Christoph Weiditz artista alemaniarra Iberiar penintsulan ibili zen 1528an eta 1529an, eta ikusitakoa Trachtenbuch liburuan marraztu zuen, ohituren eta janzkeren inguruko lan batean. Besteak beste, bizkaitar bi irudikatu zituen: aurrekoak balezta bat, gezi bi eta ezpata bat daramatza; atzekoak, ezpata, ezkutua eta lantza bi. «Nekazari bi dira. Weiditzi hain harrigarri egin zitzaion nekazari bi armatuta doazela ikustea, irudikatu egin baitzituen. Europa osoan ez zuen beste inon ikusi halakorik. Batez ere, ez zen ohikoa jendea kalean ibiltzea balezta batekin», azaldu du Xabier Armendariz historialariak. Muskizko El Pobal burdinolako Aroztegiko Topaketak zikloan, Pika bat Flandrian berbaldia egin zuen zapatuan. «Garai hartan, Bizkaiko jaurerrian oso ohikoa zen armatuta joatea, arau batzuk beteta», zehaztu du.
[articles:2134035]
Bizkaian betidanik egin izan dira armak, baina Erdi Aroan nabarmen handitu zen produkzioa, «industria bihurtzeraino», Armendarizen arabera. Behe Erdi Aroan, ahaide nagusien arteko gatazkak sortu ziren. Leinuen arteko gerran, bada, ezinbestekoa zen familiak eta herriak armatuta egotea. «Ni izan nintekeen leinu batekoa, eta lau kilometrora zegoen herrikoak beste batekoak; etengabeko borrokan bizi ginen». Gerra horretarako armak ez zituzten kanpotik ekartzen; bertan ekoizten ziren, Bizkaiko burdinoletan. «Horrek erraztu egiten du jendeak armak eduki ahal izatea».
Baina ez da nahikoa eskura edukitzea. Erabiltzeko baimena ere behar da, eta hori Bizkaiko Foruak ematen zuen, historialariak esan duenez: «Bizkaian jaiotakoak, halako familiakoak, kapareak ziren. Hau da, kaparetasun unibertsala zegoen, eta, horregatik, armak izateko eskubidea zuten. Foruak argi zioen: bizkaitar bati ezin zaizkio kendu ez etxea, ez zaldia, ez arma». Nabarmendu du egoera hori ezohikoa zela Europa osoan. «Hori da gure historia: euskaldunok odolean daramagu militarismoa».
«Gaztelako erregearentzat interesgarria zen hemen jendea armatuta edukitzea eta armen erabileran trebatuta egotea»
XABIER ARMENDARIZ Historialaria
Kapareak ziren gipuzkoarrak eta Arabako Aiaraldekoak ere. «Gaztelako erregearentzat interesgarria zen hemen jendea armatuta edukitzea eta armen erabileran trebatuta egotea; izan ere, Gaztelaren etsai nagusiek —Frantziako eta Ingalaterrako erresumek— eraso eginez gero, geografikoki gu ginen lehenak». Penintsulako beste lurralde batzuetan, Espainiako koroak lehenago kendu zituen foruak, baina Hego Euskal Herrian XIX. mendera arte utzi zituzten, besteak beste koroak jende armatua behar zuelako, Armendarizen ustez. Hala ere, Nafarroako egoera bestelakoa zen: forua zuen arren, nafarrak ez ziren kapareak, noble titulurik ez bazuten.
Alardeak ere garai hartakoak direla azaldu du. XVI. mendean sarri egiten ziren, herri guztietan. «Erregeak soldaduak behar zituenean, jaurerriari jakinarazten zion, eta kalez kale joaten ziren gizon armatu bila. Alardeak egiten zituzten jakiteko kale bakoitzean nork zer arma zuen; kale guztietan arma kapitain bat zegoen». Gaur egun Bizkaian alarde bakarra dago: Errebonbiloena, Elorrion; Arrosarioko Ama Birjinaren jaiaren bueltan egiten dute.
Industria oso bat
Armagintzaren inguruan sistema oso bat eratu zen. Armendarizen arabera, Bizkaian industrializazioa uste baino lehen garatu zen. Hiru faktorek lagundu zuten: basoetan zur ona zegoen itsasontziak eta armak egiteko, eta, gainera, egur horrekin ikatza ere egin zitekeen burdinoletarako; Europako burdin onenetakoa zegoen mendietan; eta nahi beste ur zegoen burdinoletarako. Horrez gainera, kontinenteko beste lurralde batzuetara erraz esportatu zitekeen itsasoz. «Bizkaitik, batez ere, Ingalaterrara saltzen ziren armak».
Garai hartako nekazaritza ez zen bideragarria. Produktu gutxi ekoitz zitezkeen, Gaztelak Ameriketatik patata, tomatea, artoa, piperra eta enparauak ekarri zituen arte. Horregatik, bizkaitar askoren lana armagintzari lotuta zegoen. Sektore asko zituen lagun: basogintza, garraioa, meatzaritza… «Nolabaiteko herrialde industrializatua bihurtu zen Bizkaia, eta horregatik izan gara gerora ere hain industrializatuak».
‘Bilbo’ izeneko ezpata bat, Massachusettseko (AEB) Higgins Armory Museumen, 2011ko argazki batean. DADEROT
Esaterako, Laurogei Urteko Gerran (1568-1648), Espainiako errege Filipe II.aren armadak Bizkaian eskuratu zituen pika ezagunetako asko. Lizarra erabiltzen zuten barak egiteko. «XX. mendean pinuaren sukarra izan genuen bezala, XVI. eta XVII. mendeetan lizarrarena egon zen, pikak egiteko». Lehenago, lehen mundu bira egiteko, Karlos V.ena enperadore eta Espainiako erregeak armak Bizkaian erosteko agindu zuen, «kalitate eta prezio hobekoak zirelako». Armendarizek kontatu duenez, zenbait arma eskuratu zituzten: kanoiak, ezpatak, baleztak, Markinan egindako eskopetak eta Bilbon sortutako koseleteak. «Halako espedizioetan hainbeste euskaldun joateak ere badu azalpena: itsasgizon onak izateaz gain, trebatuta zeuden armak erabiltzen, beste lurralde batzuetako marinelak ez bezala. Beraz, ez zuten beste inor behar itsasontziak defendatzeko».
Armendarizek esan du Europa osoan aitortzen zutela Bizkaiko armen kalitatea. Adibide moduan bilbo delakoa ipini du, Bilbon egiten zen ezpata. Hala deitzen zioten Ingalaterran. Haien berri zenbateraino zabaldu zen erakusteko, William Shakespeareren lanetan topatu du adibidea: Merry Wives of Windsor antzezlanean, gizonezko bat arropa zikina botatzeko otzaran ezkutatzen da maitalearen senarra agertzen denean, eta handik irtetean esaten du bilbo bat bezala tolestu dela, «puntatik esku babesera». «Ingalaterran antzezlan bat idazten baduzu, eta bilbo bat besterik gabe aipatzen baduzu, zer den azaldu beharrik gabe, horrek esan nahi du jende guztiak badakiela zer den».