Emakumezkoen Urrezko Pala Txapelketa egingo dute Mungian, lehenengo aldiz

Emakumezkoen Urrezko Pala Txapelketa egingo dute Mungian, lehenengo aldiz

​Ostera ere palaren hiriburu bihurtu da Mungia azken egunotan. Urrezko Pala Txapelketa jokatzen ari dira, baina badu berezitasunik: lehen aldiz, emakumezkoen txapelketa egiten ari dira. Pixkanaka bada ere, emakumeek gero eta presentzia handiagoa dute orain arte gizonezkoentzat soilik ziren zenbait kirol modalitatetan, eta horren erakusgarri izan gura du txapelketak. Joan den asteburuan jokatu zuten lehenengo jardunaldia, eta datozen asteotan izango dira hurrengoak. Finala ekainaren 16an izango da.

Gizonezkoen txapelketaren formatu bera du emakumeenak: lau jardunaldi izango ditu, eta lau aurrelari eta lau atzelari lehiatuko dira bikote irekietan. Izan ere, formatu horrek egiten du txapelketa berezi, Egoitz Ojinaga Mungiako Danak Bat pilotazale elkarteko arduradunaren hitzetan: «Bikoteak ez dira finkoak, aldatuz joaten dira partida bakoitzeko; ondorioz, erregularrenak diren pilotari horiek iritsiko dira finalera». Jokalari bakoitza puntuak bilduz joango da partidetako bakoitzean, eta puntu gehien dutenak sailkatuko dira finalera. «2-0 irabaziz gero, 60 puntu jasoko dituzte irabazleek; 2-1 geratuz gero, 40 puntu jasoko ditu bikote irabazleak, eta 20 beste bikoteak. Puntu gehien dituzten bi aurrelariak eta bi atzelariak sailkatuko dira finalerako. Jokalari bakoitzak bere puntuak eskuratuko ditu», zehaztu du Ojinagak.

Mungiako pilotalekuan izango dira partida guztiak, 19:00etan. «Pilotaleku oso noblea da, frontis gutxikoa, eta iruditzen zait neskak ondo arituko direla». Gaineratu du asko lehen aldiz ariko direla pilotaleku horretan jokatzen: «Neska askok ez dute ezagutzen pilotaleku hau, baina espero dugu partida politak aterako direla. Bizkaiko Txapelketan, kasurako, 26 metroko frontoi batean jokatzen zuten. Orain, frontoi luzera datoz: ia 50 metro luze da. Ikusiko dugu ea formatu honetan nola moldatzen diren, baina iruditzen zait emoziorik ez dela faltako».

«Telebistan esku pilota bakarrik erakusten denez, haur eta gazte gehienek kirol horretan jokatu nahi dute. Beraz, espero dugu palak ere gero eta indar handiagoa hartzea. Oso kirol polita da; balio handiagoa eman beharko litzaioke».
EGOITZ OJINAGA Mungiako Danak Bat pilotazale elkarteko arduraduna

Joan den barikuan izan zen lehenengo jardunaldia. Amaia Irazustabarrena eta Naroa Saez nagusitu ziren lehen partidan, Haizea Salanuevaren eta Garazi Eizmendiren aurka: 2-0. «Irabazleak nagusi izan ziren, baina ez markagailuak erakusten duen bezainbeste: norgehiagoka parekatua egon zen jokoan», adierazi dute elkarteko kideek. Bigarren partidan, berriz, Nagore Martin eta Maialen Landajo gailendu ziren, Irati Purroy eta Leire Etxanizen kontra: 2-1. «Urdinek asko sufritutako garaipena lortu zuten, baina garrantzitsua izan zen lehen puntuak lortzeko eta sailkapenean atzean ez geratzeko».

Lehen jardunaldia igarota, gaur eta ekainaren 7an jokatuko dituzte hurrengo kanporaketak. Multzo bakoitzeko bikoterik onenek jokatuko dute finala, eta beste biak hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko lehiatuko dira. Egun berean izango dira bi partida horiek; ekainaren 16an, goizeko hamaiketan. Danak Bat saria ere banatuko dute: pilotaren balioak hoberen transmititzen dituen jokalariak jasoko du aitortza hori.

Mungiako Udalak, Danak Bat klubak eta Innpala enpresak antolatu dute txapelketa, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean.

Itzalpeko kirola

Mungian aspalditik errotuta dago pala, Ojinagak kontatu duenez: «Mungian palista profesional asko egon izan dira: Iñaki Ipiña, Claudio Beitia, Pedro Elgezabal… Eta, egun ere, zale asko etortzen dira partidak ikustera». Azken urteetan ospe handia lortu du gizonezkoen Urrezko Txapelketak, eta emakumezkoen artean ere hala izatea aurreikusten dute: «Azken urteetan Mungia erreferente izan da gizonezkoen Urrezko Pala Txapelketetan, eta emakumezkoetan ere hala izatea espero dugu».

Aurrera begira, haurrak zein gazteak erakartzea dute erronka: «Klubak lan asko egiten du esku pilota, zesta-punta eta pala haurrengana gerturatzeko». Alabaina, uste du ez dela euren lana soilik: «Telebistan esku pilota bakarrik erakusten denez, haur eta gazte gehienek kirol horretan jokatu nahi dute. Azkenaldian, zesta-puntak ere lortu du ospea. Beraz, espero dugu palak ere gero eta indar handiagoa hartzea. Oso kirol polita da, eta balio handiagoa eman beharko litzaioke».

Aurrelariak

Amaia Irazustabarrena.
 

Nagore Martin.

Irati Purroy.

Haizea Salanueva.

atzelariak

Naroa Saez.
Leire Etxaniz
.

Maialen Landajo.

Garazi Eizmendi.

datozen partidak

Gaur.

Purroy-Landajo / Irazustabarrena-Eizmendi.

Martin-Etxaniz / Salanueva-Saez.

Ekainak 7.

Purroy-Eizmendi / Salanueva-Etxaniz.
Martin-Saez / Irazustabarrena-Landajo
.

Ekainak 16. Finala.