«Hurrengo hamarkadetako metroa prestatzen ari gara: metro seguruagoa, edukiera handiagokoa, eta gaurko eta biharko eskariei egokitua», ziurtatu du Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak Bilboko metroaren mantentze lantegian, Sopelan. Astelehenean izan zen han, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin batera egindako bisitan. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri dute 736 milioi inbertituko dituztela, erdi bana, garraio publikoa indartzeko eta berritzeko. Metroaren eraberritzeak hiru ertz izango ditu: tren zaharrak ordezkatzea, seinaleztapen sistema berritzea eta aginte postu zentralizatu bat modernizatzea. 2027tik 2033ra bitartean, 46 trenetatik 37 berrituko dituzte, erosita.
Lehendakariak azpimarratu du etorkizunari begira erabaki dutela inbertsioa egitea: «Gaur iragarri dugun inbertsioak etorkizuneko ateak irekitzen dizkio Bilboko metroari, eta Euskadiri ere bai». Horrez gain, gogora ekarri du Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak metroaren inaugurazioan esandakoa, 1995ean, eta nabarmendu du garai hartan ere bazirela mota horretako garraio publikoaren kontra zeudenak: «Azpiegitura honek kontrako jarrerak piztu zituen garai hartan. Gaur, ez du inork zalantzen jartzen. Alderantziz, esango nuke Bilbo eta haren metropolia ez ditugula imajinatzen metrorik gabe».
«Datozen belaunaldietako euskal herritarrak garraiatzeko modu jasangarri eta abangoardiako baten alde egin dugu».
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Metroak izandako arrakasta eta erabiltzaileen kopurua —ehun milioi izango dira aurten— goraipatu ditu Pradalesek, eta berretsi du «bide beretik» jarraitu behar dela: «Gaur, berriro, datozen belaunaldietako euskal herritarrak garraiatzeko modu jasangarri eta abangoardiako baten alde egin dugu».
Hiru ertz
Etxanobek adierazi du helburu dutela herritarrek autoa utzi eta garraio publikoa hartzea. «Gure lehentasunetako bat da Bizkaiko garraio publikoaren sistema hobetzea, eta jende gehiagok erabiltzea». Horregatik, ahaldun nagusiaren arabera, metroaren eraberritzeak modua eman behar du, gaurko arazoak konpontzeaz gain, etorkizunak ekar ditzakeen erronkak gainditzeko. Hori dela eta, hiru ertzeko prozesuari ekingo diote.
Konboi zaharrak ordezkatzea da xede bat. Tren berri bakoitzak —bost bagoi dituzte— 16,3 milioi euro balio ditu, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak zehaztu dutenez. Horietako 37 erosiko dituzte; 600 milioi euroko inbertsio bat osatuko luke. Etxanobek ziurtatu du konboi berriek jende gehiago garraiatu ahal izango dutela (%12), eta, argindar kontsumoari dagokionez, efizienteagoak izango direla. Izan ere, kontsumoa %35 apalduko dela aurreikusi dute, eta, horren ondorioz, urtero 1,5 milioi euro inguru aurreztuko dituztela. Kalkulatu dutenez, «lehenengo tren berriak 2027an jarriko dira martxan, eta 2033rako flota erabat berrituta egongo da»; hala zehaztu du Etxanobek, konboien ordezkatze prozesuaren epeez hitz egitean.
«Hurrengo hamarkadetako metroa prestatzen ari gara: metro seguruagoa, edukiera handiagokoa, eta gaurko eta biharko eskariei egokitua».
ELIXABETE ETXANOBE Bizkaiko ahaldun nagusia
Beste ekinbide baten bidez, seinaleztapen sistema berrituko du. CBTC sistema ezarriko dute, komunikazioak hobetzeko. «Etorkizuneko metroak tren modernoak behar ditu, baita komunikazioa eta seinale sistema modernoak ere. Berritzeak, beraz, CBTC sistema bat ezartzea dakar», esan du ahaldun nagusiak. «CBTC akronimoak zera esan nahi du: komunikazioetan oinarritutako tren kontrola. Sistema horrek posible egingo du trenak elkarrekin eta azpiegiturekin etengabe berba egitea, elkar ulertzeko». Tren batetik besterako tartea murrizten lagunduko du.
Aginte postu zentralizatua eguneratzea da hirugarren ekinbidea. Bilboko Metroko «gune nagusia» da. Hor prozesatzen da informazio guztia, erabakiak ahalik eta arinen hartzeko. Sei milioi euroko inbertsioa egingo dute aginte postua modernizatzeko.