Eklektizismoaren jaialdia

Eklektizismoaren jaialdia

​«Eklektikoa». Halakoa da Elorrioko Musikaire jaialdia, Arriola kultur elkarteko Aitor Iriarteren arabera. Izan ere, hainbat estilotako ikuskizunak uztartzen ditu, elorriar eta bisitariei egitarau zabala eskaini ahal izateko. Elkarte horrek kudeatzen du Arriola antzokia aspalditik. «Maiatzetik aurrera antzokiko programazioa bertan behera geratzen denez, uda partean ez zegoen ia ezer Elorrion. Horregatik, pentsatu genuen kultura kalera ateratzea», gogoratu du. Duela mende laurden bat inguru sortu zuten Musikaire jaialdia. Gaur hasiko dena 24. aldia izango da. Uztaileko asteburuetan hamabi kontzertu edo ikuskizun eskainiko dituzte, bariku, zapatu eta domeketan.

Tapia eta Leturiaren kontzertuarekin abiatuko da gaur jaialdia. Uztailaren 14an, berriz, Olaia Inziartek eskainiko du kontzertua. Euskal musikak, beraz, garrantzia izango du Elorrion. Baina tokikoak besteko garrantzia du kanpokoak. Izan ere, Euskal Herriko sortzaileen eta atzerrikoen ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da. Besteak beste, Herrialde Katalanetatik, Perutik, Mexikotik eta Marokotik etorriko dira taldeak oraingoan. Berbarako, bihar Marinah de Ojos de Brujok joko du, eta bihar zortzi desertuko bluesa jotzen duen Tarwa N-Tiniti banda arituko da.

Tapia eta Leturia Band, artxiboko irudian. Gaur joko dute Elorrion, elizpean, 22:30ean. MUSIKAIRE

Estiloak ere askotarikoak izango dira: trikitia, flamenkoa, jazza, popa eta rocka entzun ahal izango dira. «Diru publikoa erabiltzen dugunez, entzule guztientzako egitaraua osatu behar dugu: gazteak, helduak, estilo hau edo bestea gustuko dutenak… Azken batean, familia osoarentzat izan daitekeen jaialdia da Musikaire».

Aurten programatu dutenetik Son Rompe Pera taldea nabarmendu du. Mexikarrak dira, eta rocka, punka, ska eta beste estilo batzuk jotzen dituzte, marinba izeneko musika tresnarekin. «Oso dantzagarria da haien musika». Uztailaren 19an arituko dira, elizpean.

Urtero legez, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eskainiko duten saiora ere jende ugari joango da, antolatzailearen arabera. «Jaialdiaren ikurretako bat bihurtu dira». Sasoi batean Arriola antzokian eskaini ohi zuten emanaldia, baina, hainbeste jende elkartzen zenez, hura ere kalera ateratzea erabaki zuten: etzi dute emanaldia, elizpean. 

«Jendea etortzen da askotan jakin gabe zer dagoen egitarauan. Badakite kalitatezko ikuskizun bat topatuko dutela».
AITOR IRIARTE Musikaireko antolatzailea

Iriarteren esanetan, jaialdiaren helburua da jendeari kultura eskaintza bermatzea, edo, beste era batera esanda, kultura ohitura bihurtzea Elorrion. «Karpa bat jarri, sarrera kobratu eta asteburu bateko egitarau indartsu bat sor genezakeen, baina pentsatu genuen egokiagoa zela eguneko ekitaldi bat eskaintzea. Modu horretan, jendeak gozatu ahal izateko agenda zabal bat lortzen dugu, eta ez dugu herria jendez gainezka asteburu bakar batean eta, gero, uda osoan basamortu bat baino hutsago».

Tarwa N-Tiniri Marokoko taldea; desertuko bluesa jotzen dute. Uztailaren 13an joko dute Elorrion. MUSIKAIRE

Musikairek sortu zeneko filosofiari eusten dio, baina bilakaera bat ere izan du, Iriarteren arabera. «Hasieran, ekitaldi gehiago izaten genituen, hamasei bat. Lehen ere musikak zuen pisurik handiena, baina orain baino kale animazio gehiago programatzen genuen. Emanaldi bakoitza leku batean egiten genuen, eta orain asteburu osokoak leku berean izaten dira, logistika aldetik sekulako buruhaustea zelako». Izan ere, hori da Musikairek duen beste ezaugarrietako bat: kalitatezko ikuskizunak eskaintzen dituzte inguru paregabeetan.

«Ondare handia duen herria da Elorrio, eta hori aprobetxatu nahi izan dugu hasieratik». Orain, urte bakoitzean jauregi bakarrera joaten diren arren, lehen hainbat bisitatzen zituzten, eta herrian asko daude ikusgarriak. «Sekulako lorategiak dituzte, arbola itzelak… Kontzertuak antolatzeko aparteko lekuak dira». Iriartek aitortu du zorte handia dutela, jauregien jabeek erraztasunak ipintzen dizkietelako. 

Gero eta gehiago

Musikaire indartsu dago, Iriarteren ustez. Elorriarrentzat eta ingurukoentzat galdu ezin daitekeen jaialdia bihurtu da. Urtez urte jende gehiago agertzen zaie. «Jendea etortzen da askotan jakin gabe zer dagoen egitarauan. Badakite kalitatezko ikuskizun bat topatuko dutela». Horregatik, lehen aldiz joango denari edozer topatzeko prest joateko eskatu dio: «Zerbait berezia topatu du, eta seguruenik gozatuko du; eta gustatzen ez bazaio, jaiki eta joan egin daiteke, ez du-eta sarrerarik ordaindu».

Arriola elkarteko kideak azpimarratu duenez, ahalegintzen dira mainstream ez diren taldeak ekartzen. Askotan arazoa talde edo bakarlari horiek kobratzen dutena izaten da: «Bati behin jotzeagatik ordaindu beharko geniokeenarekin asteburu osorako taldeak ordain ditzakegu». Iriartek kontatu duenez, askotan ez dute bila ibili beharrik izaten; hainbeste urte dituen jaialdia denez, jendea proposamenak egitera joaten zaie antolatzaileei. 

Son Rompe Pera Mexikoko taldea, artxiboko irudian. Uztailaren 19an joko dute Elorrion. MUSIKAIRE

Arriolako kideak gustura daude lortutakoarekin. Duela 36 urte hasi ziren Elorrioko antzokia kudeatzen. «Badaukagu gure publikoa, urte osoan antzokira joaten dira, eta badakite uztailean, Musikaireri esker, kulturaz gozatzen jarraitu ahal izango dutela». 7.000 biztanle pasatxo dituen herri bat izateko, Elorriok kultura programazio «oso ona eta osatua» duela iruditzen zaio Iriarteri. 

EGITARAUA

Gaur. Tapia eta Leturia Band. 22:30ean, elizpean. 
Bihar. Marinah de Ojos de Brujo. 22:30ean, elizpean.
Etzi. Pirritx, Porrotx eta Marimotots: Ez gara jaitsiko. 19:00etan, elizpean.
Uztailak 12. Los 300. 20:30ean, Lariz jauregian.
Uztailak 13. Tarwa N-Tiniri. 20:30ean, Lariz jauregian.
Uztailak 14. Olaia Inziarte. 20:30ean, Lariz jauregian. 
Uztailak 19. Son Rompe Pera. 22:30ean, elizpean.
Uztailak 20. Hit La Rosa. 22:30ean, elizpean.
Uztailak 21. Dantza garaikidea. Hur y Can: Te odiero. O Goblo: Alleo. IxA: Ollos cara adentro. Elektrokat koletikoa: Euskal strutting, Azkoinak eta Elektrokat. 19:00etan, plazan.
Uztailak 26. Kinkfolk. 20:00etan, Arespakotxagako lorategian. 
Uztailak 27. Sara Azurza. 20:00etan, Arespakotxagako lorategian. 
Uztailak 28. Los Galindos. 22:00etan, Aldapebeitian.