Ordezkatze prozesuetan, sarri aurreko egoeraren arrastoak geratzen dira. Bilboren kasuan, bi fenomenok egiten dute bat: ia erabateko eraldaketa bat, batetik; eta hark ia irentsitako industria eta arrantza iraganaren lorratzak, bestetik. Moiletan eta Deustuko Erriberan barrena, zoladurak berriak dira, baita hiri altzariak ere, baina, bat-batean, itsasadarrera jaisten den eskailera bat agertzen da, jada erabiltzen ez dena eta likaz josi dena denboraren joanarekin; eta, hortik gertu, pneumatiko bat dago oraindik zintzilik, behiala erabili zena porturatzen ziren itsasontzien kroskoek kalterik eduki ez zezaten moilaren kontra talka eginez gero. «Itsas izaera jada ez da industriala, baina pintzelkada batzuk geratzen dira», esan du Juan Antonio Rubio-Ardanaz antropologo eta Extremadurako Unibertsitateko (Espainia) irakasleak.
[articles:2127496]
Zantzu horiei azpiko ondarea deritze Rubio-Ardanazek. «Isilpean geratu den ondare bat da, kasik abandonatua; egon nahi duena, baina ez dagoena. Ondare hori poliki-poliki estalita geratzen ari da; indusketa arkeologiko batean bezala, geruzak kendu behar dira hara ailegatzeko». Hala definitu zuen kontzeptua Bilboko Itsasmuseumen joan den asteko ostiralean egin zen jardunaldian.
«Deustuko Erriberako zubiak jada finkoak dira; itsasontziek gaitz lukete Itsasmuseumen inguruetara ailegatzea, adibidez. Alde horretatik, itsasadarra sakrifikatzen ari dira».
JUAN ANTONIO RUBIO-ARDANAZ Antropologoa eta Extremadurako Unibertsitateko irakaslea
Paseo etnografiko bat irudikatu zuen, eta lau zutabe zehaztu zituen, hirian «itsas izaera berri bat» garatu dela islatzen dutenak: bi zubi zahar —Udaletxekoa eta Deustukoa—, ireki zitezkeenak Bilbora sartzen ziren ontziei pasatzen uzteko; eta bi zubi berri, Frank Gehry eta San Ignazio —Deustuko Erribera Deusturekin lotzen dutenak, zehazki—, ez daukatenak zabaltzeko mekanismorik. Itsas izaera berrian, ibaiaren ertzak jada ez dira beharrerako erabiltzen, ez dago porturik, ezta egitura industrialik ere, pasabideak ez daude lotuta nabigazioarekin; horren ordez, pasealekuak daude orain, eguzkia hartzeko bankuekin, ariketa fisikoa egiteko tramankuluekin. «Deustuko Erribera auzo berri bat da: portuko lurrazal horiek promotoreei saldu dizkiete, sekulako negozioa egiten ari dira. Hango zubiak jada finkoak dira; itsasontziek gaitz lukete Itsasmuseumen inguruetara ailegatzea, adibidez. Alde horretatik, itsasadarra sakrifikatzen ari dira».
Ondarea, lausotzen
Elementu berri horiek artean, lausotzen ari dira garai industrialeko objektuak. Deustuko eta Udaletxeko zubietako aginte eta maniobra etxolak, esaterako, «erabat abandonatuta daude»: hondatuta daude, leihoak pitzatuta dituzte, pintaketaz eta pegatinaz josi dira. Jendea etengabe igarotzen da puntu horietatik, baina elementuok ikusezinak bilakatu dira. «Katalogatuta dagoen ondare industriala da, baina azpiko ondare bihurtzen ari da. Gure kulturari lotutako elementuak dira, baina ez gara daukagunaz konturatzen».