Jai herrikoien mugimenduak uste du Batuz-Ticket Bai sistemak «arriskuan» jarriko dituela festak

Jai herrikoien mugimenduak uste du Batuz-Ticket Bai sistemak «arriskuan» jarriko dituela festak

​Bizkaiko txosnek Batuz sistemaren barruan sartu beharko dute, eta, izaera juridikoaren arabera, 2025era edo 2026ra bitarteko epea izango dute horretarako. Hala azpimarratu zuen Leixuri Arrizabalagak, Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak, joan den asteko gobernu kontseiluaren ostean egindako agerraldian, Bilbon. Iruzurrari aurre egiteko eta jardun ekonomikoa kontrolatzeko sistema berria da Batuz —harekin batera doa Ticket Bai faktura elektronikoa—, eta, Arrizabalagak gogoratu zuenez, jardun ekonomikoa duten entitate guztiek ezarri beharko dute sistema berria; Bizkaian txosnak multzo horretan sartu dituzte, Gipuzkoan eta Araban ez bezala. Lurraldeko jai herrikoien aldeko mugimenduko jai batzordeek gaitzetsi egin dute neurria: Batuz-Ticket Bai sistemak jai herrikoiak «arriskuan» jarriko dituela uste dute —agerraldi bat egin zuten joan den asteko ostegunean, eta ordutik instituzioak ez dira haiekin harremanetan jarri, Bilboko Konpartsak federazioaren arabera—.

[articles:2125780]

Nerea Zuloaga Auzotarrok Bilboko Jai Batzordeen koordinakundearen eta Iñigo Iglesias Bilboko Konpartsak federazioaren ordezkarien arabera, sistema berriarekin txosnek errenta aitorpena egin beharko dute, eta %21eko BEZa aplikatuko zaie, tasarik «handiena». Gainera, izena eman beharko dute ogasunean elkarte moduan, eta diru sarrera guztiak jakinarazi. «Burokraziarekin itoko gaituzte», Iglesiasen iritziz. Haren esanetan, txosnak ezin dira tratatu enpresak balira bezala, irabazten duten dirua festetarako erabiltzen baitute, baita kolektiboei laguntzeko ere, «eta ez dirua irabazteko». Dena dela, ez zaie iruditzen kontu ekonomiko hutsa. «Badira eragile jakin batzuk herriko jaiak eta txosnak desagertzea edo ahalik eta gehien murriztea lortu nahi dutenak».

Jai herrikoien aldeko mugimenduaren agerraldia Bilboko Zazpikaleetan, joan den asteko ostegunean. Nerea Zuloaga eta Iñigo Iglesias, testua irakurtzen. BILBOKO KONPARTSAK

Neurriak, batik bat, jai batzorde txikienei egingo die kalte. «Adibiderik garbiena Bilboko auzoetako jaiak dira», Zuloagaren hitzetan. «Auzo batzuek udalak ematen dien diruarekin bakarrik antolatzen dituzte jaiak, eta 1.500 euro dira. Zergak ordaintzen hasi behar badute, ez dituzte antolatuko jaiak».

Hori ikusita, jai ereduaren oinarriak azpimarratu dituzte. Adierazi zutenez, borondatezko eta auzokideen arteko lankidetzaren eta lanaren adibide dira jai herrikoiak, baita «funtsezko erreferentzia» ere. Bestalde, azpimarratu dute txosnek hainbat helburu dituztela, festak antolatzeaz gainera. «Urte osoan gizarte, kirol, kultura eta bestelako hainbat jardueraren euskarri ere badira. Txosnengatik ez balitz, jarduera horietako asko desagertu egingo lirateke». Ondorioz, jai herrikoiak «gizarte inbertsioaren eta herri eraikuntzaren benetako adibide» direla esan dute, eta auzolan eta elkarlan jarduera «inbidiagarria» egiten dutela. Gainera, uste dute «herriaren gehiengo zabalak dituen kultur balioen transmisore» gisa jokatzen dutela.

Udalei, foru aldundiari eta Bizkaiko gainerako erakunde guztiei eskatu diete «erraztasunak» emateko herriko jaiak antolatzeko eta txosnak ipintzeko. «Zerga normalizazioak eta iruzurraren aurkako lanak —gehienok ulertzen dugun zerbait— ez lukete aitzakia izan beharko txosnen jai eredua amaitzeko. Ez litzateke traumatikoki deuseztatu beharko gizarte honek hainbeste denboran jai giroan eraiki duena». Hala, erakundeei gonbita egin diete haiekin biltzeko eta haien eskakizunak entzuteko. «Nahi dugu kontuan eduki dezatela guk zelako lana egiten dugun, eta ezarri beharreko neurriak zentzuzkoak izan daitezela», Zuloagaren hitzetan.

«Bilboko auzo batzuek udalak ematen dien diruarekin bakarrik antolatzen dituzte jaiak, eta 1.500 euro dira. Zergak ordaintzen hasi behar badute, ez dituzte antolatuko jaiak».
NEREA ZULOAGA Auzotarrok Bilboko Jai Batzordeen koordinakundearen ordezkaria

Orain arte, ordea, instituzioekiko harremana ez da oso estua izan, Auzotarrok-en ordezkariaren berbei erreparatuta. «Bilera bat izan genuen urtea bukatu baino lehen, bilera bakarra, eta bakarrik azaldu ziguten sistema bazetorrela eta gu ere haren barruan geundela». Informazio «gutxi» eman zieten. «Esan ziguten sistema 2026an sartuko dela indarrean —jakin berri dugu agian 2025ean izan daitekeela—, eta guk ere BEZa eta PFEZa ordaindu beharko ditugula, autonomo moduan». Edonola ere, Iglesiasen berbetan, lehendik egiten dute ekarpen bat zergen bidez: hornitzaileei BEZa ordaintzen diete, euren donazioak jasotzen dituzten kolektiboek errenta aitorpenak egiten dituzte…

Poliki-poliki

Bizkaiko Foru Aldundiak 2021. urte bukaeran iragarri zuen Batuz, eta sistema berria ezartzeko epeak malgutu zituen iazko uztailean: enpresa handi guztiek sisteman egon beharko lukete dagoeneko; uztailaren 1erako, industrian, eraikuntzan eta garraioan diharduten enpresa txikiak eta ertainak lotu beharko lirateke, baita hainbat sektoretako profesionalak ere, hala nola arkitektoak eta dentistak; 2025era arteko epea dute ostalariek eta merkatari txikiek; eta, azkenik, 2026ko urtarrilaren 1erako sartu beharko dira jarduera ekonomikoren bat duten irabazi asmorik gabeko erakundeak eta sozietate zerga ordaintzetik salbuetsita daudenak.

Txosnei dagokienez, izaera juridikoaren araberakoa izango da Batuz sisteman sartzeko epea, Arrizabalagak agerraldian argitu zuenez, eta aldundiak kasuz kasu aztertuko du egoera: batzuek 2025eko uztailaren 1erako egon beharko dute —multzo horretan daude nortasun juridikorik ez duten ostalariak eta merkatari txikiak; autonomoak, kasu baterako—, eta beste batzuek 2026ra arteko astia edukiko dute.