Jarduera jasangarriagoa garatu beharrak ekonomiaren sektore asko kezkatu ditu, eta, agian industria kutsagarrienetako bat izateagatik, modako diseinatzaile eta zale askok dute ahotan ingurumenaren zaintza, materialen xahuketa saihesteko ahalegina, tindu naturalak erabiltzeko premia, osagai berri eta ez hain kaltegarrietara jotzeko interesa, artisautza moldeak berreskuratzen dituzten jarduerak. Eta joerok agerikoak dira modarekin lotutako ekintzetan. Hala, Balmasedako Encartada fabrika museoan egiten duten La Encartada Moda jaialdiak aspaldiko ardatza du jasangarritasuna, eta alderik alde zeharkatu du, orobat, aurtengo egitaraua. Egun bakarrean ospatuko dute La Encartada moda, bihar, eta hamalau profesionalen lanak ikusi ahalko dira.
«Materialaren kulturan murgiltzen gara: aztertzen dugu ez soilik kontsumoa eta merkataritza, baita diseinatzen ditugun objektuen bizi zikloa ere».
EDUARDO LORETO Basque Biodesign Centerreko berrikuntza zuzendaria
Hiru dimentsioetako moda, ehun adimendunak eta material jasangarriak izango dira oinarri egun osorako prestatu dituzten ikastaro, mahai inguru, instalazio, showroom eta desfileetan, eta jakintza eremuak uztartuko dira, modari aplikatutako bioteknologiaz mintzatuko baitira, adibidez. Ikerketa ildo hori jorratzen dute Gueñesko Basque Biodesign Centerren: biodiseinuarekin lotutako estrategiak garatzen dituzte; hau da, izaki bizidunak erabiltzen dituzte materialak sortzeko. Kasu baterako, hondakin organikoak aprobetxatzen dituzte, eta larruaren moduko oihalak erdiesten dituzte bakterioek hartziduraz sortzen duten mizelioarekin.
Osagai horiek erabilgarriak dira arte, moda eta arkitektura sektoreetarako, besteak beste, zentroko berrikuntza zuzendari Eduardo Loretoren berbetan. «Materialaren kulturan murgiltzen gara: aztertzen dugu ez soilik kontsumoa eta merkataritza, baita diseinatzen ditugun objektuen bizi zikloa ere». Hori horrela, aurten «etorkizuneko oihalak» izango dituzte hizpide jaialdian. «Jasangarritasunak, berrikuntzak eta kalitateak ezaugarritzen ditu oihal horiek, eta bioteknologia aplikatuta lortzen dira», Loretoren esanetan.
David Moss diseinatzailearen jantzi bat. DAVID MOSS
Irizpide horietan bermatuta, jaialdirako propio moldatutako pieza bat aurkeztuko dute bihar: formatu handiko biolarrua —bakterio jatorrikoa, eta ez animalia jatorrikoa— eta kultibatutako kristalak erabili dituzte, besteak beste. Hiru dimentsioko inprimaketaz eta patroi digitalez baliatu dira. «Jantziak goi joskintzaren dotoretasuna eta artisautza berria batzen ditu. Frogatzen du material biologikoen erabilerak aldaketa positibo bat hauspotu dezakeela modaren industrian», Loretoren irudiko.
Desfile mordoa
Alberto Sinpatron diseinatzaile eta jaialdiko koordinatzailearen arabera, «proposamen arkitektonikoagoak» ikusiko dira aurtengo desfileetan. «Modan arkitekturaz hitz egiten dugunean, siluetaz hitz egiten dugu. Horretarako, askotariko proposamenak ekarriko ditugu desfileetara, silueta ezberdinak dituztenak». Batzuk «abangoardistagoak» izango dira: David Mossen jantziek, esaterako, planoekin eta geometriarekin jolasten dute, Sinpatronen hitzetan; kontrara, Guillermo Decimoren diseinuek goi joskintzako silueta klasikoa darabilte. «Azkenean, exoeskeleto hori sortzeko hainbat modu daude. Exoeskeletoa janzten dugunean, modatzat jotzen dugu, baina armadura bat da, giza gorputzaren mugetatik harago doana eta askotariko siluetak sortzen dituena».
«Modan arkitekturaz hitz egiten dugunean, siluetaz hitz egiten dugu. Horretarako, askotariko proposamenak ekarriko ditugu desfileetara, silueta ezberdinak dituztenak».
ALBERTO SINPATRON Diseinatzailea eta La Encartada Modaren koordinatzailea
Ikastaro batekin ekingo diote egunari, Batoul Al-Rashdan Jordaniako diseinatzaile eta B.O.R. markaren sortzailearen eskutik. Jarduera horretan aurkeztuko dute, halaber, biolarruz egindako jantzia. 12:30etik aurrera, bost desfile egongo dira: hurrenez hurren, Elysea Studiokoek arropa apurtzaileak aurkeztuko dituzte; MEZek bigarren bizitza bat eman die botatzekoak ziren denim txatalei, haiekin jantzi berriak osatuta; Zaloa Ferrek amonarengan inspiratutako bilduma erakutsiko du; Navaja Studiok NEO bilduma retrofuturista ekarriko du; eta Valeria Irisarrik tekno musikaren eta rock & rollaren arteko fusio bat egin du bere goi joskintzako proposamenean.
Valeria Irisarri diseinatzailearen diseinu bat. VALERIA IRISARRI
Arratsaldean izango da desfileen bigarren saioa, 18:30etik aurrera. tHERAPY Recycle and Exorcise izango da lehena, bigarren eskuko ehunekin eta Kordoban (Argentina) eta Berlinen bildutako kontsumo aurreko industria bazterkinekin egindako bildumarekin. Guillermo Decimok tradizioa eta artisautza, eskulana, erreferentzia historiko-artistikoak, ilustrazioa eta antzerkia batzen dituen proposamena erakutsiko du, eta berrikuntzara joko du David Mossek bere desfilean. Bukatzeko, hainbat artistak parte hartuko dute laugarren desfilean: Natacha Marro neurrira egindako zapaten artisauak bere piezen lagin bat ekarriko du, sinpatron markak hogei urteko lanaren atzera begirakoa eskainiko du, Angel Amorren burukoak eta kapelak ikusi ahalko dira, Ganboaren bitxiak, Ane Takittoren zeramikak eta bitxigintza garaikidea, baita Maldeojo Optika Atellierren betaurrekoak ere.
Elysea Studioren jantzi bat. ELYSEA STUDIO
Diseinatzaileentzat erakusleiho gehiago ere egongo dira. 12:00etatik 22:00etara bitartean, beren lanak erakutsiko dituzte Ana Virto, Ane Takitto, Eva Burton, Kiribiltxo, Otrora, Puntada Bastarda, Rodillo eta Sara Ortuzar sortzaileek, fabrikaren kanpoko karpan antolatuko duten showroom-ean. Eta bestelako ikastaro, film proiekzio, performance eta bisita gidatuekin osatu dute egitaraua. Halaber, jan-edana ere ipiniko dute.