«Horrelako proiektu bat gelditzea oso zaila da», onartu du Xixili Bengoetxea Kastillo Bizirik koordinakundeko kideak, Otxandioko, Ubideko eta Legutioko (Araba) lurretan eraiki nahi duten parke eolikoari aipamena eginez. Azken asteetan, hiru herri horietako biztanleak buru-belarri ibili dira Bizkaia eta Araba arteko mugan egingo den proiektuari aurre egiteko. Bengoetxeak kontatu du borroka elkarrekin egiteko eta indar handiagoa izateko sortu dutela koordinakundea: «Kastillo Bizirik maiatzaren 25ean aurkeztu genuen, baina egia da orain dela hilabete batzuetatik egon garela martxan. Legutio, Otxandio eta Ubide herriak batzen dituen koordinakunde bat da».
Bengoetxeak argi utzi du plataforma berriaren xedea dela «Kastilloko parke eolikoari aurre egitea». Hark azaldu duenez, duela gutxi jakinarazi diete proiektua Otxandioko, Legutioko eta Ubideko lurretan gauzatu nahi dutela, eta oraindik parkearen ezaugarri gutxi batzuk baino ez dakizkite. «Berrehun metroko lau haize errota eta zementuzko egundoko plataformak batzen dituen parke eoliko bat izango da», Bengoetxeak esan duenez. Plaury Energy enpresak aurreikusita dauka 120 metroko dorre metereologiko bat jartzea parkean.
Horren aurka, Otxandioko, Legutioko eta Ubideko herritarrak elkartu egin dira, Bengoetxeak kontatu duenez: «Horren berri izan genuenean, herrietan gauzak egiten hasi ginen, eta ikusi genuen garrantzitsua dela koordinakunde bat sortzea, koordinazio bat izateko eta gure artean antolatzeko, lehenik eta behin proiektua zertan datzan azaltzeko. Horretarako, bilera informatibo bat egin genuen, proiektua azaltzeko».
«Ez dago informazio askorik. Bilera informatiboak hasi ginen egiten, eta, gero, alegazioak batu ditugu».
XIXILI BENGOETXEA Otxandioko Kastillo Bizirik koordinakundeko kidea
Herritarrei informazioa eskaintzea eta eztabaida kalera ateratzea ezinbestekoa dela uste du Kastillo Bizirik taldeko kideak, batez ere, oraindik informazio gutxi dagoelako. Horretarako, irakurketak, bilera informatiboak eta bestelako ekintzak antolatu ditu koordinakundeak. «Egia da ez dagoela informazio askorik, ez dugulako jaso. Bilera informatiboak hasi ginen egiten, eta, gero, herri alegazioak batzen aritu gara, guk sortutako alegazio batzuk. Horietan azaltzen da gure ustez zergatik ez litzatekeen eraiki behar parke eolikoa, eta argudio batzuk daude horretarako. Jendea arrazoi horiekin ados badago, sinatuko du. Hiru herrietan egin dugu hori». Orain arte, mila alegazio eta zortziehun sinadura baino gehiago jaso dituzte.
«Negozioaren» aurka
«Ez gara esaten ari energia berriztagarrien kontra gaudenik; gu negozio bat izatearen kontra gaude», adierazi du Bengoetxeak. Berriztagarriak bai, negoziorik ez da haien leloa. Taldearen ustez, proiektua inposatzen ari zaie herritarrei, atzean dauden interesengatik. «Halako proiektuak oso zailak dira gelditzen, hainbat interes daudelako atzean. Enpresa handien interes ekonomiko batzuk daude, eta baita konplizitate asko ere. Gainera, proiektu hauek Europatik etorritako Next Generation funtsek finantzatuta eta ekonomikoki bultzatuta daude».
Kastillo Bizirik koordinakundeko kidearen esanetan, energiaren inguruan gehiago hitz egin beharko litzateke, energiaren auziak Euskal Herri osoari eragiten diolako: «Gu egiten ari garena ez da soilik Kastillo proiektura bideratutako zerbait; Euskal Herri osoan antzeko ezaugarriak dituzten proiektuak daude, eta modu berean ari dira inposatzen pila bat parke eoliko eta fotovoltaiko». Horren aurka, Kastillo Bizirik koordinakundeak proposatu du gaia hizpidera ekartzea eta eztabaida sustatzea, «benetan ikusteko horrelako proiektuek zer interesi erantzuten dieten».