Zinemagileen Artean jaialdiarekin batera, emakumeentzako zinema tailer bat ere antolatzen du urtero KCD erakundeak. «Ikus-entzunezkoen bitartez gizartea eraldatzea» izan dute helburu nagusi aurten, eta EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkarteko emakumeekin elkarlanean aritu da Itxaso Diaz zinemagilea (Gallarta, Abanto, 1976). Elkarren laguntzaz, Zaintzen duten emakume baserritarrak bideoa sortzea lortu dute. Hilaren 28an izango da estreinaldia, 19:00etan, Bilboko Azkuna zentroan. Horren ostean, lanaren inguruan eztabaidatzeko saioa egingo dute, Alicia San Juan kazetariak gidatuta.
Zergatik aukeratu zenuen EHNE elkartea Zaintzen duten emakume baserritarrak bideoa egiteko?
EHNEko emakumeek publikatu berri duten izen bereko argitalpen batean oinarrituta dago bideoa. Aldez aurretik, haiekin lan egiteko gogoa genuen, baina, argitalpen hori irakurri genuenean, iruditu zitzaigun ideia ona zela haien mezua ikus-entzunezko eduki bihurtzea. Ideia proposatu genien, eta baietz esan ziguten.
Hiru emakume baserritarren istorioa kontatzen da bideoan.
Zaintzaren hiru ikuspegi desberdin eskain zitzaketen EHNEko hiru emakumerekin hitz egin genuen, lurraren zaintza, animalien zaintza eta zaintza produktiboa eta ugalketa uztartu nahi genituelako, bereziki. Berenice da protagonistetako bat: lau hilabeteko haur bat du, eta, horrez gain, herritarren elikaduraz arduratu behar du, baserriko animaliak eta lurrak behar bezala zainduz. Alde horretatik, uste dut ez diogula garrantzirik ematen jaten ditugun elikagaien jatorriari; emakume horiek, ordea, behar bezalako balioa ematen diete zero kilometroko produktuei eta tokiko kontsumoari.
Esango zenuke bideoak modua ematen duela kontsumo ohituren inguruan hausnartzeko?
Bai. Eta esango nuke, gainera, proiektu luzeago baten abiapuntua ere izan daitekeela. Sei minutuko film laburra da, baina emakume baserritarrek oso mezu indartsuak dituzte helarazteko, publikatu berri duten argitalpen horretan adierazi dutenez. Izan ere, ezinbestekoa da eguneroko kontsumo ohituretan arreta jartzea, gero eta gaixotasun eta minbizi gehiago daudelako. Askotan, supermerkatuetan erosten ditugu produktuak, irakurri gabe zelan egin dituzten, eta gure bizi erritmoaren ondorioa da hori. Presaka ibiltzeak produktu ekologikoak erosteko denbora kentzen digu.
Egoera hori aldatzeko, zer irtenbide proposatzen dute baserritarrek?
Bizi erritmoa birmoldatzea, norberaren inguruko ekoizleei elikagaiak erosi ahal izateko. Euskal Herrian, zehazki, baserri, lur eta animalia tradizio handia dago, eta hori guztia galtzea oso tristea izango litzateke. Badaude emakumezko baserritar gazteak horren alde borrokatu nahi dutenak eta hori lortzeko behar beste lan egiteko prest daudenak. Kontsumorik ez badago, ordea, hori guztia desagertu egingo da.
Pozik zaude egindako lanarekin?
Oso. Zinemagile moduan egin dudan bakarra zera izan da, emakume baserritar horien beharrak eta helarazi nahi zuten mezua moldatzea. Alde horretatik, lanaren autoretzak ez dit axola; EHNEko emakumeekin elkarlanean garatutakoa da proiektua. Hain zuzen, dakidan guztia emakume horien eskuetan utzi dut, ahaldundu daitezen eta euren helburuak betetzeko aukerak izan ditzaten.