Esku bi iturri batean elkartuta

Esku bi iturri batean elkartuta

​Biak bat eta biena. Adostasuna eta batasuna adierazten dituen lelo hori irakur daiteke Mungiako Alkartasuna iturrian. Udaletxearen aurrean dago, Matxin plazaren eta Euskal Pizkundea etorbidearen artean, herriaren ikur den eta Erdi Aroko grafiaz idatzita dagoen M maiuskula handi baten ondoan. XIX. mende bukaerakoa da, Mungia biek elkarlana abiatu zutenekoa; izan ere, garai hartan izen bereko udalerri bi egon ziren elkarren alboan. Elkar lotuta dauden esku biren erliebea du, eta 1883 urtea ere badu idatzita.

Hala sortu ziren Bizkaiko hiribildu guztiak: elizate bateko lurretan, izen berriarekin. Hona hiru adibide: Begoñako elizateko lurretan, Bilboko hiribildua sortu zuen Diego Lopez Harokoa Bizkaiko jaunak; Berriatukoetan, Ondarroako hiribildua, Maria Diaz Harokoak; Gorlizen, Plentzia, Lope Diaz Harokoak. Mungiaren kasuan, ostera, Juan Harokoak elizatearen izen bera ipini zion hiribildu berriari, 1376ko abuztuaren 1ean gutuna ematean. Elizatea zaharragoa zen. Mendeak zeramatzan han jendeak bizitzen, baina Mungia izenaren lehen aipamen idatziak 1053koak dira: Donemiliaga Kukulako monasterioko (Errioxa, Espainia) dokumentu batean agertzen da.

Hiribildua defentsarako sortu zen, eta harresi batek inguratuta zegoen: Beheko kaletik, Goikoetxe kaletik (gaur egungo Alkartasuna kalea), San Pedro elizatik, dorretxetik eta Atzekaldetatik igarotzen zen, eta Andra Mari elizaraino heltzen zen. Harresitik kanpo, 27 enklabe zituen hiribilduak, elizateko lurretan eta eskualdeko beste herri batzuetan. San Pedro zen hiribilduaren eliza, eta Andra Mari elizatekoa, nahiz eta biek parrokia bakar baten moduan jarduten zuten. Hala ere, arlo administratiboan bakoitzak bere legedia zuen. Hiribilduak hamabosgarren jesarlekua zuen Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta elizateak, 69.a.

Gatazkak eta bakea

Mungian, bien arteko elkarbizitzak izan zuen gatazkarik. Hiribildua bereak ez ziren lurren jabe egiten ahalegindu zen hainbatetan, handitzeko premia zuelako, eta elizateko bizilagunek hiribilduaren garapena aprobetxatu gura zuten. Bandoen arteko guduak Bizkaian gogorren zigortu zuen eskualdea izan zen Mungialdea, eta eragin zuzena izan zuen elizatean eta hiribilduan. Han bizi ziren Butroe eta Billela leinuetakoak. Hala ere, oro har, gehienetan bakean bizi izan ziren.

Premiak auzolanera ere bultzatu zituen hainbatetan. 1883an, Gondramenditik ura elkarrekin ekartzeko akordioa egin zuten udal biek. Batasun hura gogoratzeko eraiki zuten Alkartasuna iturria. Baina hark ere sortu zuen gatazkarik. Elizateak hiribilduari egotzi zion ez zuela iturria adostutako lekuan ipini; hau da, bi udalerrien arteko mugan. Gainera, hiribilduak Ereño gorria kareharriz egitea erabaki zuen, eta elizateari garestiegia zela iruditu zitzaion. Elkarlan gehiago etorri ziren gerora, eta zerbitzuak bateratu zituzten; eskola, esaterako. 1900ean, udalerri biek bat egitea adostu zuten, Mungiako elizatea izenpean. Urriaren 6an gauzatu zen batasuna.

Ordutik, bost lekutan egon da iturria. Mungia bien batasunaren mendeurrena ospatzeko, egungo lekura eroan zuten XXI. mende hasieran. Usadioaren arabera, desadostasunak adostasun bihurtzen dira haren alboan eztabaidatzen badira.

Mungiako Alkartasuna iturria

Helbidea. Alkartasuna iturria. Udaletxe aurrean, Matxin plazaren eta Euskal Pizkundea etorbidearen artean. Mungia. 
Webgunea. Mungia.eus/turismoa.