Izate bat baino gehiago, jarrera bat aldarrikatzen du señora berbak, eta horixe goraipatzen dute Señora bertso sariketaren bitartez. Emakumeei zein hegemonikoak ez diren gainontzeko identitateei ikusgaitasuna emateko asmoz sortu zuten 2021ean, eta laugarrenez egingo dute bihar, Portugaleten, Merkatu plazan. «Helburua da marko transfeminista baten barruan bertsolaritzaren lehia birformulatzea eta bertsolarien arteko sareak indartzea», adierazi du Oihana Arana antolatzaileak.
Aurten, egun bakarreko sariketa egingo dute lehen aldiz: kanporaketak eta finala egun berean jokatuko dituzte. Aranak aurreratu duenez, Señora eguna antolatzearen ondorio izan da erabakia —otsailaren 15ean egin zuten, Soraluzen (Gipuzkoa)—: «Egun horrek Señora proiektuaren funtzioetako asko bete zituela ikusi genuen, eta horregatik erabaki genuen formatua aldatzea eta sariketa egun bakarrean egitea».
«Guretzat beharrezkoa da eremu seguruak sortzea, gure artean saretzen, ezagutzen eta kantatzen jarraitu ahal izateko. Asko gozatzen dugu».
OIHANA ARANA Antolatzailea
Zortzi bertsolari arituko dira kantuan. «Oreka bat mantentzen ahalegintzen gara, bai belaunaldiei dagokionez, bai lurraldekotasunari dagokionez», esan du Aranak. Hiru fase jokatuko dituzte: «Zortzi bertsolari hasiko dira lehen fasean, horietatik lau sailkatuko dira bigarrenera, eta hortik bik jokatuko dute finala». Epaile lanetan, Larraitz Trojaola, Maider Aldai, Maider Arregi eta Arana bera arituko dira: «Epaile bakoitzak eginbehar bat izango du, eta erabakiak modu asanblearioan hartuko dira».
Ohikoa den legez, pamela jantziko du irabazleak. Maider Arregik irabazi zuen iaz, eta Ane Labaka (2022) eta Amaia Agirre (2021) gailendu ziren aurreko aldietan. Alabaina, ez da banatuko duten sari bakarra izango: iaz bezala, Tokadu saria banatuko dute aurten ere. «Bihotza gehien hunkitu dien» parte hartzaileari ematen zaio aitortza hori, eta epaileen esku egoten da erabakia. «Guretzat bertsolari onena saritzea bezain garrantzitsua da», azpimarratu du Aranak.
«Ironikoa dirudien arren, gutako gehienok ez dugu kointziditzen saio askotan, eta polita izaten da».
IRURI ALTZERREKA Bertsolaria
Iaz, Iruri Altzerreka bertsolariak irabazi zuen Tokadu saria. «Pozgarria izan zen aitortza hori jasotzea, duen sinbolismoagatik», esan du bertsolariak. Izan ere, iruditzen zaio halako txapelketek «bestelako ezaugarri batzuk» aintzat hartzeko aukera ematen dutela: «Ohiko txapelketetan halako kontuei ez zaie balioa ematen, eta, alde horretatik, hunkigarria izan zen». Aurten, Altzerrekak berak pasatuko dio lekukoa Tokadu saria irabazten duen bertsolariari.
Toki seguruen beharra
Bertsozale feministentzat «urteko ekintza markatu bat» bihurtu da Señora sariketa, Aranaren ustez: «Azken urteetan sariketak egin duen ibilbidea oso oparoa izan da, iruditzen zait erreferente bihurtu garela nolabait, eta publikoak ere eguna gordeta izaten du». Baita bertsolariek ere, Altzerrekak gaineratu duenez: «Ironikoa dirudien arren, gutako gehienok ez dugu kointziditzen saio askotan, eta polita izaten da».
Bereziki, sariketan sortzen den giroa nabarmendu nahi izan du Altzerrekak: «Konplizitatez betetako jai giro bat sortzen da, giro eroso batean sareak egiteko balio duena». Izan ere, horixe da helburu nagusietako bat, Aranaren iritziz: «Guretzat beharrezkoa da eremu seguruak sortzea, gure artean saretzen, ezagutzen eta kantatzen jarraitu ahal izateko. Asko gozatzen dugu».
Sariketaren aurreko hiru aldiak Lesakan (Nafarroa), Leitzan (Nafarroa) eta Oñatin (Gipuzkoa) egin zituzten. Alde horretatik, beraz, «nahita» aukeratu dute aurten Portugaleten egitea. «Señora sariketa Euskal Herriko sariketa bat izan arren, ohartu ginen oso eremu murritzean ari ginela jokatzen. Ondorioz, bertsolaritza horren mainstream-a ez den lekuetara eraman nahi genuen».
bertsolariak
Haira Aizpurua Ibargarai (Sara, Lapurdi, 2006).
Jone Uria Albizuri (Getxo, 1990).
Maialen Akizu Bidegain (Urretxu, Gipuzkoa, 1996).
Ane Zuazubiskar Iñarra (Arrasate, Gipuzkoa, 1997).
Araitz Katarain Mugarza (Mallabia, 2004).
Ibai Lekuona Darceles (Hendaia, Lapurdi, 2005).
Eukene de los Aires Amundarain (Gasteiz, 2005).
Irati Majuelo Itoiz (Iruñea, 1993).
egitaraua
12:30. Bertso poteoa, Ahalduntze bertso eskolako bertsolariekin, Izar Gorria tabernan hasita.
14:30. Bazkaria, Merkatu plazan.
17:30. Sariketa, Merkatu plazan.