Hilkutxa itxura duen arren, barruan bostehun urte baino gehiagoz iraun duen altxor bat gordetzen du. Lau giltzarraporen menpe, Urduñako Larruazabalgo lau kontzejuen arteko hitzarmen bat eta dokumentu administratiboak jagoten ditu haritzezko kutxak, eta irekitzeko, lau kontzejuetako alkateek dituzten giltzak erabili behar dira. Bakar baten faltan, ez dago artxibategia irekitzerik.
Bizkaiko hego-mendebaldean dago Urduña, eta nahiz eta Mendeika, Lendoñobeiti, Lendoñogoiti eta Belandia kontzejuek Urduñako populazioaren %2 eduki, haren eremu geografikoaren erdia hartzen dute. Belandiako Santa Eulalia elizan datza Larruazabalgo kutxa, 1516an Batza osatzen duten biztanleek artxibategiaren beharra ikusi zutenetik. Hain zuzen ere, urte horretako maiatzaren 4an, bertako biztanleek Larruazabalgo Batzako elkarbizitza erregulatzeko ordenantza batzuk sinatu zituzten, eta Euskal Herriko ondasun higigarririk zaharrenetarikoa den Larruazabalgo kutxan sartu zituzten.
Jose Ignazio Salazar historialari eta Urduñako Udaleko idazkari nagusi ohiak oso ondo ezagutzen du kutxa, Bizkaian ezagutzen duen artxibategirik zaharrena. Larruazabalgo Batza ere sakon aztertu du, eta, haren arabera, «komunitate politiko hori antolakuntza juridiko propioa zuen gizartea» zen. Ordenantzetan, batzaren biltzarrak arautu zituzten, baita Larruazabalgo nekazaritza, abeltzaintza, basogintza eta beste hainbat jarduera ere. Salazarren hitzetan, «basoaren erabilera eta zaintza arautzeko irizpide sinple baina zentzuzkoak ezarri zituzten»; izan ere, garai hartako biztanleek «oso argi zuten ondare hori —basoa— defendatu behar zutela: egurra, ikatza, haziak, bazka… aberastasuna eskaintzen baitzien». Araudiaren hemeretzi kapituluen bitartez, Larruazabalgo Batzak bere elkarbizitza, lurraldea eta ondare materiala kudeatzen zituen.
«Oso argi zuten ondare hori —basoa— defendatu behar zutela: egurra, ikatza, haziak, bazka… aberastasuna eskaintzen baitzien».
JOSE IGNACIO SALAZAR Historialaria eta Urduñako Udaleko idazkari nagusi ohia
Ordenantzez gain, beste hainbat dokumentu gorde izan dituzte artxibategian: pleituak, ebazpenak, Urduñako Udalarekin izandako harremanak jasotzen dituzten idazkiak eta beste zenbait dokumentu juridiko-administratibo. Funtsean, «batzak bere eskubideak defendatzeko gorde zituen dokumentuak dira», esan du Salazarrek.
Dokumentu horietan, Larruazabalgo herritarrek beren arau propioak sortu zituzten; «errepublika babesteko arauak». Termino horrekin lau kontzejuei egiten zieten erreferentzia, Larruazabalgo lurrei, eta horiek babesteko beharra ikusi zuten, gainontzeko administrazio eta egitura feudalen aginduei men ez egiteko. Izan ere, XI. mendean sortutako aiararren leinua mende luzez hainbatetan saiatu zen Urduñako lurrak bereganatzen. Aiarako jauntxoaren Arabako lurrez inguratuta egon da mende askoan Urduñako Bizkaiko barrendegia, eta aiararren eta Bizkaiko aginte feudalen arteko ika-miken artean egon da beti.
Larruazabalgo Batza
Lau kontzejuetako lurrak araudi bateratu batekin erregulatzeko ordenantzak 1516koak badira ere, XV. mendeko dokumentuak ere aurkitu dituzte, non batza aipatzen duten. Horren aurretik, 1257. urteko dokumentu batek «Velandia y sus aldeas» (Belandia eta bere herrixkak) aipatzen ditu, ordurako batza izan zitekeenari erreferentzia eginez. Erdi Aroko testuinguru hartan, posible da, Euskal Herriko tradizioari jarraikiz, Larruazabalgo batzarkideak haritz baten itzalpean bildu izana, eta gerora artxibategia egiteko erabiltzea haritz beraren zura.
Gaur egun, ehun biztanle inguru bizi dira; gehienak, Belandian. Duela bost mende arbasoek idatzitako ordenantzek jada ez dute beren lurretan eragin juridikorik, eta Larruazabalgo herritarrak ez dira Aiarako jaurerriaren agintearen menpe egoteko arriskuan. Hala eta guztiz ere, artxibategian gordetako dokumentazioa bada giza antolakuntzak duen boterearen ikur, herrigintzaren eredu.