Esangura berezia du Bizkargi mendiak Zornotzan, Larrabetzun, Muxikan, Morgan eta inguruko herrietan: memoriaren lekuko zuzena da. 1937an, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala, Espainiako tropa frankistek airez eta lurrez eraso zioten mendiari. 11 egunez egon ziren gerran, eta, borrokaldi luze horien ondotik, faxistek tontorra bereganatu zuten. Ordutik, efemeride hori gogoratzen dute Santa Kurtze egunaren bueltan: maiatzaren 3aren hurrengo domeka aldarrikapen, jai eta ospakizun egun nagusia izaten da. Aurten, etziko eguna. Bizkargi Gogoratuz elkarteko kideek egun osoko egitaraua prestatu dute, eta «milaka lagun» espero dituzte.
Trikitilariekin hasiko dute Bizkargi Eguna, goizean goizetik: Soinu Txikie taldea arituko da giroa alaitzen. Eguneko ekitaldi nagusia 12:30ean egingo dute. Aurten, 36ko gerran hil ziren gudariak omenduko dituzte, Juanlu Artabe Bizkargi Gogoratuz elkarteko kideak aurreratu duenez. Horren harira, Aranzadi elkarteko kideak ere gonbidatu dituzte: «Zornotzako hilerrian hainbat milizianoren eta gudariren gorpuzkiak aurkitu dituzte, eta aitortza moduko bat egin nahi izan diegu: lan horien aurrerapenen berri emango dute Euskal Prospekzio taldeak eta Aranzadi elkarteak».
«Jai giroa eta memoria uztartzen ditu Bizkargi Egunak, eta transmisio lan hori belaunaldiz belaunaldi gauzatu da».
JUANLU ARTABE Bizkargi Gogoratuz elkarteko kidea
Zornotzan aspalditik jakina zen gerran hildako hainbat lagun hilerrian lurperatu zituztela, baina joan den urtera arte ez zituzten abiatu bilatze lanak. Hobiaren lehen partean, abenduan, 54 gorpuzki aurkitu zituzten, eta, martxoan, alboan lurperatuta zeuden beste hamalau gorpuzki aurkitu zituzten. «Esaten dute balitekeela Zornotzakoa Bizkaiko hobirik handiena izatea», gaineratu du Artabek.
Omenaldiaren ondotik, Larrabetzuko Bizkargi dantza taldearen erakustaldia eta bertso saioa izango dira, besteak beste. Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta Xabier Arriaga Txiplas ariko dira kantuan. Hori bukatuta, erromeria egingo dute, Kittu taldearekin. Izan ere, Artaberen hitzetan, bi ardatz nagusi ditu Bizkargi Egunak: memoria historikoa eta erromeria. «Oroimena bai, baina ondo pasatzeko eguna ere bada, nola ez».
Ermita Etxanoren jabetzakoa dela aldarrikatzeko, Etxanoko ordezkariek txuzoa edo aginte makila sartuko dute lurrean, urtero legez.
Ondare immateriala
Zornotzako Udalaren eskariz, Bizkargin santikurutzak dokumentala aurkeztu zuen joan den azaroan Labayru fundazioak. Denera, hamazortzi herritarren testigantzak jaso dituzte, eta Bizkargiri buruzko kontakizun pertsonalak izan dituzte ardatz. Batzuek Bizkargin ospatzen den Santa Kurutz egunaz hitz egin dute. Meza kontuak ere izan dituzte hizpide, errogatibak eta letaniak ere egiten baitziren aspaldi; beste batzuk maiatzaren 3ko erromeriaz aritu dira…
Izan ere, Artaberen iritziz, «ondare immateriala» da Bizkargi Eguna: «Jai giroa eta memoria uztartzen ditu Bizkargi Egunak, eta transmisio lan hori belaunaldiz belaunaldi gauzatu da». Urterik urtera, tinko eutsi diote ospakizunari Bizkargi Gogoratuz elkarteko kideek, baina, jaiaz eta erromeriaz harago, oroitzapen eta aldarrikapen eguna ere badela gogorarazi du Artabek: «Oroimena, justizia eta egia aldarrikatu behar ditugu».
Bezperan ere ekitaldiak
Domekaz gainera, bezperan, Bizkargira igotzeko deia egin dute Larrabetzuko, Gernika-Lumoko, Zornotzako, Mungiako eta inguruko herrietako Ernaiko kideek, Bizkargi loratuz, herrian errotu izenburupean. Herri bakoitzetik antolatu dituzte irteerak, eta tontorrean elkartuko dira guztiak. Handik, Larrabetzura jaitsiko dira, eta egun osoko egitarau zabala prestatu dute. Mahai inguru batekin abiatuko dituzte jarduerak, 12:00etan: Ainhoa Egiluz, Maialen Arteaga eta Imanol Ziluaga arituko dira solasean. 13:30ean ekitaldi nagusia egingo dute, eta, haren ondotik, bazkaria eta trikipoteoa egingo dituzte. Gauean, Larru eta lagunak eta DJ Bizkargi arituko dira Aretxabalan eta Horibai gaztetxean, hurrenez hurren.
Maiatzaren 12an Sollubeko gudariak omenduko dituzte Mañun
1937ko maiatzeko lehen hamabostaldian gertatu zen Sollube mendiko guda. Gernikan sartu ostean, Italiako faxistek Bilbora joateko bide luzea hartu zuten, Bermeorantz eginda. Itsasoaren eta Sollube mendiaren artean topo egitean hasi ziren borrokaldiak, eta, mendian hildako gudariak ez ezik, herrietan ere makina bat herritar hil zen airetik egindako bonbardaketengatik. Efemeride hori aintzat hartuta, borrokaldi haietan zendu ziren gudariak omenduko dituzte Sollube 1937 elkarteak eta Sare Antifaxistak. Maiatzaren 12an egingo dute ekitaldia, 13:00etan, Bermeoko Mañu auzoan. 75. urteurrenarekin hasi ziren memoria historikoa berreskuratzeko ekitaldiekin, eta, ordutik, urtero egiten dute.