Bizkaiak baditu bere dortoka autoktonoak —korrontezalea eta mendiko dortoka—, eta, SOS Galapagos proiektuak iragarri duenez, «kalteberak» dira eta «arriskuan» daude. Bi espezie horiek arazoak dituzte ugaltzeko eta bizirik irauteko, eta, gainera, atzerritik datozen dortoka exotikoak edo aloktonoak gero eta gehiago dira lurraldean. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, herritarrei laguntza eskatu diete proiektuko kideek. Egoera «oso larria» da, Xabier Arana SOS Galapagos proiektuaren kideak azaldu duenez: «Populazioaren tamaina murrizten ari da, eta ugaltze puntu bakarra daukagu Bizkaian, mendiko dortokari dagokionez».
Bizkaiko dortoka autoktonoak, bai korrontzaleak bai mendikoak, orojaleak dira. Igel arrautzak, larbak, landareak eta arrain txikiak jaten dituzte. Gehienez hogei arrautza jar ditzakete dortokok, eta 30 urte baino gehiagoko bizi itxaropena dute. Hala ere, espezie horien komunitateak elkarrengandik oso urrun egon ohi dira, eta horrek ugalketa eragozten du. Ezaugarriok kontuan hartuta, esan liteke dortoka autoktonoek oztopo larri bat dutela bizirik irauteko. Orain arte 50 ale inguru identifikatu dituztela esan du Aranak.
Garrantzitsua da informazioa lortzea. 2002an, SOS Galapagos proiektua hasi baino lehen, dortoka autoktonoen inguruko informazioa eskasa zen. Gaur egun, ikertzaileek badakite dortoka autoktono helduak daudela, badakite ugaltzen direla, baina oraindik ale gazteak aurkitu ezinik dabiltza. Hiru ildo ditu SOS Galapagos proiektuak: dortoka autoktonoen populazioak eta aleak aurkitzea, dortoka aloktonoak aurkitzea eta ingurumenetik ateratzea, eta horren inguruko informazioa zabaltzea.
«Autoktonoei igorgailu bat jartzen zaie, eta horren bidez jarraitzen dugu zer-nolako lekualdatzeak eta mugimenduak egiten dituzten lurraldean zehar».
XABIER ARANA SOS Galapagos proiektuko kidea
«Mezua da etxean erosita dauzkagun dortokak ez direla ingurumenean askatu behar», azpimarratu du Aranak. «Espezie inbaditzaileak», hau da, dortoka exotikoak, gero eta gehiago dira lurraldean, eta hori ere arrisku handia da autoktonoentzat. Alde horretatik, garrantzitsua da herritarrei informazioa eskaintzea.
Lurraldean daude sakabanatuta dortoka autoktonoak eta aloktonoak. Mendebaldetik ekialdera eta hegoaldetik iparraldera aurkitu daitezke aleak. Urmael naturaletan eta hezegunetan bizi dira, batez ere. Besteak beste, Getxoko Bolueko hezegunean, Gautegiz-Arteagako paduretan eta Urduñan ere lokalizatu dituzte dortokak. Dena den, Aranak onartu du dortoka aloktonoak zabalduagoak daudela: «Poliki-poliki joan gara Bizkaiko hezegune guztiak bisitatuz, eta horietan aurkitu dira autoktonoak eta aloktonoak, baina autoktonoak oso gutxitan daude».
Herritarren laguntza
Bizkaiko Foru Aldundiak bi telefono zenbaki —688-847 376 eta 619-490 556— eta bi helbide elektroniko —sosgalapagos@gmail.com eta espacios.naturales.protegidos@bizkaia.eus— jarri ditu jendea haiekin harremanetan jar dadin. Dortoka autoktonorik edo exotikorik ikusiz gero, kontaktuan jarri behar da foru aldundiarekin edo SOS Galapagos proiektuarekin. «Berdin zaigu dortoka autoktonoak edo aloktonoak diren: beti eskatzen dugu horren berri ematea».
Ehizatzera irteten direnak, paseatzera joaten direnak edo mendian ibiltzen direnak jende gutxi dagoen lekuetatik igarotzen dira askotan. Hiriguneetatik eta azpiegituretatik urrun, lurra askoz iragazkorragoa da, eta dortoka bat ikusteko aukera, handiagoa. Orain arte, herritarren erantzuna «oso ona izan da», Aranak ziurtatu duenez.
Dortoka autonomo bat lokalizatuz gero, txip bat jarriko zaio haren ibilibideari jarraitzeko eta datu biometrikoak hartzeko: «Autoktonoei igorgailu bat jartzen zaie, eta horren bidez jakiten dugu zer-nolako lekualdatzeak eta mugimenduak egiten dituzten lurraldean». Ale bakoitza identifikatzen dute, eta, horri esker, jarraipena eman ahal zaio, eta loaldia non egiten duen jakin. Horrek lagunduko du dagoen populazioa zaintzen eta dortoka autoktonoen egoerari buruzko informazioa lortzen.