Bizkaiko ermitarik zaharrenetakoa da Arrigorriagako San Pedro Abrisketa, Teresa Campos Lopez arkeologoaren arabera (Jaen, Espainia, 1975). Ondare horri balioa emate aldera, indusketak egiten ibili da azken hiru urteotan, Malmasingo Lagunak elkartearen, Arrigorriagako Udalaren, Heidelberg Materials-en, Cementos Rezolaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen babesarekin. Joan den astean amaitu zituzten lanak, eta, orain, proiektua herritarrei zabaltzea dute helburu. Abuztuaren amaieran, Europako Arkeologoen Kongresuan aurkeztuko dute, Erroman.
Nola joan dira Arrigorriagako San Pedro Abrisketa ermitako indusketa lanak?
Proiektuak bi fase nagusi izan ditu. Lehenengoan, prospekzio batzuk egin genituen San Pedro Abrisketa baselizaren barruan zein kanpoan, georradarra erabiliz, zerbait aurkitzea posible izango zen jakiteko. Haren ondotik, iaz ekin genion bigarren faseari, eta hainbat aurkikuntza arkeologiko egin ditugu. Aurreko kanpainako emaitzak egiaztatzeko balio izan digu bigarren kanpaina honek, eta, egia esan, nahiko ondo joan da.
Zer aurkitu duzue?
Antzinako zenbait aztarna eta Erdi Aroko nekropoli bat. Kronologiari dagokionez, VII. mendetik X.era arteko aztarnak aurkitu ditugu, eta horrek esan nahi du epe luzeko okupazioa egon dela eremu horretan. Hau da, estruktura zein bizimodu asko tartekatu direla. Horrez gainera, antzinako hilobiak, burezurrak… ere aurkitu ditugu.
Zer-nolako prozesua izan da?
2021ean hasi ginen ingurua ikertzen. Herriko ondarea herritarrei zabaltzeko proiektu bat garatu genuen, eta, haien artean, Abrisketa ermita hautatu genuen. Hasieran, dokumentazio lana egin, eta ermitari buruz zegoen informazio guztia ikertu genuen. Lan hori egin ostean hasi ginen indusketak egiten. Zundaketa bi egin genituen: ermitaren hegoaldean, bata; eta iparraldean, bestea. Baselizaren alboko lautadan ere beste prospekzio bat egin genuen, eta joan den astean bukatu genituen lanak. Historia Gradua ikasten ari diren Arrigorriagako hiru ikasle aritu dira gurekin lanean, eta uste dut esperientzia polita izan dela haientzat ere.
Zer zailtasun izan dituzue denbora horretan?
Teknikoki, sekuentzia zehaztea izan da zailtasunik handiena. Hainbat geruza daude, eta horietako bakoitzean hainbat garai tartekatzen dira. Ermitak berak ere baditu konplexutasunak: leihoak aldatu egin dituzte, erliebeak ere bai… Profesional moduan, itzela izan da halako erronka bati aurre egitea. Pauso asko eman ditugu: planteatu genituen galderak eta hipotesiak erantzun ditugu. Baina, era berean, eremua oso zabala da, eta ematen du oso gutxi ikertu dugula.
«Kanpotik eman dezake Arrigorriagak ezer gutxi duela ondareari dagokionez, baina hori ez da horrela: herriko ondarea babesteko, ikertzeko eta zabaltzeko aukera eman digu San Pedro Abrisketa ermitako proiektuak»
Zure ustez, zergatik da garrantzitsua halako indusketak egitea?
Kanpotik, agian, eman dezake Arrigorriagak ezer gutxi duela ondareari dagokionez, baina hori ez da horrela: herriko ondarea babesteko, ikertzeko eta zabaltzeko aukera eman digu proiektu honek. Funtsezkoa da nondik gatozen jakitea, herrian daukaguna ulertzeko eta ezagutzeko. Herritarren aldetik jaso dugun erantzuna ere itzela izan da.
Eta, alde horretatik, zer-nolako balioa du San Pedro Abrisketa ermitak?
Bizkaiko ermitarik zaharrenetakoa da. Eraikin txikia da, baina balio handikoa. Bao bi ditu: sarrerakoa eta absidean dagoen leihoa. Eta, horrez gainera, erliebeak ditu; erotikoak, adibidez.
Indusketetatik harago, dibulgazio proiektu bat jarri duzue martxan orain. Nolatan?
[Espainiako] Teknologia eta Zientzia Ministerioak ematen duen FECYT diru laguntza lortu dugu, eta horri esker egingo dugu dibulgazio lana. Herriko ondarea herritarren artean zabaltzea da gure asmoa, arkeologikoki duen balioa azpimarratzeko, eta, horretarako, hainbat eskolarekin jarri gara harremanetan, tailerrak eman nahi ditugu, Europako Ondarearen Jardunaldietan parte hartu nahi dugu, ibilbide didaktikoak egin, hitzaldiak…
Oro har, nolako bultzada beharko luke zuen lanak?
Bizkaian eta Euskal Herrian kalitate handiko lana egiten da, profesional asko daude, eta baliabide gutxirekin emaitza oso interesgarriak eskuratzen ditugu. Baina, oro har, dibulgazio lana egitea falta dela iruditzen zait. Indusketak, ikerketak… egiten ditugu, baina horiek jendearengana iristea falta da; gure lana ezagutaraztea.