Larreetan ahaztuta gera ez daitezen

Larreetan ahaztuta gera ez daitezen

​Euskal Herriko mendietan ugariak dira mota guztietako harri pilaketak. Ez dira haitz soilak, ez daude halabeharrez horrela jarrita: garai batean, beren hilak ehorzteko erabiltzen zituzten arbasoek. Horren erakusgarri da Karrantzako Armañongo ingurua. Kareharriz osatutako mendigunea da, eta zaila da harriz osatutako monumentu megalitikoak berezko paisaiatik bereiztea. Orain, baina, ondare hori babesteko, hamahiru kilometro inguruko ibilbide megalitikoa aurkeztu du Bizkaiko Foru Aldundiak: hamalau monumentu historikotatik igarotzen da. Ekainaren 8rako herri ibilaldi bat antolatu dute, ingurua ezagutzeko.

Bizkaiko dolmenen «ia erdiak» Karrantzako Haranean daudela azpimarratu du Agiri arkeologia elkarteko kide Juan Carlos Lopez Quintana arkeologoak —135 dolmen inguru daude Bizkaian—. «Armañongo estazioan hamalau daude», zehaztu du. Trikuharriak dira erdiak, eta tumuluak beste erdiak. Trikuharriak hildakoak ehorzteko hil ganberak dira. Lurrean sartutako bi harri ditu, eta gainean, hirugarrena, estalkia. Tumuluak, berriz, harri eta lur multzoak dira, eta hildakoen errautsak gordetzeko egiten zituzten.

Karrantzako El Suceso auzoan abiatzen da ibilbide megalitikoa, eta Armañongo parketxera arte heltzen da. Antropologoak aspaldi hasi ziren ingurua ikertzen: Gorrotxategi familia eta M. J. Iarritu 1959 eta 1975 bitartean ibili ziren ikertzen, eta, gerora, beste hainbat indusketa egin dira. Agiri elkartea 2010ean eta 2022an ibili zen, hurrenez hurren. Lan horien ondoren osatu zuten ibilbidea, eta monumentuak «ikusteko eta antzemateko moduan» jarri dituzte orain.

Agiri arkeologia elkarteko kideak, 2022an, Armañongo ingurua ikertzen. AGIRI ARKEOLOGIA ELKARTEA

Hamalau monumentu historikotako multzotik, baina, La Lama tumulua da interesik handiena duena, Lopezen hitzetan: «Bizkaiko bost monumentu handienetako bat da». Armañon mendiaren hegoaldean dago, hogei metroko diametroa eta 2,40 metroko altuera ditu. Bi eraikuntza aldi bereizten dira bertan: «Lurrez egindako tumulu bat eraiki zuten lehenik, eta, haren gainean, harriz egindako egitura bat jarri zuten gero». Horrez gainera, Biroleo I izenekoa ere «berezia» da arkeologoarentzat: «Bizkaian zista modura definitzen den bakarra da».

Biroleo I zista, artxiboko irudi batean. AGIRI ARKEOLOGIA ELKARTEA

Ibilbideari buruzko informazio guztia liburuxka batean bildu dute, eta Armañongo parketxean, Karrantzako turismo bulegoan eta Armañongo parkeko informazio gunean jarri dute eskuragarri. QR bat ere jarri dute, webgunera jo ahal izateko.

ARMAÑONGO IBILBIDE MEGALITIKOa

Ibilbidea:
Hamahiru kilometro. Karrantzako El Suceso auzotik Armañongo parketxera arte.

 Sarrera:
Doan.

Kontaktua:
94-656 00 79 telefono zenbakira deituz edo armanon.parke.naturala@bizkaia.eus e-postara idatziz.

Webgunea:
Arkeoagiri.org/armanon-ibilbidea/.