Getxo prest dago 46. Ibilaldia ospatzeko, antolatzaileek ziurtatu dutenez. 22 urteren ondoren, herrira itzuliko da Bizkaiko ikastolen jaia, etzi. 11:00etan, «euskaraz txonbo egitera» gonbidapena egin dute Josune Bañales Bizkaiko Ikastolen Elkarteko ordezkariak, Gaizka Arrizabalaga Getxoko San Nikolas ikastolako zuzendariak eta Unai Arzubiaga ikastolako lehendakariak. Jaia lau gunetan banatuko da, eta arratsaldeko zazpiak arte luzatuko da.
Ibilaldi honen antolatzailea San Nikolas ikastola da. Getxon sortu zuten, 1963. urtean. Klandestinitatean aritu ziren lehenengo urteetan, berrehun ikasleri baino gehiagori euskarazko eskolak ematen. 1971n ofizialki erregistratu zen, kooperatiba gisa. Gaur egun, ikastolak mila ikasle baino gehiago ditu, zazpiehun familia eta 140 langile inguru.
Getxon ospatuko duten laugarren Ibilaldia izango da domekakoa. Aurrekoak 1978an, 1984an eta 2002an izan ziren. Bizkaiko ikastolen aldeko azken jaia Ondarroan ospatu zuten, iaz. «Iruditzen zitzaigun badela garaia Getxok ere bultzada bat emateko Ibilaldiari; baita inguruko eragileekin eta erakundeekin bat jaia ospatzeko ere», esan du Arzubiagak.
Txonbo leloak euskaraz murgiltzera bultzatzen du, Arzubiagak azaldu duenez: «Txonbo berbak esan nahi du uretan murgiltzea, eta gure nahietako bat hori da: jendea euskaraz murgiltzea eta blaitzea».
Lau gune
Antolakuntzak lau gune jarriko ditu, eta herrian zehar sakabanatuta egongo dira. Bakoitzean eskaintza berezi batez gozatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.
Lehenengo gunea San Nikolas ikastolan egongo da, eta han emango diote hasiera domekako jaiari. Inguruko agintariak eta beste ikastola batzuetako ordezkariak gonbidatuta daude hasierako ekitaldira. Klima aldaketako tailerra eskainiko dute gune horretan, eta umeentzako puzgarriak ere egongo dira.
Ibilaldiko bigarren gunea «Getxoko kulturan eta tradizioetan murgiltzeko gune ezin hobea izango da», Arrizabalagaren hitzetan. San Nikolas plazan egongo da. «Hezkuntza komunitatearentzat San Nikolas plaza geu elkartzeko tokia da urte osoan», kontatu du ikastolako zuzendariak. Familiarekin gozatzeko gunea izango da: puzgarriak eta azoka izango dira bertan.
Algortako Portu Zaharrean jarriko dute hirugarren gunea. Egitarauan dauden ekitaldiez gain, suhiltzaileak egongo dira, eta Euskaltel txirrindularitza tailerra egingo da. «Hirugarren gunea oso entzutetsua izango da, denok maite dugulako Algortako Portu Zaharra», nabarmendu du Arrizabalagak.
Ereaga hondartzan izango da laugarren gunea. Zientzia eta jasangarritasuna izeneko gunea egongo da, baita Euskrania eta Atfal ere. «Familia guztiontzako ekintzak» eskainiko dituzte gune horretan.
Ibilaldia dela eta, zenbait aldaketa izango ditu trafikoak Getxon, goizeko bederatzietatik iluntzeko zortziak arte. Besteak beste, Areneazpi, Villamonte, Elizondo eta Bolue kaleak itxiko dituzte. Algortako etorbidea eta Portu Zaharra ere itxita egongo dira.
46. ibilaldia
1. Gunea – Ikastola.
11:00. Erronka.
11:00. Itxartu dantza taldea.
11:00. Topaketa HH.
12:30. Tor magoa.
13:00. Zurrumurruen aurkako ipuin kontaketa.
13:30. Kadira.
13:30. Aurpegia margotzeko eskulanak.
14:00. Herri bazkaria.
15:00. Bertsolariak.
16:30. Yogurinha.
17:30. DJ Kaktus.
2. gunea – San Nikolas plaza.
11:00. Kimetz eta Biotz Alai.
11:00. Topaketa LH 5-6.
11:00. Erronka DBH 3-4.
12:30. Zazi eskola eta Agurra dantza taldea.
13:00. Herri kirolak.
13:30. Haszten.
14:00. Zuriketan Beltz.
15:30. Tailerrak, Eskubeltz Eskaut Taldea.
15:30. Itxas Argia dantza plaza.
18:00. Bele.
3. gunea – Algortako Portu Zaharra.
11:00. DJ Muxutritzzzz.
11:00. Topaketa LH 1-2.
12:30. Nazka.
13:00. Zirku tailerra.
14:00. Itziarren Semeak.
15:30. Xiberoots.
17:00. DJ Bull.
4. gunea – Ereagako hondartza.
11:00. Estitxu Robles.
11:00. Topaketa LH 3-4.
12:00. Zumba.
13:00. Egurrezko jolasak.
14:00. Kiki, Koko eta Moko pailazoak.
15:30. Goazen!.
16:30. Bitsa festa.
17:00. Bidean erromeria.