Bizkaiko museoak ere dibertigarri

Bizkaiko museoak ere dibertigarri

​Museoek egiten duten lanari ikusgarritasuna eta balioa emateko, Museoen Nazioarteko Eguna izango dute bihar Bizkaian. Museoak hezkuntzaren eta ikerketaren alde da aurtengo leloa, eta hori ardatz hartuta, jarduera bereziak egingo dituzte lurraldeko hainbat museok. Berrogei zentro baino gehiagok hartuko dute parte Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako ospakizunean, eta gehienek doako sarrerak eskainiko dizkiete bisitariei. Urtero bezala, «kultur eskaintza oparoa» prestatu dute, eta museoetara joateko ohitura ez duten pertsonentzako aukerak ere izango dira. 

Duela astebete aurkeztu zuen Museoen Nazioarteko Eguneko programazioa Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura diputatuak, eta kultur eragile horien alderdi didaktikoaren garrantzia azpimarratu zuen orduan: «Programazioak alderdi hezitzailea du beti; horrek aukera ematen digu hainbat gairi buruz ikasteko, modu atseginean eta dibertigarrian».

Asier Madarieta izan da Museoen Nazioarteko Eguneko programazioaren koordinatzailea Bizkaian, eta hark ere bat egin du Arrizabalagarekin. «Museo hitzak atzera botatzen gaitu batzuetan, bertan eskuratu dezakegun ezagutza aspergarritasunarekin lotzen dugulako. Gure museoek kontrakoa egiten dute, ordea: edukiak oso ondo lantzen dituzte, eta oso interesgarriak eta profesionalak dira», azaldu du.

Bizkaiko museoetako edukien kalitatea kontuan hartuta, beraz, ahalik eta herritar gehienen arreta piztea dute biharko xede nagusia; hala zehaztu du koordinatzaileak: «Guri ez zaigu hainbeste axola hilaren 18an jendea etortzea; helburua da jakinda museoak badaudela eta urte osoan era guztietako ekintzak egiten dituztela, jendeak aukeratu dezala beste egunen bat museoren batera joateko».

Museoak bisitatzen dituzten pertsonen profilari dagokionez, aldakorra dela esan du Madarietak. Aste barruan, ikasleak eta irakaskuntzarekin nolabaiteko harremana duten taldeak agertzen dira gehienbat museoetara; «nagusien elkarteak edo antzeko beste batzuk ere izan daitezke». Asteburuan, berriz, bikoteak, familiak, lagunez osaturiko taldeak eta banakoak izaten dituzte bezero nagusi. «Museoen Nazioarteko Egunean, hainbat bisitari etortzen zaizkigu, baina gehienek asteburuetako publikoaren profilarekin bat egiten dute», jakinarazi du Madarietak.

«Atzerrira bidaiatzen dugunean, asko dakigu bisitatuko dugun herrialde horretako museoei buruz; gure inguruan ditugunak, baina, ez ditugu kontuan hartzen».
ASIER MADARIETA Museoen Nazioarteko Eguneko Bizkaiko koordinatzailea

Museoen Nazioarteko Eguneko kultur eskaintzari begira, ordea, Madarietak aitortu du hobetzeko hainbat kontu dituztela. «Askotan, turistengan pentsatzen dugu lehenengo, baina hasierako lanak izan beharko luke berton bizi direnei ezagutaraztea euren lurraldean zer dagoen. Alde horretatik, oraindik badago zer egin». Dena den, azaldu du Bizkaiko herritarrak atzerrira doazenean ere gauza bera gertatzen dela: «Atzerrira bidaiatzen dugunean, asko dakigu bisitatuko dugun herrialde horretako museoei buruz; gure inguruan ditugunak, baina, ez ditugu kontuan hartzen».

Oro har, hartzen dituzten bisitarien emaitzak hobeak izan ahal badira ere, Madarietak onartu du Bizkaian Museoen Nazioarteko Egunak askotariko jendea erakartzen duela urtero, eta pozik daude halako jarduerek izaten duten harrerarekin.

Askotariko aukerak

Arkeologian interesa duten bisitariek, esaterako, hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izango dute. Egunero bisitatu ezin diren gelak, biltegiak eta piezak ikusgai jarriko ditu Bilboko Arkeologia museoak. Bestalde, Plentzia, aztarnategi arkeologikoa aldi baterako erakusketa inauguratuko du herri horretako Plasentia Butron museoak. Plentziako historia bertako ondarearen bitartez ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte biharko, eta, horrez gain, erakusketaren diseinuari buruzko hitzaldia eta luntxa eskainiko dituzte. Gainera, Santimamiñeko (Kortezubi) koba ikusteko bisita gidatuak doakoak izango dira.

Hain zuzen ere, bisita gidatuak gustatzen zaizkien lagunek doako hamaika aukera izango dituzte Bizkaiko museoak ezagutzeko. Besteak beste, Balmasedako Pasio Bizidunaren Museoa, Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, La Encartada Fabrika-Museoa, Muskizko Burdinola, Portugaleteko Rialia Industria museoa eta Santurtziko Agurtza itsasontzia bisitatu ahalko dituzte sarrerarik ordaindu gabe.

Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak (Abanto) ere doako bisitak eskainiko dizkie, eta, gainera, Serantes Kultur Aretoan (Santurtzi) emango duten Obsoletus antzezlanerako sarrerak zozkatuko dituzte. Dolomiten Antzinako Fabrikaren Museoak (Karrantza), lantegi baten funtzionamendua zein den ezagutzeko bidaia berezia eskainiko du: bisitariek euren zentzumen guztiak erabili beharko dituzte esperientziaz gozatu ahal izateko.

Adin guztietarako tailerrak ere egingo dituzte museo batzuek. Egiptoko eta Greziako mitologia ezagutzeko Ni Neu, Isis, Señora de Todas las Tierras izeneko erakusketan oinarritutako mikrokontakizunen tailer autonomoa eskainiko du Bilboko Berreginen Museoak; teknologia eta sormena uztartzeko Art Bot tailerra emango du Durangoko Arte eta Historia museoak; eta umeentzako tailerrak egingo ditu Bilboko Itsasmuseumek.

Yoko Onoren ‘Bilborako nahien zuhaitza’. Bilboko Guggenheim museoan dago, eta 2019ko maiatzaren 18an aktibatu zuten, Museoen Nazioarteko Egunaren harira. Bihar ere martxan egongo da. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Bestelako jarduera kulturaletan ere murgildu ahalko dira bisitariak. Bilboko Guggenheim museoak, adibidez, Yoko Onoren Desioen Zuhaitza aktibatuko du bihar. Orduña Hiria museoak harpa eta biolontxelo kontzertua eskainiko du, eta Euskal Abertzaletasunaren Museoak (Bilbo) Mendirik Mendi. Euzko Mendigoizale Batza erakusketari emango dio hasiera. Dimako Antzasti museoak, gainera, kopa bat txakolin oparituko dio bihar museoa bisitatzen duen orori, eta Bizkaiko Zubiak %20ko deskontua egingo die bidaiariei. Era berean, Amets Arzallusen Miñan liburua aurkeztuko du etzi Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar museoak; Ibrahima Balde Gineatik Euskal Herrira iritsi zeneko istorioa kontatzen du. 

Museoen Nazioarteko Egunean eskainiko dituzten jardueretan parte hartu nahi duten guztiek erreserba egin beharko dute aldez aurretik, dagokion museoarekin harremanetan jarriz eta orduak kontsultatuz. 

Berrikuntza bat

Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko helburuarekin, gainera, Bizkaiko museoen aberastasuna ezagutarazteko ihes gela bat prestatu du aldundiak aurten lehen aldiz. Bihar izango da, Bilboko Campo Volantin pasealekuan. 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta bertaratuko diren bisitariek Bizkaiko museoen mapa eskuratzeko aukera izango dute.

Publiko guztientzako proposamena da, eta museoek eskaintzen duten aberastasunaren, kulturaren eta ikerketen inguruan ikasteko aukera eman nahi die bisitariei. Madarietak ziurtatu duenez, baina, izen emate guztiak beterik daude jada: «Ihes gela antolatzea izan da modu bat kalera irteteko eta jendea erakartzeko. Museoek dituzten aukerak ezagutarazi nahi izan ditugu eta, egia esan, izugarrizko arrakasta izan du».

HERRITARREN KONTZIENTZIA PIZTEKO EGUNA

Museoen Nazioarteko Kontseiluak 1977an izendatu zuen maiatzaren 18a Museoen Nazioarteko Egun gisara. Berrogei urte baino gehiago igaro dira ordutik, baina oraindik ere kulturarekin harreman estua duten ekitaldi bereziak prestatzen dituzte mundu osoan. Iaz, esaterako, 158 herrialdetako 37.000 museok egin zuten bat Museoen Nazioarteko Egunarekin; besteak beste, Euskal Herriko batzuek hartu zuten parte. Jasangarritasunarekin eta ongizatearekin lotutako gaiak landu zituzten orduan museoek; aurten, berriz, hezkuntza eta ikerketa izango dira erakusketetako ardatz. 

Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, kultura aberastasunaren eragile garrantzitsuak dira museoak: alde batetik, kultura desberdinen arteko trukeak ahalbidetzen dituzte, eta, beste alde batetik, «lankidetza eta bakea garatzeko tresnak» dira. Hain justu, herritarren kontzientzia pizteko baliatuko dute aurten ere biharko eguna, eta, horretarako, hilabete osorako jarduerak antolatu dituzte Bizkaian. Maiatzaren 26an izango da azkena, Bakioko Txakolin Museoan: Bizkaiko txakolina eta Italiako ardoak dastatuko dituzte. 12:00etan izango da, eta hamabost euro balioko du sarrerak.