Aitor Gil 2007an hasi zen margotzen, pinturak txikitatik sortu izan dion jakin-minak bultzatuta, gehienbat. Ordutik, ez dio artea sortzeari utzi, baina, urteak pasatu ahala, aski eraldatu dira obrak egiteko erabiltzen dituen teknikak eta baliabide artistikoak. Hasieran, esaterako, margolari autodidakta zen; diziplina handikoa, gainera: «Margotzen hasi nintzen urte hartan, egunero marrazki bat egitera behartzen nuen neure burua, pixkanaka hobetzeko helburuz», gogoratu du Gilek. Urtebete igaro ostean, ordea, margolari profesionalek emandako klaseak hartzeari ekin zion, eta bere estiloa findu. «Pintura akrilikoarekin eta hiperrealismoarekin obsesionatu nintzen», aitortu du. Hamar urte inguru igaro behar izan ziren bere benetako pasioa deskubritu zuen arte: grabatua. «Gehiago inprobisatzeko aukera ematen dit». Aurten, bere lanak ezagutarazteko lehen erakusketa jarri du ikusgai Bilboko La Taller arte tailerreko erredakzioan —Bidaia oniriko baten estanpak—, eta hilaren 28ra arte egongo da zabalik. Loaren faseak irudikatu ditu.
Zehazki, Gil duela zortzi urte hasi zen La Tallerren grabatu klaseak jasotzen, eta, azaldu duenez, «urte horietan zehar egindako grabatuen bilduma» da erakusketa. «Egia da grabaturen bat erakusketarako sortu dudala, baina gehienak aurreko urteetan egindakoak dira». Alde horretatik, zaila egin zaio obren aukeraketa egitea; are gehiago, «hankaz gora» jarri behar izan du etxea. «Desordena hutsa izaten jarraitzen du oraindik ere», adierazi du, barrez. Artelanak hautatu ostean, aldiz, erraza izan da artistarentzat elkarren arteko harremana definitzea. «Familiaren Enkarterriko baserria, hori inguratzen duen natura eta ametsak dira lotura».
«Azkenaldian, insomnio arazo handiak ditut. Lo egitea izugarri kostatzen zait, eta, nekatuta nagoenean, baserria inguratzen duten naturan, ur jauzietan eta animalietan pentsatzen dut, lo geratzeko asmotan. Alde horretatik, deigarriagoak egiten zaizkit gauean sortzen diren naturako eszenak».
AITOR GIL Artista eta grabatugilea
Bidaia oniriko baten estanpak erakusketan ikus daitezkeen obra gehienek surrealismoari egiten diote erreferentzia, mugimendu artistiko horretan aritutako artistak gustatzen baitzaizkio artistari. Sortzaile ezagunen artean, David Hockney eta Vicente Ameztoi aipatu ditu Gilek inspirazio iturri moduan, baina bere kideen lana ere nabarmendu du. «La Tallerren bertan, grabatu klaseetara datozen ikasleen artean, harrobi polita dago; Alazne Zubizarreta, Iñaki Elosua eta Javier Idirin, esaterako». Maite Martinez de Arenaza arte tailerreko zuzendariak egiten duen lana ere azpimarratu du: «Bilbon ospatu zen Grabatuen Nazioarteko Azokan ezagutu nuen, 2016an, eta bat-bateko maitasuna izan zen. Edozein ideiatik zerbait ederra sortzeko gaitasuna du Maitek».
Erakusketako bisitei dagokienez, Gilek berak gidatuko ditu guztiak. «Inork ez du obra bakoitza nik baino hobeto ezagutzen», arrazoitu du. Ezinbestekoa izango da aurretik ordua eskatzea. Publikoak, gainera, artistak egindako grabatuak erosteko aukera izango du.
Obrak, gertutik
Bere familiaren Enkarterriko baserrian ateratako argazkietan oinarritzen da Gil grabatuak egiteko. Alde horretatik, gaua du gogoko: «Azkenaldian, insomnio arazo handiak ditut. Lo egitea izugarri kostatzen zait, eta, nekatuta nagoenean, baserria inguratzen duten naturan, ur jauzietan eta animalietan pentsatzen dut, lo geratzeko asmotan. Deigarriagoak egiten zaizkit gauean sortzen diren naturako eszenak». Bizitza pertsonalak eta sorkuntza prozesuak, beraz, bat egiten dute haren grabatuetan, eta erakusketako obren ordenak ere esanahi berezia du. «Loaren faseak irudikatu nahi izan ditut: hasierako etapatik hasita, REM faseko paranoia horretara heldu arte».
Grabatu gehienak zuri-beltzean daude eginda, gauak daukan dramatismo hori sentiarazten dutela. «Erakusketako lehen obrek gaueko iluntasunean murgiltzen zaituzte, oso argiztapen gutxi dutelako. Horrek hainbat detaile azpimarratzen ditu: sasi artean dagoen matxinsalto bat edo surrealismorako atea irekitzen duten barrera batzuk, adibidez». Hesi horien ostean, hain zuzen, argitsuagoak eta koloretsuagoak diren lanak kokatu ditu artistak. Horien artean, erakusketa gelaren atzealdean dagoen grabatuak garrantzi berezia du: «Obrarik zaharrena da, eta familiaren baserria ageri da irudikaturik, modu surrealista batean». Baserriari hainbat detaile falta zaizkio, leihoak eta ateak barne, eta ardiz inguraturik dago. Akrilikoekin eginda dago, eta erakusketako gainerako grabatuei ematen die zentzua: «Familiaren oinarria da».
Aitor Gil artista eta grabatugilea, grabatuak nola sortzen dituen azaltzeko zuzeneko demostrazioa egiten, Bilbon, La Tallerreko arte tailerrean, ekainaren 7an. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Zintzilikatutako obra guztien artean bakarra aukeratu beharko balu, ordea, baserriko igerilekua irudikatzen duen lana hautatuko luke Gilek. «Irudiaren argiztapena sakon landu dut kasu horretan, eta bikaina da». Lehen begi kolpean, igerilekua babesten duen hesia besterik ezin da hauteman. Grabatua ondo aztertu ondoren, baina, igerilekua sumatzen da, atzealdean. Oro har, zuri-beltzez egindako grabatua den arren, igerilekua inguratzen duten sasiak berde leun batez eginda daude. Zintarria, berriz, urdin leun batekin irudikatu du artistak. «Uste dut bi kolore horiek estetikoki indarra ematen diotela grabatuari», esan du.
Erakusketa gunea txikia den arren, uste baino sorpresa gehiago gordetzen ditu barnean. «Grabatuek ez ezik, niretzat garrantzitsuak diren hainbat objektuk ere apaintzen dute ingurua», aurreratu du artistak. Hain justu, gelako eskuinaldean, hormatik ateratzen diren metalezko bi zirkuluerdi daude. «Baserrian zeuden; etxeren bateko araztegiaren deposituko piezak ziren. Dituzten zuloetatik begiratu, eta iris baten grabatuak ikus daitezke barruan», adierazi du Gilek. Irisetako batek putreak ditu irudikaturik, eta besteak, ur jauzi «lasaigarriak». «Loa eragiten didaten irudiak islatu nahi izan ditut».