Hiria azalberritzeko aingurak

Hiria azalberritzeko aingurak

​Itsasadarrari lotuta egon izan da Bilboren garapena: merkataritzaren eta industria jardueren muina izan zen, eta esanguratsua izan da, halaber, 1980ko hamarkadaz geroztik hiribilduak edukitako transformazioan. Aldaketa ekonomiko horiek guztiak hirigintzan islatu dira, besteak beste, eta moldaketa agerikoa izan da ibaiaren inguruko eremuetan, batik bat: elementu andana batek islatzen du eredu industrialetik zerbitzu eta turismo hirira egindako jauzia; objektu batzuk badira iragan horren oroigarri ere, hein batean; eta badute, halaber, eremu publikoa ordenatzeko ahalmena. Joan den asteko ostiralean, Bilboko ur ertzen eraldaketan arteak, eskultura publikoak eta hiri altzariek izandako eragina jorratu zuten hiriko Itsasmuseumek antolatutako jardunaldi batean.

[articles:2127520]

Isusko Vivas EHUko Arte Ederretako irakasleak, zehazki, ibaiaren ertzetatik gertuago dauden elementuak izan zituen hizpide —Amaia Lekerikabeaskoa EHUko irakaslearekin batera egindako azterketa batean oinarritu zen haren aurkezpena—. Hainbat motatakoak izan daitezke: kasu baterako, hiri altzariekin osatutako giro eskultoriko bat. Jose Luis Morazaren Garden of the Light 2001-2002 urteetako esku hartze artistiko bat da, Arte Ederren Museoaren inguruetan agertu ziren aurrenetarikoa: Bilboko Udalak azken urteetan erabilitako farol mota andana bat batzen du eremu ez oso handi batean. «Nire ustez, islatzen du gehiegizkoa izan dela Bilboren berroneratzean erabilitako hiri altzarien kopurua», Vivasen esanetan.

Dora Salazarren ‘Zirgariak’ eskultura, Bilboko Abandoibarrean, astearteko irudi batean. BERRIA

Beste esku hartze batzuek iraganeko garaiak gogorarazten dituzte. Esate baterako, Bilboko hainbat tokitan —Euskalduna jauregiaren inguruetan, adibidez—, lanpara berezi batzuk kokatu zituzten Federico Soriano eta Dolores Palacios arkitektoek. Vivasen hitzetan, «iluminazio dorreen forma eta estetika itsasadarrean zeuden garabietan inspiratuta dago, eta antzera daude kokatuta». Horien oinarrian, tontor tankerako egitura batzuk ipini dituzte; hala, itsasadarraren ertzetan pilatzen ziren hondakinak dirudite, eta badirudi farol-garabiak hondakin horiek erretiratzear daudela, irakaslearen irudiko. Ñabardura bat dago, baina: tontorrak klinker izeneko material batez taxututa daude. Kanpoaldeko diseinuetarako eta baldosetarako erabiltzen da, eta ez du zerikusirik altzairuarekin eta burdinarekin. Hala ere, memoriak garai industrialarekin lotzen du, «materialaren kokapenagatik, bere izaera estetiko bereziagatik edo bere garapen formalagatik».

Hiriko paisaia baldintzatzea

Eskulturek ere balio dezakete hiri altzari modura, kasu batzuetan. Jorge Oteizaren Aldaera Oboidea-k, Bilboko udaletxearen aurrean dagoen egitura mardul horrek, zenbait buruhauste eragin zituen hasieran. 1940ko hamarkadan Oteizak egindako serie batzuen parte da, baina aldaera anplifikatu bat, gainerako piezek 30-40 zentimetro inguru baino ez baitzuten. Pisuaren ondorioz, beste aldaketa batzuk egin behar izan ziren eremu publikoan. «Arkitekto espezializatuek idulki berezi bat sortu behar izan zuten obraren tonak sostengatzeko, baita zoladura berezi bat ere, moilaren zoruak pisua aguantatu zezan», Vivasek dioenez. Dagoen lekuagatik, gainera, saihetsezina da: izan ere, perspektibak «oztopatzen» ditu, zubiaren alboetako simetria hausten du, eta jendearekin hartu-emanetan dago, ezinbestean, eta ez soilik kontenplatzen dutelako. «Haren inguruan egiten dira elkarretaratze batzuk, han bukatzen dira manifestazio batzuk… Eta tokia egiten die, adibidez, udaletxean egiten diren ezkontzetako jarduera batzuei. Ez da hiri altzaria, baina, segun eta hirian nola barneratzen den, bihur liteke hiri altzaritik gertuko zerbait».

«Ustezko berrikuntza horiek aspalditik ari dira erabiltzen; instituzioen botereak beti bilatzen ditu justifikazio sozialak hiri eremua modu jakin batean konfiguratzeko eta moldatzeko».
ISUSKO VIVAS EHUko Arte Ederren irakaslea

Egon litezke beste pieza batzuen parean, edo pasealeku bateko objektu sorta batean, edo kokapen bakartiago bat eduki. Eta egon litezke, halaber, eraikin sinboliko baten aldamenean, harekin hartu-emanetan. Guggenheim museoaren ondotik igarotzen da Salve zubia; 1972. urtean eraiki zuten, eta, hasieran, gorriz pintatuta zegoen; orain, ordea, berdez. 2007an, museoa zabaldu eta hamar urtera, lehiaketa bat antolatu zuten zubiko arkua berritzeko, eta nazioarteko hainbat artistak hartu zuten parte —artista haietako askoren lanekin erakusketak eginak zituzten museoan, edo egin zituzten hurrengo urteetan—. Arku irabazlea gorria da. «Zubia gorriz pintatuta zegoen garaietara eramaten gaitu; orduko hartan, zubia bat etortzen zen garabi gorriekin».

Hala, hiri industrialetik zerbitzu eta turismo eredurako jauzian, biziki moldatu da itsasadarraren ingurua: elementu batzuk ezabatu dira, eta beste batzuekin ordezkatu; kasu batzuetan, ordezkapenak lotura du ordezkatu duen horrekin, memoriaren jagole gisa funtzionatuko balu bezala. Esplizituki agertzen da oroitzapenaren ideia Abandoibarrean, guneetako bat Memoriaren pasealekua deitzen baita, hain justu. Ibilbide hori eskulturaz beteta dago, eta deigarrienetako bat Sitios y lugares da, Angel Jose Garraza artistarena; tamainagatik eta formagatik, batik bat. Vivasen esanetan, euskal objektu etnografiko batean oinarrituta dago: kaikuan. Garrazarenak hormigoizkoak dira —bi dira—, eta zeramikazko txatalez estalita daude.

Memoria mamitzea

Ordezkapenaren paradigma da, era berean, Deustuko Erribera edo Zorrotzaurre uhartea. Arrantzatik teknologiara: elkarren parean daude Mondragon Unibertsitateko egoitzetako bat eta Digi Pen formakuntza zentroa. Udalak jesarlekuez eta lanparez josi du bi eraikinen arteko eremua, eta Jose Maria Arizmendiarrieta Mondragon kooperatibaren sortzailearen omenezko eskultura bat ere kokatu du. «Ustezko berrikuntza horiek aspalditik ari dira erabiltzen; instituzioen botereak beti bilatzen ditu justifikazio sozialak hiri eremua modu jakin batean konfiguratzeko eta moldatzeko». Uhartean bertan, ordea, beste esku hartze bat dago: 1980an faxistek Madrilen hildako Yolanda Gonzalezen omenezko plaza bat sortu dute bizilagunek, pintura eta hiri altzariak soilik erabilita.

Angel Garrazaren ‘Sitios y lugares’ eskultura, Bilbon, astearteko irudi batean. BERRIA

Zer gogoratzen da, eta nola, halako esku hartzeetan? Eta zer-nolako zehaztasuna izan behar dute? Jardunaldiko beste hizlarietako batek, Olga Macias Muñoz EHUko Historia irakasleak, zirgarien errepresentazioak ekarri zituen hizpidera. Espainiako Kongresuak Memoria Historikoaren Legea onartu zuenean 2017an, Bilboko Udalak emakumeen behar historikoa ikusarazteko saiakera egin zuen. Batetik, Olabeaga auzoko kaiari Zirgari izena jarri zioten —Alfonso Txurruka deitu zen ordura arte—, eta, kasu horretan ere, hiri altzariek zeresana izan zuten eraldaketan: izena Bilboko kaleen plaka urdin eta urre koloreko batean dago ipinita, eta plaka farol batean atxiki zuten. Emakumeak izendatu ostean, mamitu egin zituzten: 2021ean, Dora Salazar artistaren multzo eskultoriko bat inauguratu zuten Uribitarte pasealekuan; lau andre zirgari ageri dira.

Baina lanak ez du erabateko zorroztasun historikorik: asmatu du andre kopuruan —lauzpabostek osatzen zuten kuadrilla bakoitza—, baina gazteak dira denak, sokak tiranteekin eramaten zituzten —eskulturan, gorputzean kiribilduta dituzte—, eta ontziak eskuinaldetik bultzatzen zituzten —itsasadarreko ezkerreko ertzak ez baitu jarraitutasunik; Cadagua eta Galindo ibaien bokaleak daudelako, besteak beste—. Gutxienez, 1511tik egon zen zirgarien lana, eta mekanizazioa heldu arte iraun zuen. Maciasen hitzetan, ezinezkoa da langileen kopuru zehatza jakitea. Gainera, ez dago haien argazkirik, eta urriak dira errepresentazio artistikoak. Salazarren obra handiari esker, ordea, pasieran dabiltzanek topo egiten dute zirgariekin, eta burdinazko emakumeek atentzioa ematen diete askori, zehaztasun historikoa gorabehera.