Osakidetzako murrizketak salatzen ari dira oraindik ere Lekeition

Osakidetzako murrizketak salatzen ari dira oraindik ere Lekeition

​Aspalditik dabiltza Lea-Artibaiko herritarrak Osakidetzak eskualdean duen egoeraz kexatzen. Horietan larriena, baina, Lekeitioko egoera da: pediatra, emagina, ginekologoa eta larrialdietako zerbitzuetan hutsunea dagoela salatu dute hainbat herritarrek. Geldirik egonda konponbiderik aurkituko ez dutela iritzita, SOS Haur eta Emakumeak taldea sortu dute, eta elkarretaratze jendetsuak egiten ari dira. Horrez gainera, sinadura bilketa bat ere abiatu dute, eta, oraingoz, 1.500 bildu dituzte.

Pediatria zerbitzua falta zelako hasi ziren Lekeitioko herritarrak lehenengo kexak egiten, Marina Entziondo Txakartegi SOS Haur eta Emakumeak taldeko kideak kontatu duenez: «Gure pediatra Bilbora lekualdatu zenez, lekualdatze lehiaketa bat egin zuten, baina inork ez zuen aukeratu Lekeitioko lanpostua». Entziondoren ustez, «lan baldintza eskasak» dira hutsune horren arrazoia, beste kontu batzuen artean: «Pediatra batek zortziehun paziente izan behar ditu, gehienez, arreta egoki bat eskaintzeko. Lekeitioren kasuan, 1.021 paziente daude Osasun Txartel Indibidualarekin. Kopuru horri txartelik gabeko pazienteak gehitu behar zaizkio, baita opor sasoian herrira datozen udatiarrak ere».

Ez da hutsune bakarra: 2014tik ginekologia zerbitzurik gabe daude herrian. «Potxuak taldeak eta udalak hitzarmen bat sinatu zuten Osakidetzarekin, eta bertan jasotzen zen gehienez hilabeteko itxaron epean ginekologo batek artatu behar gintuela». Hitzarmena ez zen bete, eta, pandemiaren ondotik, desagertu egin da ginekologia zerbitzua Lekeition: «Herritarrok Gernika-Lumora joan behar dugu, eta errepidea ez da batere ona».

«Denoi eragiten digun arazo bat da Osakidetzarena: zerbitzuak ezinbestekoak dira herritarrentzat, ezin gara geratu horiek gabe». 
MARINA ENTZIONDO TXAKARTEGI Lekeitioko SOS Haur eta Emakumeak taldeko kidea

Emaginak abuztuan edo irailean hartuko du erretiroa, Entziondok aurreratu duenez. «Orain arte, emaginak baja edo oporrak hartzen zituenean ez zen ordezkorik jartzen». Orain, beraz, «arriskuan» ikusten dute zerbitzu hori: «Ez gara fio».

Hiru zerbitzu horiez gainera, etengabeko arreta guneetako egoera ere salatu du SOS Haur eta Emakumeak taldeak. «Egun batean baino gehiagotan ez da medikurik egon larrialdi zerbitzuetan», azpimarratu du Entziondok. «Erizainek artatu ezinezko larrialdia bada, Gernikara eraman behar dute gaixoa. Lekeitiotik urrun daude ospitaleak». Horren harira, Laudion (Araba) iaz hil zen 42 urteko gizona izan du hizpide taldeko kideak: «Heriotza hark agerian utzi zuen etengabeko arreta guneekin dagoen arazoa».

Lekeitiotik harago, inguruko herri txikietako biztanleek ere Lekeitioko anbulatoriora joan behar izaten dute, eta haiek ere zerbitzurik gabe daudela salatu du Entziondok. Tartean, Amorotoko, Gizaburuagako, Aulestiko, Mendexako, Ispasterreko eta Eako herritarrak. «Ez da lekeitiarron arazoa soilik».

Denen inplikazioa

Egoera salatzeko, elkarretaratzeak egiten hasi dira Lekeition, baita sinadura bilketa bat egiten ere. Oraingoz, 1.500 sinadura inguru jaso dituzte: «Oso pozik gaude herritarren erantzunarekin. Denoi eragiten digun arazo bat da Osakidetzarena: zerbitzuak ezinbestekoak dira herritarrentzat, ezin gara horiek gabe geratu». Datozen egunetan, idatzi bat bidaltzeko asmoa dute Osakidetzara, eta, erantzunik jaso ezean, arartekoarekin jarriko dira harremanetan.

Lekeitioko Udala ere lanean ari da arazoari irtenbide bat emateko: apirilaren 28an, esate baterako, Mario Lopez Mateo herriko osasun etxeko zuzendariarekin bildu ziren. Herritarren eskariak betetzeko eskatu zien zuzendariari, eta egoera konpontzeko «euren esku dagoen guztia» egiten jarraituko dutela adierazi du udalak: «Herritarrak ondo bizitzea da udalaren helburua, eta, horretarako, kalitatezko zerbitzu publikoak behar ditugu. Lanean jarraituko dugu egoera konpondu arte». Martxoan, mozio bat aurkeztu zuten, Lea-Artibain Osakidetza gaixorik dago lelopean.

Udalaz gainera, kirol eta kultur eragileen atxikimendua ere lortu nahi du SOS Haur eta Emakumeak taldeak. «Denon inplikazioa funtsezkoa da egoera aldatzeko». Izan ere, halako erabakien bitartez «Osakidetza pribatizatzeko urratsak» egiten ari dela salatu dute taldeak: «2023an Osasun Sailak 269 milioi euro inbertitu zituen osasun pribatuan, aurreko urtean baino %9 gehiago». Gaineratu dute abandonu sentipena «itzela» dela udalerrian: «Enpresa pribatuei milioika euro ematen zaizkien bitartean, sekulako murrizketak egiten ari dira Lekeitio bezalako osasun zentroetan. Ez dago eskubiderik».