gerturatzea, gure kontsumo eredua jasangarria den jakin dezagun”. Gune askok, gainera, “aukera ematen dute esperimentatzeko, ikasteko eta jasangarritasunaren inguruan dugun ezagutza garatzeko”. Aukera hori urtean 17.000 bisitariri ematen diete, 115 enpresaren bitartez.