Gerra airetik egiteko ingeniaritza

Gerra airetik egiteko ingeniaritza

​XIX. mendeko industrializazioarekin armagintza industria eraldatu egin zen Bizkaian. XX. mendean, bereziki, arma laburrak egiten zituzten enpresak zeuden: Orbea, Mallabian; Astra, Gernika-Lumon; eta Esperanza, Markina-Xemeinen. Orbea bizikleta fabrika bihurtu zen, Astra sormen espazioa, eta Esperanzan altzairuzko, letoizko eta aluminiozko pieza metalikoak egiten dituzte. Hala ere, herrialdean badago armagintza industria, eta oso sasoiko, gainera, Kakitzat talde antimilitaristako Oskar Arandaren arabera: gaur egun industria aeronautikoa da nagusi.

[articles:2134028]

Europan hainbat gerra hegazkin sortzeko proiektuen abaroan sortu zen industria hori Bizkaian, joan den mendearen bukaeran: Eurofighter borroka hegazkina, Eurocopter helikopteroa eta A400 garraio militarrerako hegazkina. Arandak kontatu duenez, 1980ko hamarkadan, Getxoko Sener ingeniaritza enpresak proiektu horietan parte hartzea proposatu zion Eusko Jaurlaritzari. Hala, 1989an, egoitza nagusia Zamudion duen ITP Aero enpresa sortu zuten, Eurofihter Typhoon hegazkinarentzat EJ200 motorrak eraikitzeko.

Sener bera eta Rolls-Royce izan ziren akziodun nagusiak, baina Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua ere parte dira, beste sozietate batzuen bitartez. «Ignacio Matais zuzendari kudeatzaileak esaten du edozein hegazkinentzako motorrak egiten dituztela, zibilak edo militarrak, baina ez da egia: ITP Eurofighter eta A400 gerra hegazkinentzat motorrak egiteko sortu zen». Lehen urteetan motorren %30 edo %40 izaten ziren hegazkin militarretarako, Arandaren esanetan; «gaur egun askoz gehiago dira».

«Ignacio Matais zuzendari kudeatzaileak esaten du edozein hegazkinentzako motorrak egiten dituztela, baina ez da egia: ITP gerra hegazkinentzat motorrak egiteko sortu zen»
OSKAR ARANDA Kakitzat talde antimilitaristako kidea

Kakitzat-eko kidearen arabera, legez kanpokoa da Eusko Jaurlaritzak armagintza industrian parte hartzea. Gogoratu duenez, 2009an Eusko Legebiltzarrak herri ekimen legegile bat onartu zuen, kanpo zorrari buruzkoa. PSE-EEk, PPk, Aralarrek eta UPDk babestuta onartu zuten. «Bigarren puntuak euskal industria militarra diruz laguntzea debekatzen du».

ITPren abaroan, industria oso bat sortu da. Beste enpresa batzuk jaio dira hark bultzatuta edo hari zerbitzu emateko. Esaterako, Barakaldon eta Sestaon PCB dago, ITPrena: hegazkinentzako aluminiozko aleroiak egiten dituzte. Arandak esan du Bizkaian ehun bat enpresa daudela gerra hegazkin horientzat piezak egiten. Ondoren, Airbusek Sevillan (Espainia) duen fabrikara eroaten dituzte, eta han muntatzen dituzte hegazkinak.

Susperraldian

COVID-19aren pandemia sasoian larri ibili ziren, industria aeronautiko zibila gelditu egin zelako mundu osoan. Bizkaiko enpresa horietako beharginei aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea ezarri zieten. Arandaren arabera, PCB zarratzekotan egon ziren. Baina izurriak eragindako krisialdia igarota, industria zibilak martxa hartzea lortu du, eta militarra oso indartsu dago, eta are indartsuago Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gerren ondorioz, Kakitzat-eko kideak esan duenez. Berbarako, ITP Aerok iaz markak hautsi zituen, 1.305 milioi euroren diru sarrerekin —2022an baino %25 gehiago—. Beste bostehun langile ere kontratatu zituzten iaz, eta 5.000 beharginen langa gainditu zuten lehenengoz.

Gainera, salatu du Hegan izeneko klusterrean daudela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektoreko enpresak bilduta, «Eusko Jaurlaritzak babestuta eta haren ekimenez». Azaldu du Sprik negozioak nazioarteratzen laguntzen dietela, «jakin arren gerrarako gailuak sortzen dituztela». Eusko Jaurlaritzaren jarrera ez ezik, Espainiako Gobernuarena ere txarretsi du Arandak, Pedro Sanchez presidenteak defentsarako aurrekontua %2 haztea erabaki duelako.

Gaur egun armarik ez da eraikitzen Bizkaian, baina oraindik ere Galdakaon badago lehergailu fabrika bat, Maxam izenekoa. Kakitzat-eko kidearen esanetan, Bilboko Portuak «zorionez» utzi egin dio arma trafikoari, hainbat eragilek egindako borrokaren ondorioz. Inguruko beste lurralde batzuetan sortutakoak Santurtzin itsasoratzen zituzten lehen.