Herritarren gogoa 1980ko hamarkada bukaeran zutenaren parekoa da. Baina oraingo honetan, orduan ez bezala, helburua lortuko dutela sinetsita daude. Usansolo Galdakaotik bereizi eta auzo izateari utzita herri bihurtzea: horixe nahi dute. Horretarako sortu zuten Usansolo Herria plataforma iazko martxoan. Urteurrenean, orain arte egindako lanarekin pozik eta etorkizunera begira itxaropentsu agertu da Jaione Epalza, plataformako presidentea: “Aukerak badaude beste segregazio prozesu bat martxan jartzeko. Eskualdeko lurralde plan partziala oraindik ez da itxi, eta baikorrak gara. Horregatik sortu genuen plataforma. Ezingo dugula lortu pentsatuko bagenu, ez ginateke ezertan hasiko. Ez du merezi alferrik lanean ibiltzea”. Bere esanetan, plataforma sortzeko izan duten motibazioa argia da: 1990eko hamarkadan lo geratu zen segregazioa prozesua esnatu eta berriz ere martxan jartzea.
Harako prozesu hura 1987an abiatu zuten. Urte hartan herri galdeketa bat egin zuten, eta Usansoloko bizilagunen %85 Galdakaotik bereiztearen alde agertu ziren. Herri burujabe bat nahi zuten. Gainera, ez zeuden pozik Galdakaoko Udalak eskainitako arretarekin. Baina, hori baino gehiago, usansolotarrek duten herri kontzientzia izan zen akuilu nagusia. “Identitate propioa daukagu. Herria izateko gaitasuna daukagu. Eta proiektua bideragarria da erabat”, arrazoitu du Epalzak herritarren gehiengoak sostengatzen duen aldarrikapena.
Galdakaoko Udalean osoko bilkura egin zuten 1988ko otsailaren 25ean. Bizkaiko Foru Aldundiari ikerketa sozioekonomikoa egiteko eskatzea erabaki zuten zinegotziek, Usansolo herri gisa bideragarri izango litzatekeen jakiteko. Aldundiak Hiri-Lur aholkularitza enpresari agindu zion lana, eta emaitzak ez zion zirrikiturik utzi zalantzari: Usansolo bideragarria zen herri gisa. Hori horrela, Galdakaoko Udalak kudeaketa batzorde bat sortzea erabaki zuen. Garai hartan Galdakaoko Udalerako hauteskundeetan usansolotarrek emandako botoak erabili zituzten ordezkaritza ezartzeko irizpide moduan. Hiru kide zituen EAJk, hiru Herri Batasunak, beste hiru Eusko Alkartasunak, eta bi ziren PSEk.
Kudeaketa batzorde horren lan arloak bost hauek ziren: mugak, ekonomia, zerbitzu publikoak, ondarea eta herritarrak. Bizkaiko Foru Aldundiak laguntzen zuen diruz, eta egoitza propioa ere bazuen. 1991ko urtarrilaren 23an, kudeaketa batzordeko eta Galdakaoko Udaleko ordezkariek bilera egin zuten, Usansoloren mugak zein izango ziren zehazteko. Hiri-Lur aholkularitza enpresaren txostenak ezarritakoak adostu ziren, bi aldaketarekin: Aretxabalagane izango zen herri berriaren muga naturala, eta 173. lursaila Usansoloren parte izango zen.
Azken orduko iritzi aldaketa
Epalzak gogora ekarri duenez, herri izateko baldintza guztiak betetzen zituen eta gaur egun ere betetzen ditu Usansolok. “Prozesua ia bukaeraraino eraman izanak frogatzen du hori”, dio. Herri izateko eskatzen diren baldintzak hauek dira, besteak beste: herrigunearekin gutxieneko distantzia bat izan behar du, eta biztanle kopuru jakin bat, eta herritarrek behar dituzten gutxieneko zerbitzuak eskaintzeko gai izan behar du. “Aldundiaren arabera, den-dena betetzen genuen, baina EAJk beste ikerketa bat atera zuen, proiektua ez zela bideragarria zioena”. Udaleko teknikariek egindako ikerketa da.
Epalzak ez daki zer dela-eta azken unean jeltzaleek ez zuten begi onez ikusi segregazioa. “Agian, Galdakaorako kaltegarria dela pentsatzen dute. Momentu hartan ez zitzaien interesatzen Usansolo bereiztea, eta bertan behera utzi zuten, nahiz eta hasieran alde egon ziren”.
Edonola ere, orduan lanean ibili zirenek gauzak ondo egin zituztela dio. Eta, horri esker, prozesua berriz martxan jarri ahal izan dute. Herritarren nahia ere ez da aldatu. Iazko udal hauteskundeetara aurkeztu zen Usansolo Herria plataforma, eta 1.593 boto eskuratu zituen. “Historian alderdi politiko batek ere ez du horrelako sostengurik lortu gure herrian”. Horri esker bi zinegotzi dituzte Galdakaoko Udalean.
Lan instituzionala egiten dutela dio Epalzak. Alegia, Usansoloren ordezkariak dira Galdakaon. “Herri guztiaren bozeramaile lana betetzen dute. Duela gutxi Usansolon herri galdeketa bat egin dugu, eta jendeak beharrizanak eta gabeziak zein diren zehaztu digu. Bi zinegotzion lana hori guztia Galdakaoko Udalari aurkeztea da bereziki”.
Segregazio prozesuari dagokionez, Galdakaoko Udalarekin eta diputazioaren negoziatu behar dute. “Bi erakunde horietan lan asko egin beharko dugu. Eurek, printzipioz, ez digute ezer esaten, ez baietz eta ez ezetz. Ez dira segregazioaren ez alde ez aurka agertu”, dio Epalzak. Isiltasun hori hausteko denekin hitz egiteko asmoa agertu du, bakoitza bere jarrera azaltzera behartzeko. Hurrengo urratsa bereizte prozesua gidatuko lukeen gestora eratzea izango litzateke.
Plataformako kideak sinetsita daude euren udala izateak alde on asko dauzkala. “Guk segregazioarekin dena dugu irabazteko. Geure udala edukiz gero, geuk kudeatuko genuke herria; geuk erabakiko genuke zer nahi dugun eta zer ez”. Galtzekorik, berriz, ez du ikusten.