Dastatuarte, gastronomia eta artea uztartzen dituen jaialdia

Dastatuarte, gastronomia eta artea uztartzen dituen jaialdia

​Gaur, 19:00etan, Gorlizko Ibarreta plazan, hasiera emango diote Dastatuarte Food&Art jaialdiari, gastronomia eta artea batzen dituen festibalari. Adin guztietako jendearentzako jarduerak egingo dituzte herrian zehar jarritako bost tokitan: Elizako plazan, San Pedro plazan, Ibarreta plazan, Ondarganan eta Sertutxenan. «Jaialdi hau herriko artea eta gastronomia bultzatzeko jaio zen; zero kilometroko ekitaldi bat da», esan du Nerea Goiri Gorlizko Turismo Bulegoko teknikariak.

Aurtengoa jaialdiaren bosgarren aldia da, eta, Goirik azaldu duenez, dezente handitu da urte hauetan: «Gero eta ospe handiagoa hartzen doa jaialdia, bere tokia egiten ari da gure inguruetan». Hasieran, jaialdia «herriko ostaleria eta arteari balioa emateko» hasi zen. Haren arabera, kasualitatez sortu zen Dastatuarte. Goirik kontatu du aurreneko edizioa antolatu baino lehen, pintxo lehiaketa bat zegoela antolatuta herrian, eta Umore Gauarekin kointziditu zuen. Antolatzaileek uste zuten «elkar zapalduko» zutela, baina emaitza kontrakoa izan zen. «Azkenean, ikusi genuen herrian mugimendu handiagoa zegoela, eta hortik hasi zen Dastatuarte sortzeko ideia. Egia esan, oraingoz, oso ondo funtzionatzen ari da».

«Jaialdi hau herriko arte eta gastronomia bultzatzeko jaio zen; zero kilometroko ekitaldi bat da».
NEREA GOIRI Gorlizko Turismo teknikaria

Gaur egun, pintxo lehiaketa da jaialdiaren ekitaldi nagusietako bat, Goiriren hitzetan. «Jende asko erakartzen duen jarduera bat da». Aurten, herriko hamar tabernek hartuko dute parte lehiaketan, eta pintxo bakoitzak 1,20 euro balioko du. «Prezioa oso merkea da». Lehiaketaren irabazlea jendearen botoek eta epaimahai batek erabakiko dute. «Herritarrak gogotsu ibiltzen dira tabernaz taberna, dena probatzen; kritikari gastronomikoak izan daitezke asteburu batez», adierazi du Turismo teknikariak.

Lehiaketaren irabazleari txapel bat emango diote, eta publizitatea egingo diote. New Tavern tabernako Gorka Corralek ziurtatu du 1.500 pintxo baino gehiago egiten dituztela Dastatuarte egiten den asteburuan. Oraingo honetan, Itxas-argia deitutako pintxoa egingo dute haren tabernan, masail iberikoz beteta.

Askotariko jarduerak

«Bost gune ditugu, eta zona hauetan jarduerak egingo dira. Batzuetan, arte tailerrak izaten dira; beste batzuetan, ikuskizunak; eta tailer gastronomikoak ere egongo dira», azaldu du Goirik. Zehaztu du adin guztietako jendearentzako jarduerak izango direla. Batukada Katxarradak emango dio hasiera jaialdiari, gaur, Ibarreta plazatik Elizako plazara abiatuko den martxa batekin. Janari furgonetak egongo dira, kontzertuak, talo salmenta, eta, 22:00etan, Santiago Marcillak magia eta ilusionismo ikuskizun bat eskainiko du.

Biharko jardunaldia klarion tailer batekin hasiko da, 11:30ean, Ibarreta plazan. 12:00etan, Nomada Cristina liburu dendak ipuin kontaketa bat antolatuko du. Ordu horretatik aurrera, janari furgonetak eta tailer gastronomikoak izango dira herrian. 18:30ean, Bizkaiko Txakolinak tailer gastronomiko bat eskainiko du, Asier Caldasekin batera. 19:30ean, Ibarreta plazan, Disney eta Polinesiako dantza tailerra izango da umeentzat. 20:00etan, Elizako plazan jarriko den Bizi karpan, Dario Maresek bakarrizketa bat egingo du.

Igandea Pintura liburu baten bidez deitutako ekitaldiarekin hasiko da, 11:00etan. 14:00etan, Autismo Euskadi elkartearen aldeko paella solidarioa izango da, Elizako plazan. Azken jarduera umeentzako antzerki bat izango da, Bizi karpan.