Natalia Salazar Orbe
Burmuinak bere gaitasunen %10 besterik erabiltzen ez duen ustea zabalduta dago. Albert Einsteinek egindako baieztapentzat jotzen dute askok, baina okerra da; haren adierazpen batzuen interpretazio okerra. Zientziologiak ere baliatu duen baieztapena da, gizakiak alde ezkuturen batean telekinesia bezalako gaitasunak dituela zabaltzeko. Baieztapen hori gezurtatu badute ere, burmuinaren gaitasuna harrigarria denik ezin uka daiteke. Hala utziko dute agerian gaurtik etzira arte Bilborocken egingo duten BBK Open Science, Bioaching & Open Labs Fest jaialdian.
Neurozientzia erakustaldiak izango dira harridura gehien sortuko dutenetakoak. Pertsona batek eskua itxi eta hari konektatuta dagoen beso robotiko batek mugimendu bera nola egiten duen erakutsiko dute. Edo, robotaren ordez, beste pertsona bati, hark nahi gabe, eskua itxiaraziko diote: beste pertsona baten besoa norbere burmuinarekin kontrolatuko dute, beraz. Horiexek, besteak beste, egunotan ikusi ahalko direnak.
Azalpen zientifikoa badute, noski, praktika horiek. Ricardo Mutuberria BBK Open Science Festen eta irabazi asmorik gabeko BIOOK elkartearen zuzendariak eman zituen xehetasunak, jaialdiaren aurkezpenean: burmuinak gihar bat uzkurtzeko agindua ematen duenean, seinale elektriko bat sortzen du. Seinale edo bulkada analogiko horiek seinale elektriko digital bihurtzen ditu makina batek, eta esku robotikoa mugiarazi. Gauza bera egin dezake beste pertsona baten besoarekin ere; berak nahi ez duela mugiarazi, alegia.
Bitxia da. Izan ere, esperimentuaren aldaera txiki bat eginda, emaitza ez da bera. Robota eta berau mugiarazteko energia sortuko duen gizakia makina berera konektatuta egonik, eskua beste norbaitek itxiaraziz gero, alegia, bere burmuinak mugimendu hori egiteko agindu ezean, beso robotikoak ez du itxiko eskua. Beraz, burmuinak agindu hori ematea beharrezkoa da. Sistema bera erabilita, argiak nola piz daitezkeen edo dron bat zer nola mugitzen den ikusi ahalko dute jaialdira gerturatzen direnek.
Egizu zientzia! lelopean BBK Open Science, Bioaching & Open Labs Fest-en lehen edizioak eskainiko dituen aukeretako batzuk baino ez dira aipatutakoak. Hainbat tailer eskainiko dituzte, eta horietan, besteak beste, janarian transgenikoak antzemateko, osasun egoera ebaluatzeko masaileko zelulen material genetikoa aztertzeko edota bioinprimagailu bat egin, aldatu eta erabiltzeko aukera emengo dute.
Zientziaren eta biologiaren praktika herritar guztiei hurbiltzeko egitekoa ere jarri du helburutzat jaialdiak. Do It Yourself Biology nazioarteko mugimendua sakonago ezagutzeko aukera izango da. Zientziarako gerturatze hori, ikerlari profesionalen erremintak eta metodologiak baliatuta eskaintzen die mugimenduak herritarrei.
Jaialdira doazen ikus-enzuleak izango dira protagonista nagusiak. Aisialdi giroan, barruan duten zientzialaria esnarazi ahalko dutela azaldu dute antolatzaileek.
Zurrunbilo handi baten hasiera besterik ez du ezarriko. Izan ere, Bizkaian herritarrentzako zabalik egongo den lehen Open Lab laborategia irekitzeko oinarriak finkatu nahi ditu. Beste herri batzuetan badaude era horretako esperientziak. Mutuberriak azaldu duenez, “zientzia profila duten edo ez duten pertsonek zientzia proiektuak praktikatu eta garatzen dituzten eremuak dira”. Era horretako laborategia sortuko dutela ziur azaldu da, baina horretarako “interesa duen komunitate bat” osatu behar da. Asteburu honetakoa horretarako lehen pausoa izango da.
Gertuko eta eguneroko egoerak aztertuko dituzte antolatutako tailerretan. “Gure zelulen genomak aztertuta gure ingurunearen osasuna eta geurea zer nolakoak diren ikus dezakegu”. Erakustaldi eta esperimentu gehienak bertan egindako aparatuekin gauzatuko dituzte.
Antolatzaileek ez dute nahi herritarrek zientzia egiteko goi mailako ikasketak gauzatu arte itxaron behar izatea. “Ikerketa zientifikoak eskubide bat izan beharko luke. Kirola, arte ederrak, musika, robotika edo elektronika praktikatzeko hainbat espazio dugu. Baina benetako zientzia egin nahi izanez gero, karrera zientifiko bat bukatu eta ikerkuntza beka bat lortu arte itxaron behar duzu”. Bere esperientziaren berri eman zuen, hala, Mutuberriak. “Mugimendu honek zientziarako trebakuntza praktikoa ahalbidetzen duten espazio eta ekosistemak sortzea bultzatzen du. Herritarrak gaitu eta ahalduntzeaz gain, ateak irekitzen dizkie bioekonomia, ingurunearen hobekuntza eta jasangarritasuna suspertzen dituzten proiektu, produktu eta zerbitzuei”.
Sarrera, doan
Jaialdirako sarrera doakoa da. Baita jarduera eta tailer gehienak ere. Hala ere, horietako batzuetan parte hartzeko 5 eta 14 euro artean ordaindu behar da. Kontuan hartu behar da sortuko dituzten aparatuak etxera eramango dituztela parte hartzaileek.
Do It Yourself mugimenduaren barruan hainbat alor landuko dituzte. Besteak beste, genetikaren aplikazio harrigarriak utziko dituzte agerian. Fluoreszentzia baliatuta transgenikoak antzemateko aparatu bat egingo dute.
Osasunaren arloarekin lotuta, berriz, DNAren kalteak antzemateko norberak fabrikatutako mikroskopioak eta profesionalenak erabiliko dituzte.
Mikrobiologiarekin lotuta, origami teknikaren bidez edo laser argiz dabiltzan mikroskopioak egingo dituzte. Egindako mikroskopio horiekin zein profesionalen aparatuekin hainbat elementu aztertuko dituzte. Besteak beste, ur tanta batean dagoen mikrobizitza, norbere gorputzeko zelulak zein goroldioan bizi diren mikroorganismoak. “Bateko eta besteko urek zer nolako mikrobizitza duten aztertuko dugu”. Datu ikusgarriak ere eman ditu Mutuberriak. “Goroldioan aurki daitezkeen mikroorganismoetako batzuk ia hilezkorrak dira. Espa ziora ere eraman dituzte, eta erradiazioaren aurrean bizirik irauten dute”.
Ingurumena eta giza gorputza ezagutzeari garrantzitsu deritzote antolatzaileek. “Noraezean goaz ingurumenaren zaintzari dagokionez. Zerbait maitatzeko, ezagutu egin behar duzu”. Era horretako esperimentuek eta jakintzek kontzientziak eta jokabideak aldaraz ditzaketela sinetsita dago.
Osasunari dagokionez ere lagungarri izango direla uste du. Neuronek zer nola funtzionatzen duten eta zer nola ugaltzen diren ikusiko dute. Saioak baliatuko dituzte azaltzeko jarduera fisikoa lagungarria dela, eta, besteak beste, alzheimerraren kontra lagun dezakeela.
Artea eta biologia uztartzen dituzten saioak ere ez dira faltako. Botanikari eta arteari espazio propioa egin diote jaialdiaren barruan. Doako hiru tailer eskainiko dituzte. Horietan, loreen historia naturala eta loreek artean duten lengoaia emango dute ezagutzera. Hain zuzen, garai viktoriarrean loreen bidezkoa mezu kodifikatuak bidaltzeko komunikabide ezaguna izan zen. Loreen zatiak hartuta konposizio propioa sortzeko aukera izango dute tailerrean parte hartzen dutenek.
Arte Garaikidearen korronte berrienetako bat da Bioarte hori, eta alderdi zientifikoak zein teknologikoak hartzen ditu aintzat. Laborategiko teknikak erabiltzen ditu eta sistema biologikoak, organismoak eta materia organikoa baliabide artistikoak balira bezala erabiltzen ditu.
Tailerrak osatzeko mahai inguruak eta hitzaldiak ere izango dira. Denak uztartuta, abiatzear da zientzia adin guztietako bisitariei gerturatuko dien jaialdia.