Ospakizun urtea du aurten Getxoko Zirkuituak: mende bat beteko da lehendabiziko zirkuitua antolatu zutenetik. Parisko Olinpiar Jokoen eraginez, abuztuaren 11ra arte atzeratu behar izan dute txirrindularitzako lasterketa —uztailaren 31ren bueltan antolatu ohi dute normalean—, baina aurreko aldietako formatu bera izango du. Mikel Guinea Getxoko Punta Galea txirrindulari elkarteko lehendakariak aitortu du «beldur pixka bat» ematen diela eguna aldatzeak, baina eguna heltzeko «ilusioz eta gogoz» daude.
Getxoko Arenas klubak antolatu zuen lehendabiziko aldia, 1924an: Abrako Itsas Klubaren aurrean jarri zuten helmuga. Ordutik, «ahal izan» duten aldiro antolatu dute, Inazio Uriguen Getxoko Punta Galea txirrindulari elkarteko komunikazio arduradunak kontatu duenez: «36ko gerraren eta beste zirkunstantzia batzuen eraginez, 21 aldi geratu dira egin barik urte hauetan guztietan». Ondorioz, 79. aldia izango da aurtengoa, eta, aurrekoetan egin legez, Getxoko Punta Galea txirrindulari elkarteak hartu du lasterketa antolatzeko ardura.
«Egun martxan dauden lasterketa gehienak enpresek antolatzen dituzte. Gure kasuan, jende talde bat dago atzean, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu da lan egiteko modu hori»
INAZIO URIGUEN Getxoko Punta Galea txirrindulari elkarteko komunikazio arduraduna
«Lehendabiziko urteetan zoramena zen lasterketa antolatzea», adierazi du Uriguenek. Tokian tokiko lasterketa bat egiten hasi ziren, eta urterik urtera handituz joan zen: «Egun, lasterketa guztiz profesionala da». Bilakaerak bilakaera, baina, bada hasieratik orain arte bere hartan eutsi dioten ezaugarri nagusi bat: boluntarioek antolatzen dute lasterketa osoa. «Egun martxan dauden lasterketa gehienak enpresek antolatzen dituzte: Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa… Gure kasuan, guk geuk antolatzen dugu; jende talde bat dago atzean, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu da lan egiteko modu hori».
Getxoko Zirkuitua, 1956an. GETXOKO UDAL ARTXIBOA
Getxon txirrindularitza sustatzea da zirkuituaren helburu nagusia, Uriguenen arabera: «Herritarrak txirrindularitzara hurbiltzea lortu nahi dugu». Era berean, baina, Otxoa anaiei omenaldia egiteko ere baliatzen dute ekitaldia. «Rikardo eta Javier Otxoa Punta Galea txirrindulari elkarteko kide ziren, eta, oso onak zirenez, profesionaletara jauzi egin zuten», esan du Uriguenek. 2001ean, baina, ustekabeko istripu bat izan zuten: «Bizikletan zihoazela, auto batek bi anaiak harrapatu zituen. Rikardo momentuan bertan hil zen, eta Javierri ondorio larriak eragin zizkion. 2018ko abuztuan hil zen Javier». 2019. urtetik aurrera, izena aldatu, eta Getxoko Zirkuitua – Otxoa Anaien Memoriala izena du lasterketak.
Ibilbide bera
Aurtengo proba eguerdiko hamabietan abiatuko da, Bilboko Guggenheim museoaren ondotik. Handik Enekurira igo, eta itsasadarretik Erandiora helduko dira. «Handik jaistean sartuko dira txirrindulariak zirkuituan: Leioatik Arkotxaraino igoko dira». Zirkuitu horren barruan egongo da zeharkaldiaren «parterik zirraragarriena», Uriguenen ustez: «Bi bueltatan Pike Bidea egingo dute txirrindulariek: bosgarrenean eta zazpigarrenean, hain zuzen ere. Aldapa gogor bat igo beharko dute».
Denera, zazpi itzuli emango dituzte parte hartzaileek, eta Algortan amaituko dute: 196,5 kilometroko ibilbidea izango da. «Azken urteotako zirkuitu bera izango dugu, erakargarria baita parte hartzaileentzat eta ikusleentzat».
Nahita, Donostiako Klasikoaren biharamunean antolatzen dute Getxoko Zirkuitua urtero, domekarekin. «Hala, Donostiara doazen txirrindulariek gurean parte har dezakete», kontatu du. Hemeretzi txirrindulari taldek parte hartuko dute —Astana, Arkea-B & B Hotels, Cofidis, Lidl-Trek eta Movistar, besteak beste— eta, Uriguenek nabarmendu duenez, mundu osoko txirrindulariak egongo dira: «Uste dugu txirrindularitzako goreneko mailako ordezkari dezente etorriko direla». Mikel Zarrabeitia txirrindulari ohia izango da aldi honetako ohorezko zuzendaria, eta proba EITBn ikusi ahal izango da zuzenean.