Laborategietan ere egin daiteke moda jasangarria. EHUko Kimika Makromolekularreko ikerketa taldeak polimeroekin egiten du lan; propietate jakin batzuk dituzten ehunak lortzeko, besteak beste. Ikerketaren inguruan mintzatuko da Leire Ruiz taldekidea (Bilbo, 1977) bihar Balmasedan, La Encartada Modan.
Zer ari zarete ikertzen?
Makromolekulak edo polimeroak ikertzen ditugu. Plastikoen antzeko materialak, baina jasangarriagoak. Adibidez, ikasle bat itsasoko haize errotak babesteko margoak garatzen ari da, iturri natural batetik abiatuta, orain erabiltzen diren margoek itsasoko mikrofauna hiltzen baitute. Halaber, biologoekin batera, zelulak hazten ditugu polisakaridoak erabilita.
Nola aplika daiteke zuen ikerketa modan?
Hainbat modura. Bakterioen eraginez, oihalak usain txarra hartzen du; bada, oihalean gainazal bat ipin daiteke, bakterioen aurkakoa. Eta, bestalde, proiektu bat hasiko dugu, tenperaturaren arabera egitura aldatzeko gai diren zuntz adimendunak egiteko —Goretexen parekoak—. Oihal bat haria ehuntzen sortzen da, eta ehundura horretan zuloak daude: zuntz adimendunetan, gorputza berotzen denean, tenperatura igoeraren eraginez oihaleko zulotxoak handitzen dira —transpirazioa errazteko—; eta, tenperatura jaisten denean, zulo horiek berriro txikitzen dira, gorputza hoztu ez dadin.
Zuen ikerketa kirol arropara bideratuta dago, beraz?
Ez horretara bakarrik. Adibidez, polimeroek suhiltzaileen arropa teknikorako ere balio dute. Izan ere, kontrako konfigurazioa egin daiteke: oihalaren harietan gehigarri naturalak sar ditzakegu zuloak ixteko eta sua ez hartzeko. Segun zer propietate nahi dugun, konfigurazioa alda daiteke.
«Errepikatzen diren eta lotuta dauden molekula txikiek osatzen dituzte polimeroak. Molekulak berdinak izan daitezke, edo desberdinak»
Nola konfiguratzen da materiala?
Bere egitura kimikoan aldaketa batzuk egiten ditugu. Hariak hainbat zati kimikorekin eginda daude: zati horien luzera aldatuz, zati malguagoak edo zurrunagoak ipinita, edo haien proportzioa aldatuta, aldatu egiten dira eskala makroan propietate mekanikoak eta termikoak.
Zati horiek zer dira, zehazki?
Molekulak dira. Errepikatzen diren eta lotuta dauden molekula txikiek osatzen dituzte polimeroak. Molekulak berdinak izan daitezke, edo desberdinak. Jolasten badugu eta, adibidez, ipintzen baditugu A motako bost molekula eta B motako bakarra, propietate jakin batzuk lortuko dira. Materiala zurrunagoa izan dadila nahi badut, zurruntasuna ematen duten molekula gehiago sartuko ditut. Osagaiekin jolastea da kontua.
Zer lehengai erabiliko dituzue modan aplikatuko diren polimero horiek lortzeko?
Proiektuan, olioak eta zuhaitzak erabiliko ditugu. Soja olioa erabil daiteke, errizino olioa… Horiek dira merkeenak eta, beraz, industrialki aukera gehien izan ditzaketenak. Eta zuhaitzetatik, zelulosa, lignozelulosa eta lignina erabiliko ditugu. Lignina egitura potolo bat da, eta, zatitzean, zenbait konposatu eskura daitezke; banillina, adibidez. Zuhaitza erabiltzen dutenean papergintzan, edo altzairugintzan, geratzen dira erabili ez diren mozketak, azalak eta hondakinak, eta horiek erabiltzen ditugu.
«Balantza batean ipini behar duzu guztia: birziklatzeko erraza izango den material bat lortu behar duzu, baina propietate jakin batzuk dituena»
Olioaren kasuan ere, erabilitakoa aprobetxatzen duzue?
Korapilatsuagoa da. Aspaldi saiatu ginen Leioako campuseko Ostalaritza Eskolatik eskuratutako olioarekin. Baina hainbat olio mota daude nahastuta: batzuk polimeriza daitezke, eta beste batzuk, ez. Horiek bereiztea kaos bat da, eta, gainera, erabili beharko genituzkeen teknikak direla eta, ingurumenarentzat kaltegarriagoa izango litzateke olio berria erabiltzea baino.
Polimero berri horiek ohiko materialak baino jasangarriagoak dira?
Hori da helburua. Ziklo osoan, hasieratik bukaerara kontuan hartuta, materialek jasangarriagoak izan behar dute petroliotik eratorritakoak baino.
Material batzuek kutsadura sortzen dute erabilgarri izateari uzten diotenean, ezin direlako birziklatu edo botatzerakoan arazoak sortzen dituztelako naturan. Polimero berriak jasangarriak izango dira bizitzaren bukaeran ere?
Bai. Materialaren bizitzaren bukaera ere kontuan hartuko dugu. Hainbat talderekin egingo dugu lan, eta haiek esango digute zer arazo gerta daitezkeen materialaren bizitzaren bukaeran, aldaketak prozesuan bertan egin ahal izateko. Adibidez, sartzea egituran hidrolizatu daitekeen zerbait, birziklatzeko errazagoa izan dadin. Balantza batean ipini behar duzu guztia: birziklatzeko erraza izango den material bat lortu behar duzu, baina propietate jakin batzuk dituena.