Pandemia pixkanaka atzean geratu bada ere, «prekaritateak, bizi baldintza kaskarrek eta bakardadeak» errealitatean «tinko» dirauela ondorioztatu du Bizkaiko Caritasek. Karitate Astea egin dute joan den astean, eta Karitatearen Eguna ospatu zuten zapatuan, Zallan, Ator etxean zaude lelopean. Iazko balantzea egiteko baliatu zuten ekitaldia: denera, 13.090 pertsona artatu zituen erakundeak.
Elena Unzueta Bizkaiko Caritaseko zuzendariaren hitzetan, «bi abiadurako gizarte bat» sortzen ari da, eta horren erakusgarri dira datuak: «Beharrizanik ez duen jendearentzat ikusezinak dira baztertuta dauden horiek. Gizarte arrakala bat dago, eta talderik behartsuenak atzean geratzen ari dira». Datuei erreparatuz, Caritasek 2022an baino 1.168 pertsona gehiago artatu zituen iaz, eta artatutakoen ia erdiek lehen aldiz jo zuten erakunde horretako kideengana: 5.915 lagunek, hain zuzen ere. «Datu horrek ageriago uzten du arrakala». Lagundu zituzten gehienak (%52) emakumeak direla nabarmendu dute, eta geroz eta gehiago direla adingabekoekin bakarrik dauden amak.
Laguntza jaso dutenen artean, prezioen gorakada, etxebizitza eta errolda dira gehien agertzen diren aldagaiak. «Diru sarrerek ez dute hobera egin, eta gastuak goraka doaz. Oinarrizko ondasunen, etxebizitzen eta horniduren garestitzea jasanezina izan da familia askorentzat», adierazi du Unzuetak. Datuen arabera, familia pobreenek diru sarreren %43 baliatzen dituzte etxea ordaintzeko eta %20 jakiak erosteko. Gaineratu du erroldatzeko aukerarik ez izateak egoera larritzen duela, eskubideak eta aukerak eskuratzeko erroldatuta egon behar baita.
Alabaina, badira aldagai ikusezinagoak ere, Unzuetaren arabera: bakardadea, kasurako. «Caritasen zentroak ez dira soilik laguntzeko zentroak; elkartzeko, harremanak egiteko eta komunitatera irekitzeko lekuak ere badira», azaldu du zuzendariak.
Azpimarratu dute laguntza jaso zutenen artean lautik bat (%27) 23 urtetik beherakoa zela. Horren harira, uste dute funtsezkoa dela pobreziaren transmisioa eta etorkizuneko gizarte bazterkeria prebenitzea, familiei, haurrei eta gazteei laguntzeko.
Gizarte bazterketaren inguruko usteei ere erreparatu die Ana Sofi Telletxea Bizkaiko Caritaseko Errealitate Sozialaren Behatokiko arduradunak aurkezpenean, eta irudia aldatu behar dela adierazi. Haren irudiko, askotan soilik pobreziarekin lotzen da bazterketa, baina askotarikoak dira aldagaiak. «Arazo larri askoren batuketaren ondorio da. Gerta dakieke adinekoei, seme-alaben ardura dutenei, atzerritarrei, kalteberak diren gazte eta haurrei, eta osasun eta hezkuntza zerbitzuak eskuratzea zail dutenei».
Urtero, Bizkaiko Caritasek bere gizarte lana ezagutarazten du, eta, era horretan, artatzen dituenen bizimoduaren ondorio sozial eta ekonomikoak ikusarazi.
Aitortza boluntarioei
Boluntariotza da Caritasen oinarria, eta, beraz, boluntarioen lana nabarmendu nahi izan dute datuen aurkezpenean. Iaz, erakundera 238 lagun gehiago batu ziren aurreko urtean baino. Guztira, 1.890 boluntario dira Bizkaian gaur egun, eta, horien artean, %77 emakumezkoak dira. Orotara, 4.230 norbanakok eta 343 erakundek babesten dute Caritas Bizkaian, bazkide moduan edo dohaintzen bidez.
Pobreziari eta bazterketari aurre egiteko, 15 milioi euroko inbertsioa egin dute guztira, eta, batez ere, honako arlo hauetan erabili dute dirua: harrera integrala (4,1 milioi euro), etxegabeak (2,7 milioi euro) eta enplegua eta ekonomia solidarioa (1,9 milioi euro). 244 proiektu garatu dituzte.
Datuak
5.915
Zenbat pertsonak jo duten lehen aldiz Caritasera. Iaz 13.090 lagun artatu zituzten Bizkaiko Caritasen, eta haietako 5.915ek lehen aldiz jo zuten erakundeko kideengana. Elkarteko kideen arabera, «gizarte arrakalaren ondorio» da datu hori.
1.830
Zenbat boluntario dauden. 2022an baino 244 lagun gehiago batu ziren iaz Bizkaiko Caritasera. Horien artean, emakumezkoak ziren gehienak: %77.