Postalerako Bilbo

Postalerako Bilbo

Natalia Salazar Orbe

Industrializazioak eraikitako eredua eraitsi egin dute Bizkaian. Desindustrializazio prozesu sakona bizi du lurraldeak. Bereziki, Bilbok eta haren inguruek. Hiriaren norabidea errotik aldatu da. Eredu berri baten aldeko apustua egin dute. Bigarren sektorea atzean utzita, hirugarren sektorea alfonbra gorriaren gainean sartu da. Ez da izan egun batetik besterako aldaketa, hausnarketa eta estrategia batzuei jarraitu dien prozesua baizik. Hiriburuan, irla bihurtu duten Zorrotzaurre da, agian, aldaketa horren isla nagusia. “Bilboko Manhattan” gisa aurkeztu zuen Juan Mari Aburto alkateak. Baina prozesu horrek hainbat adar ditu, eta hartutako estrategiek ondorioak dituzte herritarrengan. Turismoa erakartzeko programak, ekitaldi handiak hartzeko kanpainak… Denek dute isla eta eragina herritarrengan eta lurraldearen etorkizunean.

ZORROTZAURREKO IRLA

Guggenheim museoaren ostean, Zorrotzaurrekoa da hiri eredu berriaren oinarria. Urriaren hasieran bidea zabaldu zioten errekako urari, Zorrotzaurreko penintsula uharte bihurtzeko helburua gauzatzen ari diren erakusgarri. Auzokideen protesta aurkitu zuten: This is not Manhattan, Erribera baizik zioen pankartaren atzean. Nerea Etxaniz Osa auzokideak salatu zuenez, urte luzez “ezin izan dugu espaloi bat ere konpondu. Planaren zain egon gara, eta, iritsi denean, ez da izan auzokideentzat”.

Denera, 840.000 metro koadroko azalera du eremuak. Irlan lurreratuko diren proiektuen aurrerapenak egin dituzte jada: etxebizitzak eta unibertsitateak hartuko dituzte, besteak beste. Aburtok iragarria zuen Bilbo unibertsitate hiri bihurtzeko asmoa.

Eraldaketa martxan da. 4.0 industriaren epizentro bilakatzeko pausoak ematen hasi dira. DigiPen Institute of Technology-ren campus berria zabalik da jada. Bideo jokoen unibertsitate moduan ezagutzen da. Torlojuak egiten zituen lantegia kanpotik, barrutik eta errotik aldatu dute. Orain, simulatze interaktiboa eta arte digitala irakasten dituzte bertan.

Urriaren 10ean, zentro berria inauguratzeko ekitaldian, alkateak “jakintzaren, talentuaren eta gazteriaren uharte” gisa aurkeztu zuen Zorrotzaurre. Esker oneko hitzak egin zizkion Claude Comair DigiPeneko presidenteari, “DigiPen eta Bilbo izenak munduan barrena loturik joatea posible egin duen egitasmoa” gauzatu duelako.

Goi mailako irakaskuntza pribatuarentzako ostatu ere bihur liteke Zorrotzaurre. Deustuko Unibertsitateak, izan ere, bertan Medikuntza campus berria irekitzeko asmoa agertu du. Iragarpenak kritikak piztu ditu. Besteak beste, EHUko Medikuntza eta Erizaintzako ikasleen kontseiluak onartezintzat jo du unibertsitate pribatua jartzeko erabakia.

EKITALDI HANDIAK

Bilbo eta Bizkaia izenak munduan zabaltzea. Horixe da Aldundia eta Bilboko Udala buru-belarri sustatzen ari diren helburua. Ahaleginak eta bi egin ostean, lortu dute nazioarteko izen handiko jaialdiak erakartzea. Bertan izan dira World Football Summit bilera, World Metrorail & Light Rail kongresuak, Errugbiko Champions Cup eta Challenge Cup finalak, The World’s 50 Best Restaurants ekitaldia, MTV European Music Awards sari banaketa ekitaldiari lotutako ikuskizunak, BBK Live, BIME, Espainiako Vueltaren 17. etapa… Bilbo Bizkaia marka nazioartean proiektatzeko ekitaldi garrantzitsuak antolatu dituzte, aldundiko ordezkariek urte hasieran iragarri bezala.

Zeresanik handiena eman dutenetakoak MTV telebista katearen EMA sarien emanaldiaren galako eta aurreko ikuskizunak izan dira. Komunikabideek eta sare sozialek Bizkaia, Bilbo zein Barakaldo izenak milioika etxetara eraman dituzte. Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta Aburto alkateak emandako datuen arabera, 180 herrialdetan eta 450 milioi etxetan ikusi zuten BECen egin zen gala. Zenbakiak izan dituzte aztergai; ez, ordea, zabaldutako edukiak. Oso adierazgarriak dira Camila Cabello abeslariak —gala hartako irabazle nagusiak— Twitterren botatakoak: “I love Spain so much, la comida, la música, la gente, el flamneco, el jamón de beyota. Me encanta!“. “Te quiero Bilbao” ere bota zuen, ondoan Espainiako bandera jarria zuela.

ALOKAIRU GARESTIAK

Etxebizitzaren bilakaera da polemika sortzen duen beste ataletako bat. Bilbon ustea edo pertzepzioa zena baieztatu egin du ikerketa batek. Hiriburu erdiguneko etxebizitzak alokatu edo erosteko prezioak oso garestiak dira. Alokairuen eskaria urtetik urtera handitu arren, horren aldeko apustua egiten dutenek auzoetara jo behar dute, higiezinen agentzia batek martxoan aurkeztutako azterketaren arabera. Zazpikaleak, Zabalgunea, Abando eta Indautxu dira eremurik garestienak. 1.000 euro baino gehiago ordaindu behar da alokairua; bertako etxebizitzen %80tan, berriz, 1.200 eurotik gora.

Hirigunetik kanpo ere, desberdintasun handiak daude etxeen kokalekuaren arabera. Tamaina ertaineko etxebizitzak aztertu dituzte. Errekalden, Otxarkoagan eta Zorrotzan, batez beste, 500 eta 600 euro artean alokatzen dira etxebizitzak. Uribarrin, Santutxun eta Abusun, 650 eta 720 euroren truk, eta Deustun eta San Ignazion, 850 eta 900 euro artean daude prezioak.

TURISMOA

Prezioen garestitzean turistei begirako alokairuek ere zeresana dutela uste dute, besteak beste, SOS Alde Zaharra taldeko kideek. Salatu dute bertako gazteentzat han bizitzea ezinezko bihurtzen dela salneurrien garestitzearen ondorioz. Kalera ere atera ziren, Bihotzean Zazpikaleetako auzo elkartearekin batera.

Udalak urte hasieran onartu zuen etxe turistikoentzako araudia. Etxeetako lehen solairuetan etxe turistikoak jartzeko aukera baimendu zuen. Zazpikaleetan eta Bilbo Zaharrean, atari bakoitzean era horretako etxebizitza bakarra jar daiteke. Hala ere, alokairua gelaka eginez gero, baimenek ez dute mugarik.

Etxe turistikoen jabeen elkartea araudiaren kontra azaldu da, “konpetentzia askearen aurka” egiten duela argudiatuta. Eta auzokideak ere ez daude konforme. “Turistifikazioa geldiarazteko” eskatu dute: “Turistak prest daude ohiko merkatuko prezioa baino gehiago ordaintzeko. Ondorioz, jabeek nahiago dute etxeak haiei alokatu luzerako alokairuak egin baino”.

HOTELAK

Argi dago Bilbok gero eta turista gehiago hartzen dituela urtetik urtera. Hotelen areagotzea da bilakaera horren adierazgarri. Zerrenda luzea da. Millenium inbertsio taldeak lau edo bost izarreko hotela irekiko du Kale Nagusian dagoen Santander bankuaren egoitzaren gainean. Eta Hispania funts taldeak hotel berria ireki nahi du La Granja kafetegiaren eraikinean. Eraikin historikoa denez, legez babestuta dago. Beraz, Bilboko Ondare Batzordeak onespena eman behar dio oraindik proiektuari.

Alde Zaharrera ere iritsi da joera hori. Bost izarreko luxuzko hotel bat prestatzen ari da Fattal Hotels Israelgo ostalaritza kate handiaren Leonardo filiala Areatzan, Laboral Kutxarena zen eraikinean. Oraindik ez dute jakinarazi noiz zabalduko duten.

Erribera kaleko 13. zenbakian Zubicaray enpresaren biltegia izan zen eraikina ere hotel bihurtuko du Biyou Hotels enpresak. Lau izarreko hotela egingo du.

Jesuitek Aiala Kantzilerraren kalean duten egoitza ere lau izarreko hotel bihurtuko du Sercotel konpainiak. Vincci kateak ere bere lehen hotela zabaldu berri du Bilbon. Mazarredo kalean dago, luxuzko eraikin batean. Han zegoen aterpea bota ostean egin dute eraikin berria.

PARTE HARTZERIK EZA

“Hiritarrentzako Bilbo” egiten ari direla esana du Juan Mari Aburtok. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, aldiz, hiria antolatzeko prozesuan euren iritzia kontuan ez hartzea leporatu dio udalari. 25 auzo elkartek osatzen dute federazioa. Udaberrian manifestazio bat egin zuten Bestelako Bilbo posible da. Kalea ez da isilduko lelopean. Auzo elkarteen hitza entzun eta aintzat hartzen ez dutelako atera ziren kalera.

Javier Muñoz zen orduan federazioko lehendakaria. Bilbo aldatu beharraz mintzatu zen manifestazio haren bezperan. “Hiriburu sozialagoa eta bizitza kalitate hobea duena egin nahi dugu”. EHUko Opi ikerketaren emaitzak ekarri zituen gogora: bizitokiak bizi itxaropenean duen eragina zehazten zuen azterlanak. Haren arabera, Bilboko lekurik aberatsenean dute bizi itxaropenik handiena: Albia eta Kale Nagusi inguruetan (85,9 urte); Bilbo Zaharrean baino ia 15 urte gehiago.

Udalaren estrategiaren diagnosia egin zuen Muñozek: “Erdiko klaseko herritarrak biltzen dituen Bilbo eredua ari dira eratzen, eta apalagoa den jendea hainbat esparrutatik botatzen ari dira. Bilbo Zaharrean, adibidez, nabarmen ari da nabaritzen. Postal txarteletan irudikatzen den Bilbo eraiki nahi dute, kanpora begirakoa”.